paisos-2019

Herrialde Katalanetako brigadaren azken kronika!

Irailak 9 eta 10

Bi egunotako kronika bateratuko ditugu. Udalgintzan diharduten CUPeko eta COS Coordinadora Obrera Sindicaleko lagunekin egon ginen egunotan, eta haien lanaren zein elkarlanaren nondik norakoak azaldu zizkiguten Navasen –non CUPeko alkatea daukaten, bigarren legengintzaldiz- eta Sabadellen –hemen izan zuten alkatetza aurrekoan, beste alderdi batzuekin koalizioa eginda, baina orain PSC dago ERCren babesarekin.


CUP udalgintzarako propio sortutako herri plataformek osatzen dute. Ez da alderdi politiko tradizionala egitura eta lan egiteko moduari dagokionez, tokian-tokian antolatzen da. Zein eragilek parte hartzen duten, zein norbanakok, zein ingurune sozial edo geografiko den… Prioraten zein Vallsen, esaterako, argi kontatu ziguten CUPetik CUPera aldea egon zitekeela, eta batez ere CUP bakoitzak autonomia handia zuela erabakitzeko eta lan egiteko. Hau berretsi ziguten aipatu bi herrietan izan genituen bileretan.
Navasen Uriel gazteria, etxebizitza, ingurugiro eta sustapen ekonomiko zinegotziak egin zigun harrera. 6.000 biztanle pasa dituen herrian hirugarren legegintzaldia hasi berri du CUPek. CiUk luzaroan gobernaturiko herri honetan udalgintzarako mugimendua egituratzea parke publiko bateko zuhaitzak moztu izanak sustatu zuen. Herritar asko antolatu ziren desadostasuna agertzeko, baina aurreko udalbatza hark bereari eutsi zion eta zuhaitzak moztu eta bestelako azpiegiturak eraiki zituen, baita udal-agintaritza galdu ere, Urielek azaldu zigun legez.

Irakurri osorik!

Herrialde Katalanetako brigadaren 2. kronika!

Irailak 6

Egun luzea aurretik, gai batetik bestera saltoka goaz, eta agenda betea geneukan barikuan. Goizean Vallsera iritsi eta kontrastea ez da txikia, mendi inguru eta erreka zuloetatik herri handi batera baikoaz, Falset edo Els Guiametsen aldean galant askoa. CoopCampseko bulegoan ekin genion egunari, bertan beharrean diharduten Gerard eta Taisek egin ziguten harrera. CoopCamps eskualdeko zenbait kooperatiba biltzen dituen organoa da, eta hauei aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete, baita laguntza ere kooperatibak formalki osatzeko. Garai batean Grupo Mondragonekoek izan omen zituzten baloreak bihotzean –hau gure hausnarketa da, aipatu baldin bagenuen ere, ez da eta beraien erreferentea- jendearen bizi eta lan baldintzei so, herritarren bizi eta lan proiektuak sostengatzen dituzte. Besteren artean bertako kide diren Saurines ikus-entzunezkoen kooperatiba, Eixam arkitektura estudioa eta abokatuen bulego bat bisitatu genituen, alde zaharrean guztiak. Azken honetan esaterako, neska bat aritu da lanean autonomo bezala, eta orain beste mutil batekin batera kooperatiba gisara egituratzeko bidean daude, CoopCampsen laguntzarekin. Ostean auzoko bi eraikin huts barrutik ikusi genituen. Sentsazio berberak trabestu zigun bizkarrezurra: okupazioa, atea bota eta barrura. Alpargata eta zapatilak egiten zituzten bertan, eta arrastoak agerian zeuden oraindik, ordenagailu zaharrak, zapata kutxak, artxibadoreak zein Barçako 90eko posterrak nonahi… Baina hau ez da okupazioa, etxebizitza proiektu kooperatibista baizik!

Jarraitu irakurtzen!

Herrialde Katalanetako brigadaren kronika!

Irailak 2

Goizean abiatu ginen Gasteiztik, Teruel inguruan geldialdi bat egin ostean bazkaltzeko iluntzerako iritsi ginen gure lehendabiziko geldialdira: Burjassot. Bertako Bassoteko kide Mercérekin elkartu ginen eta etxe bateko giltzak utzi zizkigun laurok bertan gera gintezen. Astia genuenez, erosketa txiki bat egin eta herria ezagutzeko parada izan genuen.

 

Irailak 3

Kontaktuak eginda, kontrapartidekin hitz eginda eta programa betea, abian gara! Paternan ekin genion gure ibilbide programatuari. Memoria historikoari buruz jardun zuen hizketan bertako Macek. Hilerria eta ingurumariak bisitatu genituen berarekin, eta datu eta zifra dantza gora behera, Espainiako Gobernu errepublikazalearen aurka emandako 36ko estatu kolpearen ondorioz sortu zen gatazkan, Paterna izena odolez idazten hasi ziren. 1939an jausi zen Paterna tropa faxisten eskutan, gatazkaren hasieratik 44 bonbardaketa jaso ostean. Babesleku izandako bertako eskola eta komentuak frankismoaren kartzela bihurtu ziren, eta hala izango ziren luzaroan. Sarraski gune izango zen Paterna 1956ra arte. Bertako hobi komunez hitz egin zigun Mac kideak, eta emandako datuak oilo-ipurdia sortzeko modukoak dira. Errejistroaren arabera, gutxienez 2238 pertsona fusilatu zituzten bertako hilerriaren aldamenean dagoen tiro-zelaian. Ondoren, hilerriko hobi komunetan ehorzten zituzten, batzuetan lau eta baita bost egun ezberdinetako jendearen gorpuak pilatzeraino hobi berean. “Sakak” egiten zituzten; horrek esan nahi du, gauean joaten zirela izen zerrenda batekin, izan zitekeena seikoa edo zortzikoa, baina baita berrogei edo berrogeita hamar pertsonarainoko sakak ere. Eraildakoaken %95a gizonezkoak ziren, helduak gehienak, nahiz eta 16 urteko gazteak ere hil izan zituzten. Gaur egun 400 bat gorpu lortu dute familiei itzultzea, eta azken urteotan diputazioa eta udalak hasi dira gorpuen identifikazio prozesuan laguntzen, finantzatzen eta abar. Baina urte askoan, egin diren lanak memoria lantzen duten elkarteek eta familiek egin behar izan dituzte, autonomoki eta inolako babes instituzional eta ekonomikorik gabe.


Mac agurtu ostean, Valentziara abiatu ginen CSO L´Horta gune autogestionatua bisitatzera. Bertara ailegatzean, Omarrek, kontrapartidaren kontaktuak, harrera egin zigun eta L´Hortako funtzionamenduari buruz egin genuen berba gunearen leku desberdinak ikusten genituen heinean. Hilabetean bitan egiten diren asanblada orokorretan erabakitzen dira gai garrantzitsuenak; hala ere, hainbat lan-talde dira sail bakoitzaren arduradunak: baratza, ludoteka, entsegu lokala, bizikleta tailerra, boxeo taldea edota serigrafia tailerra. Aipatu beharra dago lantalderik gabe funtzionatzen duen doako arropa biltegia. Baratzean giro anitza arnasten zen, hainbat adinetako Benimacleteko auzokide ugari ailegatzen baitziren haien lur zatia lantzeko.


L’Horta 1989rako okupatuta bazegoen ere, eta aldi ezberdinak pasa ditu, eta ez du erabilera sozialik izan azken urteotara arte. Presentzia nabarmena hartu du gunean PAI delakoak. Azken batean Euskal Herrian ondo ezagutzen ditugun auzo “gatazkatsu eta degradatuak” nola bergizarteratzen diren, dela Gasteizko alde zaharreko PERI, dela Bilboko hainbat auzoren berriztapenak. Auzo identitateak deuseztatzea, etxebizitza eskubidea are gehiago pribatizatzea, auzo popularrak elite batzuen eskuetan jartzea, postalak sortzea auzo bizitzaren erailketa suposatzen badu ere. Urbanizazio prozesu basatiak, dinamika sozialen erauzketa errotik. Horixe suposatuko du Benimacleten dauzkaten eraikuntza asmoak gauzatzen badira. Horren aurkakotasuna artikulatzeko gunea ere bada L’Horta.


CSOtik ateratzean, Benimaclet auzoa ezagutzeko aukera izan genuen. Terra Taberna, hamaika ekimen sozial eta herrikoi egiten eta jorratzen dituen gunea, tamalez, itxita zegoen eta auzoko beste taberna batean bertako auzokideekin berba egiten egon ginen.