«Hartu, baina besteri eman, irakatsi baina besteetaz ikasi, hori da errespetuzko elkartasuna"

mintzaRoger IDIART / askapenako kidea, brigadista

Le Journal/Mintza

Ez du bere buruari buruz hitz egiten aritzea maite, ez eta argazki kamera baten aitzinean jartzea ere, baina baditu anitz ele interesgarri nahinori eskaintzeko. Roger Idiartek 46 urte ditu, eta bere gain urteek baino gehiago pisatzen dute bizitako esperientziek. Udan, euskaldun anitz joaiten da brigadista modura esku kolpeen premia duten he-rrialdetarat, eta Roger Askapenako kide dela profitatuaz horretaz ere mintzatu dugu.

Zer lan egiten du Askapenako kide batek ?

Lehenik, hasi aintzin nahi nuke Askapena mugimendua bi hitzez aurkeztu. Euskal herriko erakunde internationalista bat gira. Euskal herriak eramaiten dituen bo-rroka alor desberdinetan parte hartzen duten milititanteak biltzen gira Askapenan. Bestalde, gaur egunean, munduan zehar, herri, herrialde ta populu anitzek paira-tzen dute ekonomiaz eta diruaz soilik osatzen den gizarte hunen zapalkuntza ta desmasiak. Horri «mundializazioa» deitzen diote... Bainan neretzat, «mundializazio» hitza ez da batere egokia.

Zergatik ?

 

Nik, askok bezala, nere burua «mundialista» senditzen dut. Bainan haiek imposatu nahi diguten gizartea besterik da, eta arma indartsua du : urtetan, munduan zehar, ultraliberalistek sorturiko sistema dirutsu ta kapitalistaren onuran baliatzen duten armarik maltzurrena : inperalismoa.

Beraz, bada zeren aurka eta non borrokatua...

 

Askapenako kideentzat argi da : Euskal Herriko geroaren berreskuratze prosezu hau, eta munduan zehar herri batzuek inperialismoaren aurka eramaiten dituzten borroka desberdinak, ezin dira bereizi. Gure artean, elkarren laguntza eta elkartasuna beharrezkoa dugu. Elkartasuna bai, bainan elkartasunak parekoa eta errespetuzkoa izan behar du, hartu bainan ere besteri eman, irakatsi bainan baita besteengandik ikasi ere.

Erraza dirudi baina...

 

Askapenaren lan eremu nagusienak hortan kokatzen dira : Eguneroko lanean. Gure herrian, eta gutartean, beste herrialde horier buruzko elkartasuna sortaraztea, eta parez pare ipinirik ; bide berean, munduko beste herrietan, Euskal Herriaren askapen prozesuarekiko elkartasuna bideratzea eta laguntzea ere helburu gisa ditugu.

Eta hemen sorturiko elkartasuna harat eramateko bidea zein da ?

 

Zentzu hortarat, urtean zehar Euskal Herri guzitik jendez osaturiko talde batzuk badoaz lau haizetarat, hiru edo lau astez, munduko bertze herri batzuekin, elkartasun horren jorratzera. Brigadistak dira taldeak osatzen dituzten pertsona horiek.

Eta norat joaiten dira ?

 

Aurten, brigada desberdinek hartuko dituzten bideak hauek dira : Uruguay, Palestina, Wall Mapu (Mapuche Herria), Sardinia, Bolivia, Mexiko, Kuba eta Venezuela. Askapenaren sorreran, duela 20 urte, materiala biltzen zen, eta brigadistek, herri horietan, esku kolpeak ematen aritzen ziren, eraikuntzan, lurra lantzen edo beste, ONG baten moduan. Bainan laster ohartu ziren, hori, etzela baitezpada beraiekilako hartu-emanentzat biziki erakargarri. Iduritzen zitzaien, jakintasunez beterik etortzea, bainan beren beharrei ez erantzutea. Geroztik, egiazko elkartasun parekide baten beharra nagusitu da. Azken urte hauetan, brigada bateko kideek, elkartasun lan horren gauzatzeko, aktibitate eta ekintza anitz eramaiten ahal dituzte. Horiek, bistan dena, desberdinak izaiten ahal dira, errezibituak diren tokiko herrietan eramanak diren prozesuen araberan.

Eta zertan aritzen dira ba orain ?

 

Ororkorki, edo gehienetan, brigadista baten eginbeharrak hauek dira : Tokiko jende desberdinekin loturak egin eta gero, harremanak sortu eta bultzatzea, mugimendu politiko, elkarte, gazte eta ikasle talde, sindikata, laborari edo besterekin... Herri horietan, bideratu prozesu baten barnean, eraiki izan diren gauza konkretu batzuen lekuko izaitea : komunik bide berri, kooperatiba, zentro sozial edo beste... Ekintza xume batzuen antolatzea : mintzaldi, erakusketa eta abar... Lekukotasunak eta elgarrizketak moldatzea bertako komunikabide desberdinetan : Irrati, telebista komunitario, prentsa idatzian...

Zu ere brigadista modura aritzen zara...

 

Duela lau urte, Askapenako kide batzuek Palestinari buruz antolatutako mintzaldi batetan egon nintzen. Geroztik, noizbait haiekin kontaktuan sartzeko xedea kokatu zitzaidan buru gibelean. Eta berantago, 2007 urtean Askapena mugimenduarekin sartu nintzen harremanetan lehen aldikotz.

Harremanetan sartu eta bidaiatzen hasi...

 

Aspalditik neukan Euskal Herritik kanpo ibiltzeko gogoa, ez nuen baitezpada asmorik norabide berezi batentzat, bainan gogoa nuen, jendeaz hurbil kurri ta bizi izatea. Lehenik, bi asteburuz, bertze brigadistekin formakuntza jardunaldi bat segitu nuen. Hasiera batean, hori bitxia zela pentsatu banuen ere, gerora ohartu nin-tzen formakuntza horren behar eta balioaz. Aste batzuk berantago, hegoaldeko bertze sei lagunekin Venezuelarat abiatu ginen hilabete batentzat, eta han... zer harridura neretzat !

Bai, batipat Venezuelako iraultza bolivarianoaren prozesua ezagutu nuenean. Ikusi, partekatu eta bizi izan ditugunak, hain urrun aurkitu nituen hebenko komunikabideek sinestarazi nahi dauzkigutenetatik... Harridura ere, ikusiz Venezuelako gizartearen gehiengoak nola egiten duen prozesu horren alde, edo prozesuaren alde egotea baino gehiago, osoki nola diren prozesu bolibariano horren partaide. Nola, gizarte oso bat, eta herri oso bat, prozesu horren partaide eta bultzazaile diren.

Ikusi ditugun gauza hunkigarrienetarik bat izan da Nucleo Fabricio Ojeda : Gobernuak berriki eraiki duen zentro sozio-ekonomiko bat da, Caracaseko auzo popular batetan. Hor, gauza anitz eginak izan dira herriarentzat, eta herritarren zerbitzurako. Adibidez lantegi berri bat kooperatiba baten moduan ibiltzen dena. Saltegi sozio-ekonomikoak, eta horietan atxemaiten dira beharrezkoak diren lehen produktoak, biziki merke, behar gorrian diren jendeen-tzat bikainak dira ; hor aurkitzen da ere osasun zentro berri eta moderno bat, eta zerbitzu guzia urrirrik eskaintzen du. Biziki esperientzia aberatsa bizi izan ginuen ere hiru egunez FNCEZ-ko (Fronte Nacional Campesino Ezquibel Zamora) laborariekin. Jakin behar da, 2004ean, gobernu Bolivarianoak han ezarri zuen legeetarik bat izan zela «Reforma Agraria» edo lurra berreskuratzeko neurriak. Bainan, baserri leku askotan, garaiko lurjabe abera-tsek ez zuten hori onartu, eta saiatzen dira oraino lur leku horiek berentzako atxikitzen, legea alde duten laborarieri aurre eginez, eta noizteinka bortizkeria baliatuz. Horrek erakusten dauku, askatasun prozesu batek garaitu eta lekuan jarria izanik ere, inperialismoaren aurkako borroka inoiz ez dela bukatua.

Eta hor ispilu bati begiratzen diogula erraten duzu...

 

Gure herri aberatsetako zuzendari politiko ultraliberalistek, eta haien esku diren komunikabide handiek, Venezuela bezalako herriak mamu handi eta diktadore itxura batekin pasarazi nahi dauzkigute. Bainan badakigu ongi, herri horietan, borroka luze batzuen ondotik lekuan eza-rritako askatasun prozesu horiek, nolazpait ahulak izaiten ahal direla inperialismoaren ai-tzinean. Adibide on bat ere har nezake, azken egun hauetan Hondurasen gertatutakoa, nola herriak hautatu duen gobernu demokratikoa bortxaz kanporatu duten.

Euskal Herriak badu beraz Internazionalismoaren aldeko borrokan zereginik...

 

Euskal herrira itzuli eta urtean zehar, brigadisten eginbehar bat izan daiteke jaso duten esperientzia eta lekukotasuna Euska Herri osoan barreiatzea... Nik, biziki oroitzapen on eta aberatsak gorde eta begiratzen ditut, Venezuelatik, edo Wall Mapu herritik delegazio bat hunarat etorri eta errezibitu genituenean. Ez, ez dugu pretanzione handirik «internazionalismoa» hitzaren definizioarentzat. Ez, bakarrik, ekartasuna, anaitasuna, eta nola ez, errespetua.

 

Motzean

Bizitzeko herri bat :

 

Mundua...

Munduko herrialde bat :

 

Afrika...

Janari bat :

 

Pagolako nere amatxiren baratzeki salda xume bat

Edari bat :

 

Caracaseko lagunartean hartutako kafe xume bat...

Musika maitatua :

 

Nahas mahas, denetarik...

Nor da Roger :

 

Ez dakit, zauri bat... bai, zauri bat

Chavez, Castro, edo Morales :

 

Hiruak, eta horrelako besterik gehiago balitz...

Gustura bidaiatuko zenuke :

 

Latino Amerikarat...

Amets bat :

 

Ez, nituenak ere, ihes joan dira...

Obamak mundua aldatuko du :

 

Galdera huni buruz irri egin nezake, bai behintzat gaia ez balitz hain minberatsua...