2018an Mexikon hauteskundeak edukiko dituzte, boto zuzenez 6 urteetarako presidentea aukeratzeko, eta baita parlamentua eta senatua osatzeko ere. Hauteskunde bakoitza iristerakoan, horien garrantzia azpimarratzeko beharra edukitzen den arren,
Mexikon datorren urtean edukiko dituzten hauteskundeek garrantzi berezi bat hartzen dute behetik eta ezkerretik pentsatzen dutenentzat. CNI-ak (Congreso Nacional Indígena), ordezkari bat aurkeztuko du Mexikoko presidentetzarako, Marichuy, indigena, 524 urteetan zehar jasandako zapalkuntza eta umiliazioaren aurkako sinboloa, eta emakumea, sistema patriarkatu honek gehien sufriarazten duen erdi horren duintasuna ikusgarri egiteko. CNI 1996ko urrian sortu zen, Mexikoko jatorrizko herri, tribu eta nazioentzako elkartasun, gogoeta eta organizazio gune bezala, sistema kapitalistaren aurka borrokatuz, kultura eta herri guztiek lekua edukiko duten Mexiko bat eraikitzeko helburuarekin.
2016ko urrian, EZLN-k orain arte defendatutakoaren oso bestelakoa zirudien proposamen bat eraman zuen CNI-ren 5.Kongresu Nazionalera: 2018ko hauteskunde presidentzialetara, hautagai independiente moduan, emakume indigena bat aurkeztea. Espero zuten moduan, zalaparta handia sortu zen ordezkari ezberdinen artean, baina eztabaida luze baten ondoren EZLN-ren proposamenak aurrera egin zuen kongresuan. Ondoren, CNI-a osatzen duten ordezkariek beraien herrietara jo zuten, bertako asanbladetan hautagaitzaren inguruko eztabaida eman zedin. Prozesu luze baten ostean eta herri guztietako pertsonen gehiengoak proposamena onartuta, CNI-k hautagaitza bere egin eta publiko egin zuen.