Atenco gogor borrokan!!!

atenco libertad justicia

ELKARRETARATZEA
NON: Mexikoko kontsulatuaren egoitza aurrean (Gran via 40, Bilbo)
NOIZ: Maiatzaren 8an (barikua)
Ordua: 19:30ean
 

 

Atencoko herriak “justizia eta askatasuna” oihukatzen jarraitzen du ozenki. Mexikoko historian Atencoko herriak 2006ko maiatzaren 3-4an jasandako Estatuaren errepresioa dugu, herriaren kontra Vicente Fox Mexikoko Errepublikako gobernuburu ohiak, bere agintaldi amaieran gauzatutako azkenetako gehiegikeria faxista eta koldarra. Eraso poliziala Atenco herriaren kontrako Estatuaren mendeku ikaragarria izan baitzen. Halaber, atencotarrek jasandako errepresioa Estatuaren estrategiaren baitan kokatu behar dugu eta koiuntura honetan ez ditugu ahaztu behar Oaxacan 2006ko urrian gertatutakoa edota gaur egun herrialde osoak jasaten duen militarizazio antikonstituzionala, egiazki gizarte mugimendu antolatuen kontrako jazarpenerako Estatuaren baliabidea baino ez dena.

 

 

Oraintsu bete dira 3 urte atencotarren aurkako jazarpen polizial-instituzionalaren gertaerak jaso zirenetik, eta gogoratu beharrekoa da gobernuburuek prestatutako eraso polizial hura ez zela gertakari isolatu bat izan, hau da, hainbat aurrekari kontuan hartu behar ditugu horien atzean arrazoi politiko-ekonomikoak zeudela ondorioztatzeko. Dena urte batzuk lehenago hasi zen, oro har, 2001a izan daiteke inflexio puntu garrantzitsu bat. Orduan, Atenco inguruko herriek inguruetan aireportu bat eraikitzeko Foxen egitasmoa deuseztea lortu zuten. Foxek maiatzaren 3-4an agindutako herriaren kontrako eraso polizialak bi helburu izan zituen: batetik, aireportua egiten ez uzteagatik herriaren ausardia zigortzea eta, bestetik, zapatistek martxan jarritako La Otra Campañaren ibilbidea eten eta atxikiak beldurtzen ahalegintzea.

Lurraren defentsarako herrien frontearen (FPDT; Frente de los Pueblos en Defensa de la Tierra) ibilaldi borrokalaria ez da atzo goizeko historia: hazia 80. hamarkadan erein zen Texcoco-ko Frente Regionalean, Atenco, Texcoco eta Texoyuca inguruetako komunitateek osatzen zuten elkartean. Haren helburua beharren azterketa eta aldarrikapenak batzea zen, guztiak batean bat egitea, indarrak elkartzea. Lehen aipatu dan legez, 2001garren urtean jakinarazi zuen Gobernuak dekretu bidez aireportu bat egingo zela, baina hegazkinen portuak lur eremu handiagoa behar zuen eta horretarako nekazariei euren lurrak kendu behar zizkieten, kapitalisten egitasmoa aurrera eroateko helburuagaz. Hainbat herri mugimenduk bat egin zuten orduan gobernuaren egitasmo suntsitzaileari eta lurren lapurretari aurre egiteko; batasun horretatik jaio zen FPDT, oraingoan lurraren defentsak batzen zituen denak. Herri mugimenduaren eta Gobernuaren arteko hainbat elkarrizketa-mahai sortu ziren gatazka konpontzeko asmoz, baina Gobernuak beti legez itxuren mozorroa jantzi zuen, beste behin, ostera mugimenduak ez zuen etsi: poliziaren erasoak aurrez aurre borrokatuz, zauriak elkarri bidean osatuz, aireportua ez egitea lortu zuten. Vicente Foxek ez zuen porrot haren arantza ahaztuko.

Bitarte hartan EZLNek eta zapatistek La Otra Campaña ezaguna ipini zuten martxan, “behetik eta ezkerretik” euren proposamenak lau haizetara zabalduz Mexiko osora; behekoei eta ezkertiarrei antolatzeko premiaz eta fronte bateratu bat sortzeko beharraz ohartaraziz . Hala, FPDTk ere La Otra Campañarekin bat egin zuen. Apirilaren 27-28an San Marcos egunean jaso zuen San Salvador Atencok zapatisten “0 ordezkariaren” (Marcos komandanteordea) bisita. Zapatisten ekimenak han eta hemen jendea biltzen zuen, bere ibilaldian atxikimendu gero eta gehiago jasoz... Indarra hartzen zihoan La Otra eta horrek Gobernu agintariak “urduri” ipini zituen. Vicente Foxek, La Otraren arrakasta gero eta handiagoari ezin aurre eginik ikusten zuen bere burua, eta bere alderdiak aurrez aurre zituen Errepublikarako hauteskundeak. Halere, oraindik ere bere gorrotoa modurik koldarrenean husteko aukera baliatuko zuen maiatzean, Atencon, indar polizialak herria zigortzeko, jipoitzeko, torturatzeko bidali zituenean.

Kontuan hartzeko kontu horiez gain, agintaldi amaieran Foxek eta herri-agintariek beste egitasmo bat zeukan Atencorako: zentro komertzial erraldoi bat eraiki gura zuten, ondorioz ohiko kale-saltzaile txikiak lan barik utziz. Horren albotik, lore kale-saltzaileei euren lana karriketan egitea debekatu zieten. Aitzitik, saltzaileek ez zuten debeku injustua onartu gura izan eta aspaldi egiten zuten legez lanera joan ziren maiatzaren 3an, FPDT-ren babesarekin. Poliziaren eraso bortitza izan zen Foxen erantzuna, baina herria ez zen geldirik lotu, eta FPDTekoak buru, poliziari aurre egin zieten. Bi egun iraun zituen borrokaldia desorekatua izan zen: leporaino armaturiko 3.500 polizia “berezi”, granadariak, etab. ia esku utzik zegoen herriaren kontra egin zuten; hedabideek gobernuaren aldeko irudiak bakarrik eman zituzten erasoak gizartearen babesa jaso zezan.

Hala, eraso polizialaren benetako ondorioak honako hauek izan ziren: Alexis Benhumea gaztea eta beste lagun bat tiroz akabatu zituzten (beraz, poliziak benetako tirogaiak erabili zituen), 210 pertsona atxilotu zituzten (hauetatik 48 emakumeak eta 5 umeak ziren), hainbat emakume bortzatu zituzten kartzelara bidean, hainbat zauritu, desagertu, torturatuak e.a. Ondorioz, herriaren kontrako Estatuaren mendekua (herriak bere desagerpena ez zuelako onartu nahi izan eta horren kontra antolatu eta altxatzea erabaki zuelako) ikaragarria eta salatu beharrekoa izan zenik ezin ukatu.

Atencon, indar militar-polizialen aldetik eraso masiboa eman ondoren, Zapatistek alerta gorria deklaratu zuten euren komunitate autonomoetan, eta “Denok gara Atenco” elkartasun ekimen deigarria eta salatzailea herrialde osora zabalduz.

Gaur egun Atencok tinko dirau borrokan, Atencoko atxilotuak askatzea helburu nagusi dutelarik. Horretarako, erresistentzian jarraitzen dute Mexikon, Atencoko gertakariengatik preso dauden lagunak bahiturik dituzten hainbat kartzelatan plantoiak mantenduz sarraskia gertatu eta geroztik, eguzki, ilargi zein kazkabar delarik, hor jarraitzen dute tinko.

Azpimarratu beharra dago eraso polizial eta gehiegikeria faxista horren ondorioz atxilotuta izan ziren 48 emakumeetatik 26k salatu dutela bortza-sexual fisiko zein ahozkoak jasan izana polizien aldetik eta, nahiz eta froga guztiak aurkeztu, oraindik ere ez dituzte errudunak zigortu. Halere, aipatu beharra dago bertan emakume katalan bat zegoela eta hau ere bortzatu zutela baina honek, Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuen bortzaketaren kasua, babestua izango zen esperantzarekin, baina Marlaskaren erantzuna Mexikoko gobernu faxista babestea izan zen. Beste hamaika emakume justiziaren bila joan dira “Comisión Interamericana de derechos humanos”-era baina handik ere, gaur egun ez da justiziarik lortu. Ez da bakarrik emakumeen kasuetan baizik eta beste giza eskubideen bortzaketen kasuetan ere oraindik ez dira errudunak zigortu; epaitegiek Atencon gertatutakoa zelanbait sarraskitzat jo eta onartu arren, ez ditu errudunak identifikatu gura izan.

Halaber, nahiz eta frogarik ez eduki, prozesuak hainbat irregulartasun aurkeztu eta atxilotu guztien giza eskubideen bortzaketak erakutsi, bai Gobernu Federalak bai Gobernu Estatalak, Mexikoko alderdi politiko guztien babesarekin eta Mexikoko justizia erakunde ezberdinen babesarekin, inolako froga barik, momentu honetan, 12 atxilotu mantentzen dituzte kartzelatan; horietatik, 9 presori 31 urteko zigorra leporatu diete, beste biri 67 urteko zigorra eta, azpimarragarriena azkeneko hau da: 112 urteko zigorra duena (heriotza zigorra), Atencon 2006ko maiatzaren 3-4an gertatutakoaren egile intelektual legez akusatu duten Ignacio del Valle, FPDT-eko buruzagietako bat. Atxilotuen artean, FPDT-ko mugimenduko kideak daude eta denak dira preso politikoak, beraz, Estatuaren mendekua erraz antzeman daiteke.

Horrenbestez, egoera horren aurrean, bat egiten dugu Atencoko herriak aurrera daraman borrokarekin, euskal xamurtasuna eta gure elkartasun osoa helaraziz eta Gobernuen eraso errepresio guztiak salatuz. Justizia eta askatasuna Atencorentzat! Preso politiko guztiak askatu! Errudunei zigorra! Gora Atencoko eta Mexiko osoko herri borrokak!!!

Aurten, Mexikoko Justizia Auzitegi Gorenaren ministroen aldeko errugabetzaren ondorioz, FPDT hainbat erakundeekin batera martxan ipini dute Atencorentzat askatasuna eta justizia Batzordea (Comité Libertad y Justicia para Atenco). Batzorde horren helburu nagusiak bi dira: alde batetik, Atencoko presoak askatzearen aldeko indarrak batzea (erakunde, norbanako, nazional zein internazional mailako atxikimenak bilduz); eta bestetik, behingoz justizia egitea Atencoko sarraskiarekin, gehiegikeria onartuz eta errudunak zigortuz, hau da, legea aplikatzea triskantza hura burutu zuten indar militar-polizialei eta horiei agindua eman zieten agintariei. Justizia eta askatasuna Atencorentzat!

 

Euskal Herritik elkartasun besarkadarik beroena haientzat!!

 

Askapenako Mexiko arloa.