Palestinako koiuntura azterketa
Mugimenduak Palestinako eremu politikoan.
Kairon Palestinako alderdi guztiek adosturiko hitzarmenean martxoa amaitu baino lehen Batasun Nazionaleko Gobernua osatzea erabaki zuten. Hamas eta Al-Fatah ezezik PAHF, PAFD, Jihad Islamikoa eta beste alderdiek ere hitzarmen honetan parte hartu dute. Batasun Nazionaleko Gobernu honek izanen duen ibilbidea oraindik jakiterik ez badago ere, azken urteotako jarduera politikoan aldaketa sakona suposatzen duela esan genezake.
Mahmud Abbas buru duten Al-Fatahko agintariek orain arte Israel eta AEBekin burutu duten negoziazio antzuaren jarduera alde batera uztera behartu dituzte. Gazan pairaturiko sarraskiaren ondoren -1.300 hildako baino gehiago-, ezinezkoa zen etsaiarekin izandako mintzaldiekin jarraitzea. Batez ere, elkarrizketa horiek Israelen okupazioa mantentzeko baino balio ez dutenean eta palestinarrek hortik onurak ateratzea ezinezkoa denean.
Bai Hamas bai Gazan borrokan izan diren beste alderdiek -PAHF, Jihad Islamikoa- argi eta garbi erakutsi dute sionistekin suetena lortzeko blokeoa eta erasoekin amaitu beharra zegoela. Ildo berean, Batasun Nazionala okupatzaileei aurre egiteko tresna izan behar dela nabarmendu dute, ez Al-Fatahko agintari ustel talde batek bizi-kalitatea mantentzeko.
Egoera honen aurrean, Al-Fatahko buruek men egin behar izan dute. Ez zuten beste aukerarik. Kontuan izan behar da ere Al-Fatahren barnean kontraesan handiak daudela eta agintari ustelen aurrean kritikoak direnak indarra hartzen direla. Gauzak horrela, Hamasekoak azkarrak izan dira. Gazan bahituta daukaten Gilad Shalit soldadu israeldarra askatzeko Al-Fatah lider kritiko Marwan Barghouti, israeldarren espetxe batean preso dagoena, libre uzteko eskatu dute beste preso askorekin batera.
PAHFeko idazkari nagusi Ahmad Sa'adaten askatasuna ere ezinbestekotzat jo dute. Modu honetan, Hamasekoek erresistentziaren aldeko hautua egin duten borrokalarien askatasuna negoziazioen oinarrian jarri dute. Beste aldean, Abbasek sosak baino ez ditu lortu.
Kontuan izan behar da ere Israelen osatuko den Gobernu berria, Benjamin Netanyahuk ultraeskuindarrekin eta ultraortodoxoekin osatuko duena, orain arte Kadima eta Alderdi Laboristak burutu duten sasinegoziazioarekin jarraitzeko asmorik ez dutela, nahiz eta Israel prozesu horretatik onurak atera dituen bakarra izan.
Beraz, hilabete edo aste gutxiren bueltan, Abbasek ez du izanen norekin ezer negoziatzeko aukerarik. Are gehiago, Israelen ohartu dira Abbasek ez duela negoziazio horretan ezer eskeintzerik. Nahiz eta Hamas terrorista dela esan, Israelen Shalit askatzeko beraiekin hitz egitera behartua izan da. Libanon Hezbollahrekin egin zuen bezala. Izugarrizko kostea badu ere, erresistentzia bide bakarra dela frogtu dute berriz palestinarrek.
Horregatik, Abbas Hamas eta beste alderdiekin hitz egitera behartua izan da, horretarako Nazioarteko Moneta Funtsako (FMI) funtzionari ohi den Salam Fayyad lehen ministro postutik botatzera behartu badute ere. Gogoratu behar da Hamasek Fayyaden Gobernua ez zela zilegi esan duela behin eta berriz, alderdi islamista nagusi den Parlamentuaren oniritzia jaso ez zuelako.
Etorkizunera begira Kairon harturiko beste erabaki bat biziki garrantzitsua izan daiteke, Palestina Askatzeko Erakundea (PAE, OLP historikoa) erreformarena.
Erakunde hau Palestina askatzeko borrokan lan handia burutu zuen hamarkada askotan, baina Osloko Akordioen ostean Al-Fatah agintari ustelen politika antzuan murgildu zen. Hamas bera PAEri eta politika horri aurre egiteko sortu zen. Halere, bere jarduera historikoaz gain, palestinar guztien ordezkari da PAE, bai Palestinan bizi direnean bai erbestean errefuxiatuena. Beraz, erakunde hau berriro Palestina askatzeko bidean jartzea aurrerapausu garrantzitsu izan daiteke.
Kairoko hitzarmenak palestinarren askatasunerako ildo bat ireki badezake ere, Mendebaldeko potentziek ez dute begi onez ikusten. Hor kokatzen da Gaza berreraikitzeko Sharm el-Sheijen burutu berri den bilera. Mendabaldeko herrialdeak prest daude diru ugari mahaiaren gainean jartzeko, baina soilik Abbasen eskuetan jartzen baldin bada. Beste behin, Hamasek ezingo duela diru hori gestionatu nabarmendu dute, nahiz eta alderdi honen eskuetan egon Gazako Gobernua eta Israelen erasoa modu zuzenean pairatu badu ere.
Honekin batera, AEBtako Barack Obamaren Gobernu berriaren Estatu idazkari Hillary Clintonek argi utzi du Washingtonek Israelen alde egiten jarraituko duela. Honekin batera, bi estatuen sasikonponbidearen alde eginen duela nabarmendu du.
Hitz politen atzetik, sasikonponbide honek ez du ezertarako balio, ez baitu Israelek
azken urteotan altxatu duen Apartheidaren Harresia edo kolonien aurka egiten. AEBek -eta EB-k- defendatzen duten proiektu honek sortuko zen "estatu" palestinarra Israelen menpe egotera kondenatuko luke. Ezinezkoa da estatu normalizatu eraiki egungo lurralde banaketarekin. Hori ez da gatazka konpontzea okupazioak egun ezarri duen egoera mantentzea baino.