Badatoz brigadak: Munduko injustizien kontra altxatzeko Askapenaren gonbita

gaur8Askapenak bi hamarkadatik gora darama Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko lanean eta helburua lortzeko ezinbesteko ikusten du inperialismoaren aurka borrokan dabiltzan gainontzeko herriekin bat egitea. Bide horretan, aurten ere brigadak antolatu ditu eta izena emateko epea zabalik da apirilaren 20ra arte.

Unai Belaustegi-GAUR8

Ez dut hurbileko senide garenik uste, baina mundu honetan gertatzen diren injustiziek haserrea sortzen badizute, adiskideak izanen gara, garrantzitsuagoa dena». Horrela erantzun omen zion Ernesto Guevarak bere familiakoa zela aitortu zion norbaiti.

Hori hala izanda, adiskide asko izango zituen hark Euskal Herrian. Izan ere, ehunka dira Askapenaren bitartez urtero-urtero internazionalismoa praktikara eraman eta munduko injustizien aurka altxatzen diren herritarrak. Argentina, Sardinia, Palestina, Kuba, Mexiko, Uruguay, Panama, Kolonbia, Eire, Venezuela edota Bolivia, besteak beste, Askapenak antolatu, prestatu eta koordinatzen dituen brigadisten etxe bihurtzen dira. Bi hamarkadatik gora daramatza Askapenak Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko lanean eta helburua lortzeko ezinbestekotzat jotzen du inperialismoaren aurka borrokan dabiltzan gainontzeko herriekin bat egitea. Hori dela eta, beste behin ere herrien arteko elkartasuna bultzatu nahi duen herritar oro gonbidatu dute 2009ko brigadetan parte hartzera. Web orrialdean (www.askapena.eus) ikus daitekeen lez, interesatuta daudenek apirilaren 20ra arte eman dezakete izena Askapenaren edozein dendatan. Horregatik, «esperientzia ikaragarri» hori bizi izan duten zenbait brigadistekin batu gara, internazionalismoa praktikatzea zer den eurek baino hobeto beste inork azalduko ez digulakoan. Amaia, Ander, Nagore, Kirru, Petaka eta Juanjo; Palestina, Uruguay, Bolivia eta Sardinian ibiliak. Urtebete beranduago, eta inbidia apur batekin, Askapenaren bitartez izan zituzten bizipenak kontatu dituzte.

Nagore Lopez de luzuriaga
«Boliviako eskumarentzat ‘indio’ bat haien presidente izatea iraingarria zen bezala, gehiengo  batentzat garaipen handia zen»

Nondik: Agurain. Nora: Bolivia, 2008ko uztailetik abuztura.

 

Brigadak martxan. Inbidiarik bai?
Bai, noski. Herrialde ezberdinen berri entzutean ekidin ezina da nolabait zure gogoetek harantz alde egitea eta bertako egoera ezagutzeko aukeran pentsatzea.

Bidaian abiatu aurretik, ordea, zenbait jarduera burutu behar ohi dira, prestakuntza lez. Gero nabaritzen al da?
Nabaritzen da, bai. Brigada kanpoan ematen ditugun hilabete horietatik haratago doala esan beharra dago; ez da nahikoa hegazkina hartu eta bertara joatearekin.

Castro, Chavez… Moralesek lortu al du haiek euren herrian lortu duten konfiantza maila?
Gogoan dut Cohabamban komunitateekin lan egiten zuen talde bateko kideekin bildu ginenean, haietako batek hurrengoa esan zigula: «Gure anaia Evok Gobernura iritsi denean egin duen lehendabiziko gauza jatorrizko herritarrei duintasuna bueltatzea izan da». Eta, egunak aurrera joan ahala, horrek zer nolako pisua zuen konturatu ginen. Eskumarentzat indio bat haien presidente izatea iraingarria zen bezala, herriaren gehiengo batentzat garaipen handia zen beraiek bezalako jatorrizko herritar bat, kokalero bat, llamak zaintzen zituen bat, haien gobernuburu izatea.

Aimarak, kitxuak, chiquitanoak… Zer nolako inpresioa jaso zenuten hainbeste jatorrizko herriren artean?
Guztira 36 nazionalitate ezberdin daude Bolivian, haien hizkuntza, ohitura eta kosmobisioarekin. Izugarrizko aberastasuna dago eta zentzu guztietatik sartzen zaizu barru-barrura: kolore pila, zapore ezberdin pila, musika, usainak, hizkuntza ezberdinen soinuak... Baina zerbait azpimarratu beharko banu, Pachamama edo Ama Lurrarekin duten lotura eta errespetua da; Ama Lurrak beraien bizimoduan eta bizitza ulertzeko moduan daukan eragina. On egingo liguke hemen ere zerbait ikasiko bagenu.

Han bizitakoak marka uzten al du?
Bai, bizitakoak marka uzten du. Esperientzia intentsua da. Bizipen asko dituzu, berriak diren egoera askoren aurrean topatzen duzu zure burua: plaza baten erdian hitzaldi bat ematea, ministro bati elkarrizketa bat egitea... Asko ikasten da. Baina garrantzitsuena, agian, internazionalismoak eta herrien arteko elkartasunak zure barnean uzten duen marka da. Izugarria da han jasotzen dugun elkartasuna, eta ahal dugun neurrian erantzutea tokatzen zaigu.

Oroitzapenik gozoena ?
Independentzia Egunaren harira, desfile bat egiten da eta Bolivian bizi diren 36 nazionalitateek parte hartzen dute. Guk “Euskal Herria” zioen kartoizko pankartarekin eta baserritar jantziekin desfilatu genuen, beste jatorrizko herriekin batera, eta ikusten ari ziren milaka pertsonen eskutik elkartasun izugarria jaso genuen. Ez da ahaztu behar, gainera, Bolivia espainolengandik independizatu zela! Are gehiago, autoritateen paretik pasa eta mikrofonodunak Euskal Herriko delegazio bat bertan zegoela aipatu zuenean, Evo Morales lehendakariak eta  Alvaro Garcia Lineras  lehendakariordeak ezkerreko ukabila altxatu eta eskuin eskua bihotzean jarri zuten unea ahaztezina izan zen. Izugarria da munduko beste puntaraino joan behar izatea agintari batek herri gisa onartzeko! Guk ukabila altxatuz erantzun genuen, emozioak jota malkoei ia eutsi ezinik.

 

AMAIA AURREKOETXEA
«Palestina kontatzen dena baino gogorragoa da»

Nondik: Erandio. Nora: Palestina, 2008ko abuztuan Maria Etxeberriarekin batera.

Non egon zara? Noiz joan zinen? Palestinako brigadan parte hartu nuen, hilabete batez, 2008ko abuztuan. Zehazki Zisjordanian egon ginen. Gazako mugara heldu ginenean, sartzeko baimena eskatuta izan arren, militarrek ez ziguten sartzen utzi eta ondorioz Zisjordaniara bueltatu beharra izan genuen. Atzerritarrentzako sarrerak oso oso mugatuta zeuden.

Zergatik Palestinara?
Gatazkari buruz gehiago jakiteko eta baita herria eta pertsonak nolakoak diren ezagutzeko; ohiturak, kultura.... 

Hango gauzez komunikabideetan ikusitakoaren ostean, ez al zenuen beldurrik izan?

Beldurrik ez, batere ez, neuk aukeratutako gauza bat izan zen, banekien nora nindoan.



Kontatzen duten modukoa al da bertako egoera?

Kontatzen dena baino gogorragoa da oraindik. Hemen eraso bortitzenen berri izaten dugu bakarrik, baina eguneroko bizitza bera oso gogorra da haientzat.   



Eta jendea? Nolako esperientzia bizi zenuten palestinarrekin?

Jendearekin esperientzia oso ona izan zen leku guztietan. Errefuxiatu eremutan ibili ginen gehienbat eta beraz denbora gehiena beraiekin pasatu genuen, euren etxeetan, batzuetan famili osoekin batera. Oso gustura sentitu ginen. Atseginak eta eskuzabalak dira. Luze hitz egin genuen pertsona batzuekin bai Palestinari buruz eta baita Euskal Herriari buruz ere.  Egia esan galdera piloa egin zizkiguten.



Zer kontatzen dute eurek israeldarrei buruz?

Israeldarren biolentzia, gorrotoa eta diskriminazioa egunero jasaten dute. Beren herriaren inguruan zementuzko zortzi metroko horma bat eraikitzen ari dira. Palestinar guztiekin bukatu nahi dute eta normala da gauza gogorrak kontatzea israeldarrei buruz. Baina arrazoi piloa dituzte horretarako, eurek bizi duten egoeraren ondorioa da.



Gure herriak bizi duen zapalketaz kexatzen garenean, haietaz ere gogoratuko zara, ezta?

Palestina eta Euskal Herriko egoerak ezin dira konparatu. Han genozidio bat gertatzen ari da. Hori bai, leku bietan kexatzeko eta salatzeko arrazoi asko daude. Bizi ditugun egoerak ezin dira konparatu, baina borrokaren erroak eta helburuak bai.



Azkenaldian, Palestinan gertatzen diren sarraskiak leku guztietan agertu dira. Hala ere, gutxi batzuk baino ez diote Israeli aurre egiten.

Israelek botere handia du bai ekonomikoki eta baita militarki ere, eta potentzia handiekin negozioak egiten ditu: Ameriketako Estatu Batuak, Europa… Leku estrategikoa da bere inguruan dagoen petrolioa Mediterraneora ateratzeko. Batzuei komeni zaie estatu israeldarra existitzea.



Askapenak «Israeli Boikot» kanpaina zabaldu zuen.  Handik bueltan, jarraitzen al duzu brigadista izaten?

Jarraitzen dut Palestinaren inguruan gauzak egiten eta “Israeli Boikota” kanpainan parte hartzen ari naiz.

 

JON LAKUNTZA «KIRRU»

«Zergatik ez dugu Sardiniako egoeraren berri, hain gertu dagoen herria izanda?»

Nondik: Altsasu Nora: Sardinia, 2008ko udan, Petaka eta Juanjorekin batera.

Aurreneko brigada izan al zen Sardiniakoa?
Nirea, bai. Petaka eta Juanjorena ez, ordea. Petaka Kuban egona zen 1992an, eta Juanjo, Kuban 1992an eta Bolivian 2006an.  

Zergatik Sardinia?

Lehenik eta behin Sardiniako egoera nahikoa ezezaguna delako gure artean, nahiz eta Europa barruko herria izan. Beraz oso interesgarria iruditzen zitzaigun bertoko egoera ezagutzea eta aldi berean gure herriaren egoera azaltzea.

Eta zergatik Askapenaren bitartez?
Askapenak duen internazionalismoa lantzeko moduarekin bat gatozelako; hau da, internazionalismoa asistentzia hutsa baino zerbait gehiago dela ulertzen dugulako. Internazionalismoa joan-etorriko  erlazio bat bezala ulertzen dugu, bertako errealitatea ezagutu eta gurearen berri ematea izan da gure helburua.

Norbaiti arraroa egingo zaio Askapenak Sardiniara brigada bat antolatzea.

Sardinia Europa barruko estaturik gabeko nazioa da, Italiaren menpe bizi dena. Aldi berean Korsikatik oso gertu badago ere, ez dugu bertoko egoeraren berri apenas. Hori dela eta, galdera  alderantziz formulatu beharrekoa  da gure ustez: zergatik ez dugu Sardiniako egoeraren berri, hain gertu dagoen herria izanda?

Hango mugimendu independentista ez da oso indartsua oraindik, ezta?

Garbi dago ezetz. Nahiz eta kontzientzia nazional handia duen herria izan, mugimendu independentista txikia da. Militarizazio handiak tamainako jazarpena eragiten du, emigrazioak, langabeziak eta turismoak bezala.
Nolako esperientzia izan zenuten?
Arlo pertsonalean, oso esperientzia aberasgarria. Topikoen gainetik, bertoko jendearen harrera eta xamurtasunak benetan hunkigarriak gertatu zitzaizkigun. Herri bezala, Euskal Herriarekiko sentitzen duten gertutasuna itzela iruditu zitzaigun.

Beraz, bidaia baliagarria izan da.

Bai, noski. Herri baten errealitatea bertoko jendearen eskutik ezagutzen duzunean, egoeraren kargu askoz ere maila handiagoan egiten zara, gauzak beste modu batera ikusten dituzu. Esan bezala oso esperientzia aberasgarria izan zen, oso gertu dagoen errealitate bat izan arren ezagutu genuena; batzutan, beste herri batzuen borroken inguruan dugun ezjakintasunak pentsarazi egiten dizu.

Zein eratara bizi duzu orain Sardiniako egoera?
Perspektiba zabalago bat daukagu. Sardinia bezalako irla batean, militarizazioak eta  langabeziak nola eragiten duten ikusteak asko aldarazi digu genuen ikuspegia.

 

ANDER GOIKOETXEA
«Euskal mugimendu independentistak beti aurkitu izan du babesa Uruguain»

Nondik: Villabona. Nora: Uruguay, 2008ko abuztuan, Igor eta Jonekin batera.

Zergatik erabaki zenuten Askapenarekin joatea?
Munduko beste toki batzuetako mugimendu herritarrak ezagutzeko aukera paregabea da eta gainera Euskal Herrian bizi dugun gatazka azaltzeko aukera ematen du, komunikabide talde handiek sortzen duten desinformazioa saihestuz. 

Zer dago han brigada bat antolatzeko?
Uruguai tradizio ezkertiar handiko herrialdea da eta iraganean ere euskal mugimendu independentistak beti aurkitu izan du babesa bertan. Ezin ahatz daiteke Uruguaiko herritarren %30ak abizen euskaldunak dituela. Garai batean Hego Amerikako Suitza bazen ere, oso pobretuta dagoen herrialdea da egun eta horren aurrean erakunde herritarrek ematen duten erantzuna oso interesgarria da.

Euskal Herriaren eta Uruguairen arteko harremana uste baino estuagoa da. «Filtroko Tragedia» horren adibide...
1992an Montevideoko Trainera jatetxean 20 bat pertsona atxilotu zituzten euskal iheslari politikoak zirelakoan. Bi urteko prozesuaren ostean, 1994ko abuztuaren bukaeran, hiru euskal herritar (Manueltxo Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralde) Espainiara estraditatu behar zituen Uruguaiko Gobernuak eta horri erantzunez gose grebari ekin zioten. Abuztuaren 24an heldu zen estradizioaren eguna eta 20.000 pertsona zeuden Filtroko sarreran. Euskaldunak aireportura eraman ahal izateko polizia jendea sakabanatzen hasi zen, tiroka. Polizia eta manifestarien arteko liskarrek gau osoan zehar jarraitu zuten. Fernando Morroni gaztea hil zuten eta beste hainbat eta hainbat pertsona zauritu. Roberto Facalek esaterako, 21 labankada jaso zituen bere etxeko sarreran. Haren argazki kameran poliziaren gehiegikeria asko agertuko zirela pentsatzen da, baina kamera hura ez da inoiz agertu.

Hamabost urte eta gero, gertakari haiek jendearen memorian jarraitzen al dute?

Oraindik ere, martxa bat antolatzen da urtero, abuztuaren 24an, gertakari haiek oroitzeko. Bertako jendeak esaten zuenaren arabera, gero eta jende gutxiago hurbiltzen da. Hala ere, Montevideon jende guztiak daki zer gertatu zen egun hartan eta batzuk isildu nahi badute ere, askok duintasun handiz gogorarazten jarraitzen dute bi lagun hil zituztela euskaldunen alde borrokatzeagatik. Horrek, oso erlazio berezia sortzen du brigadan goazen jendearekiko, eta euskaldunokiko oro har. Gainera, Uruguain astero emititzen da “Orain Euskal Herria” izeneko irratsaio bat, hemen gertatzen denaren berri zabaltzeko.

Brigada, beraz, ez da bidaiarekin amaitzen. Bueltan ere badago zer egina.
Bai garrantzitsua da bueltatzen zarenean han ikusitakoak hemen zabaltzea; han jaso duzun elkartasuna itzultzeko modu bat dela iruditzen zait.