Mendebaldeko Saharari buruz idaztea ez da ezer berria. Inolaz ere. Guztiok ezagutzen dugu, neurri batean, Marokoko erregimenak mantendutako okupazio egoera. Testuinguru honetan, ez dira berriak ere Gdeim Izik-eko kanpamenduaren aurkako erasoak eragindako istiluetan parte hartu omen zuten sahararrei ezarritako zigor izugarriak. Agerian uzten dute, beste behin ere, alauitar erregimenaren benetako aurpegia. Bere benetako izaerarena, odolarena, usurpazioarena, torturarena.
Gdeim Izik, Saharako herriari egindako iseka historikoaren aurrean emandako herritar erantzuna izan zen. Izan ere, NBEk berak aitortutako autodeterminazio eskubidea ez da inoiz heltzen herri honentzat, Marokoko erregimenaren joko zikina eta nazioarteko permisibitatea direla medio. 1991an adostutako su-etenaren ostean altxamendu batzuk gauzatu badira ere (1999, 2005ko intifadak…),
Gdeim Izik protesta adierazpen handiena izan zen, amorru eta duintasunaren adierazpena hain zuzen ere. 2010ko urriaren 10ean El Aaiún-etik gertu eraikitzen hasi zen kanpamendu horretan 20.000 saharar baino gehiago bildu ziren. Modu horretan, herri bezala ukatzen dituen okupazioa errefusatzen zuten, Sahara demografikoki kolonizatzera joandako kolono marokoarren aurrean 2. mailako biztanleak izatera kondenatzen dituen okupazioa.
Kanpamendu hori mugarri bat suposatu zuen okupazioaren aurkako erresistentzian. Hori islatzeko badaude bi baieztapen oso esanguratsuak. Alde batetik, han bertan parte hartu zuten askorena, Gdeim Iziken askatasuna arnasten zela esaten zutenean, El Aaiún-ek eta beste hiri okupatuek suposatzen duten Estatu polizialarekin alderatuz. Bigarren baieztapena Noam Chomskyrena, Gdeim Izik “Udaberri arabiar” deritzonaren lehenengo adierazpena zela esanda, nahiz eta protesta hau okupazio marokoarra babesten duten talde mediatikoek desitxuratzen eta isilarazten saiatu.
2012ko azaroaren 8an Marokoko indar errepresoreek eraso zuten kanpamendua (erasoa interneteko bideo batzuetan ikus daiteke). Oldar horren ondorioz saharar batzuk eta indar errepresiboen kide batzuk hilik izan ziren. Ondorengo etxe-sartzeak eta atxiloketak aste batzuetan zehar luzatu ziren, non ehunka lagun atxilotuak izan ziren, horietako asko torturatuak ere. Bilatzen ari ziren saharar batzuek ezkutatzea edo kanpora ihes egitea lortu zuten, baina beste asko kartzelaratuak izan ziren. Horietako 28 lagun epaituak izan ziren otsailaren hasieran, Rabatetik gertu dagoen Salé kartzelan bi urte baino gehiago giltzaperatuak igaro ostean, El Aaiún-etik 1.100 km-tara eta oso egoera gogorrean. Otsailaren 16an epaiaren erabakia ezagutzera eman zen: 9 preso biziarteko zigorrera kondenatuak, 4 preso 30 urtetara, 7 preso 25 urtetara, beste 3 20 urtetara eta gainontzeko 2ak espetxean igarotako denboragatik konputagarria den zigorrera.
Zigor zorrotz hauek erregimen alauitarraren izaera baino ez dute islatzen, baina, hau ezagututa ere, benetan amorragarriak dira. Baina amorru bera pizten dute Marokoko erregimenaren Estatu laguntzaileek, Sahararen okupazioa eta monarkia alauiar ustela bizirauteko ezinbesteko parte-hartzaileak. Hitzarmen komertzialak (haietako asko Saharako baliabideen lapurretan oinarrituta, arrantza edo fosfatoak kasu) eta armen salmentak (beren lege propioak hausten gobernu espainiar ezberdinek gauzatutakoak) zama handiegia dira giza eskubideen eta herrien eskubideen aurrean. Demokrazia eta legeen defendatzailetzat bere burua hartzen dutenak, EEBBak, Europar Batasuna eta erantzule zuzenenak, Estatu espainiarra eta frantsesa, borreroaren benetako sostengua dira. Manera oneko “demokrata” hauen itzulipurdiak agerian uzteko 1976an Tinduff-en Felipe González-ek esandakoak (interneten topatzeko oso errazak) eta gobernu espainiarren jarrera alderatzea besterik ez da egin behar.