Juan Luis Mugertza idazleak Gara-n argitaratutako iritzi artikulua.
Narkotrafikatzaileari alfonbra gorria
Uribe eta Urkulu argazki batean zeuden, irribarrez, elkarri bostekoa ematen. Ordubete egin omen zuten hitz egiten Badaezpada, ez zioten gogorarazi Uriberi azken 25 urteotan Kolonbian hilketek, sarraskiek, mehatxuek eta izuak bost milioi inguru pertsona desplazatu dituztela.
Politikan elkar hartzea ez da erraza. Edozein aitzakiak balio du ondokoak luzatutako aukerari uko egiteko, nork bereari eusteko. Euskal Herrian batzuk saiatu dira, behintzat, oraingo hauteskundeetan abertzale guztiok elkarrekin parte hartzen, baina euskal eskumak ezetz esan dio elkarren arrimuan joateari. EAJk urte asko daramatza politika egiten, orain, bat-batean, hartutako ohiturak alde batera uzteko, bestelako ibilbideari ekiteko. Gainera, sinetsita daude Amaiur koaliziokoek, jogurtek bezala, iraungipen data laburra izango dutela eta, sasoi batean moduan, beraiek jaun eta jabe izango direla. Ez, euskal eskumak ez du inolako abenturarik nahi. Aukeran nahiago du bakarrik joan, eta ez edozeinekin. Beldur dio atea zabaltzeari, ezezagunari. Interes handiak dituzte edozein apopilo hartzeko. Aukeran gustukoa, bestela inor ez.