Batasunaren aurkako epaiak kezka eragin die nazioarteko hainbat adituri

strasburg human rights court

Europarako aurrekari «arriskutsua» dela azaldu dute eskubideei buruz Londresen egindako mintegietan

Erredakzioa//berria


Euskal Herriaren eta Ipar Irlandaren egoerak aztertu eta autodeterminazio eskubideaz aritzeko, mintegiak egin berri dituzte Londresen nazioarteko hainbat adituk, Autodeterminazio eskubidea, Proskripzioa eta Giza Eskubideak Europako Batasunean lelopean. Euskal Herriko egoerak interes handia piztu die parte-hartzaileei. Interesa, eta kezka. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Batasuna legez kanporatzearen alde emandako epaiak bereziki kezkatu ditu, Euskal Herrirako ez ezik, Espainiarako eta Europa osorako «aurrekari arriskutsua» sor dezakeela uste dutelako.

 

Komunitateen Kriminalizazioaren Aurkako Kanpaina (CAMPACC), Haldane Society, Statewatch eta Basque Campaigne aditu taldeek antolatutako mintegien lehen konferentzia ekainaren 25ean egin zuten Londresko College of Law eskolan. Autodeterminazio Eskubidea eta Gatazken Konponbidea Europako Batasunean izenburupean, hiru aditu aritu ziren: Bill Bowring, Haldane Society abokatu elkarteko kide eta Birbeck College-n zuzenbide irakaslea; Seanna Walsh, Sinn Feineko Kultura saileko burua; eta Urko Aiartza, Eskubideak Euskal Herriko abokatu elkartekoa. Moderatzaile lanetan Kilo Moraiz aritu zen, Basque Solidarity Campaigne Euskal Herriarekiko elkartasun taldeko kidea.

Autodeterminazio eskubidea hizpide hartu, eta nazioarteko zuzenbidearen arabera, akademikoki zein praktikoki, eskubide hori gauzatzeko ahalmenaz mintzatu ziren. Ipar Irlandako bake prozesuko urratsak eta gaur egungo egoera aztertu zituzten, bai eta Euskal Herriak bizi duena ere. Euskal Herriko egoerak piztu zuen interes handiena entzuleen artean, eta hainbat galdera egin zituzten egoeraren berri lehen eskutik jakin nahian. Espainiak eta Frantziak bai Euskal Herriari eta bai gainerako herriei autodeterminazio eskubidea ukatu egiten diela azaldu zien Aiartzak.

Londresko Birkbeck College ospetsuaren eraikinetan egin zuten bigarren konferentzia aurreko asteko ostegunean. Proskripzioa eta Giza Eskubideak Europako Batasunean lelotzat hartuta aritu ziren Ben Hayes, Statewatch elkarteko zuzendaria; Julen Arzuaga, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kidea; eta Alex Fitch, Peace in Kurdistan kanpainako bozeramaile eta CAMPACC taldeko kidea.

Kezkagarritzat duten egoera bati buruzko hausnarketan egin zuten indar guztiek. Europan, segurtasunaren izenean, giza eskubideak gero eta gehiago urratzen ari direla ohartarazi zuten, eta errealitate horri buelta emateko zailtasunak plazaratu zituzten.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Batasuna alderdiari buruz eman zuen epaiak kezka berezia sortu zuen hizlarien eta entzuleen artean. Jardunaldietan parte hartu dutenek ohartarazi zutenez, giza eskubideen babesean atzerapauso nabarmena da epai hori. Ez hori bakarrik. «Oso aurrekari arriskutsua» dela uste dute. «Ez soilik Euskal Herria eta Espainiako Estatuarentzat, baizik baita Europan dauden beste egoera eta gizarte mugimenduentzat ere».

Gauzak horrela, luze hitz egin zuten Euskal Herrian izan diren legez kanporatzeei buruz. Alderdi eta antolakunde politikoak etengabe legez kanporatzen ari direla ohartarazi zuten, eta komunikabideak ere itxi dituztela. Gai horien inguruan Nazio Batuen Erakundeko kontalari berezi Martin Scheininek egindako ohar eta gomendioak aintzat hartu beharra ere nabarmendu zuten.

Euskal Herriko egoeraz kezkatuta, gatazkak konpontzeko biderik egokiena elkarrizketa eta negoziazioa dela defendatu zuen Fitchek, Irlandako adibidea oinarri hartuta. Elkarrizketaren aldeko apustua egin zuen Arzuagak ere. Edozein kasutan, «estatuek errepresioa globalizatzen badute, guk nahi eta nahi ez elkartasuna globalizatu behar dugu», azaldu zuen nazioarteko eragileei laguntza eskatzeko.