Memoria daukagulako... eraso inperialistarik ez! Kontzentrazioa eta ekitaldia igandean Gernikan
Gernika euskaldunon ikur bilakatu da. Hain zuzen, aro garaikidean inperialismo basatiaren erasoaldirik bortitzena jasan genuen gurean. Duela 76 urte apirilaren 26ko hartan, lehenago hainbeste euskal herritan egin bezala, aurrez aurre izan genuen inperioen aurpegirik zikoitzena.
Hauek, ez baitute dudarik egiten, orain bezala lehen, euren interesak kontrajartzean, biolentzia eta bide militarrari ekiteko. Gertakari odoltsu haietan espainiar, italiar eta alemaniar faxistek aurrez aurre izan zituzten euskaldun eta ezkertiarrak.
Pasa den urtean burutu genuen ekimenean adierazi bezala, elkartasun eta borroka internazionalistaren esperientzia ahaztezinak ezagutu genituen, mundu osotik etorritako miliziano internazionalistak euskaldunekin batera, lubakietan, eskuz esku borrokatu baitzuten. Eraso koordinatu honi erantzun bateratua emanez, herri zapaldu eta herri langileak bat eginik. Honegatik, euskal internazionalistoi ere badagokigu, memoria historikoaren benetako zentzua baliatuz, gure iraganetik irakaspenak jaso eta borrokatu zuten haiek hasitako bideari jarraipena ematea.