bizielkartasuna

Bizi elkartasun internazionalista! Ekainak 11,12 eta 13 Hernanin

EMAN IZENA HEMEN

HEMEN DA "BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIETAKO EGITARAUA!

Datorren ekainaren 11, 12 eta 13an Hernanin egingo ditugun "Bizi Elkartasun Internazionalista" jardunaldietako egitaraua prest dugu.

Hernaniko hainbat txoko internazionalismoz janztera goaz, zatozte!

 

 

"BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIETARAKO IZEN EMATEA ZABALIK!

 

Gaur, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko egun honetan, Hernanin batu gara ekainean egingo ditugun “Bizi elkartasun internazionalista” lelopean antolatutako jardunaldi internazionalisten edukia aurkezteko.

 

Lehenik eta behin, munduan zehar dauden errepresaliatuen, eta bereziki, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen askatasuna exijitzen dugu, hauen lan militantea aitortzen dugularik.

 

Askapenak, Euskal Herriko erakunde internazionalistak, urte luze dirau Euskal Herri aske eta internazionalista baten alde lanean. Asko izan dira urte hauetan zehar burututako ekimenak,  euskal jendarteari kontzientzia internazionalista sortzera bideratuak egon direnak. Oraingoan ere, lan horrekin jarraitzeko beharra ikusten dugu eta bide luze horren hurrengo mugarria ekainaren 11,12 eta 13an Hernanin egingo ditugun jardunaldiak izango dira.


    
Jardunaldi horiek internazionalismo iraultzailearen oinarriak azaltzeko baliatuko ditugu, edozein herrik bere askatasuna lortzeko bidean ezinbestekoa duen tresna baita. Internazionalismoa norbere herriak beste askapen prozesuekin duen konpromisoa izateaz gain, norbere herria askatzeko behar dituen ikaspenak eta aliantzak lortzeko tresna ere badelako, eta zentzu horretan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Euskal Herri borrokalariak aurrera eramango duen internazionalismoaren oinarriak finkatzea.

"BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIAK HERNANIN

Beti hala izan bada ere, garai bereziki zailak bizi ditugu zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok. Garai zailak, jendearen arteko harremanak gidatuko dituen oinarrizko printzipio etikoa elkartasuna izango den mundua nahi dugunontzat. Horretaz guztiaz hausnartzeko, Askapenatik “Bizi elkartasun internazionalista” izeneko jardunaldiak antolatu ditugu ekainaren 11, 12 eta 13an, Hernanin.


Covid19ari (edo koronabirusari) aurre egiteko aplikatutako politikek kapitalismo heteropatriarkalari lotutako sintoma guztiak biderkatzea eta bizkortzea ekarri dute. Beldurra giza-harremanen zirrikitu guztietan zabaltzen da; “ahal duenak bere burua salba dezala” lelo famatuari segika, lehia biziak edozein kolektibitate-zantzu mehatxatzen du. Osasun-arazo orokor bati irtenbidea aurkitzea bezain oinarrizkoa den zerbait, merkatuko lege basatienek gidatu dute, kolpe, mehatxu eta pelotazoen laguntzaz. Mundua gelditu dela sinestarazi nahi digute, eta harekin batera guk ere gelditu behar dugula, langile-klasearen aurkako mundu mailako erasorik handiena burutzen ari den bitartean, eta esku-hartze inperialistek eta euren askapenaren alde borrokan diren herrien aurkako errepresioak jarraitzen duten bitartean.


Zalantzarik gabe, ezkortasunean eta atsekabean itotzeko elementu guztiak mahai gainean ditugu, baina, Askapenatik, jakin badakigu ezin dugula amore eman, pentsamendu horiek desesperatzera bakarrik eraman gaitzaketelako: ekintza eta erantzukizun guztiak gobernatzen gaituztenen esku utzi behar ditugula pentsatzera, alegia. Era berean, jakin badakigu Euskal Herriak eta munduko gainontzeko herriek kapitalismoaren erasoaldi berri horri aurre egiten jakin dutela, bai eta antolatzen ere.

Iaz, apirila eta maiatza artean egindako formakuntza-zikloan, hainbat esperientzia nola garatzen diren ikusi ahal izan genuen, Boliviatik Siziliara, edota Herrialde Katalanetan; besteak beste, zaintza-sareak, ehun militantea biderkatzea, kontzientzia kolektiboa hartzea eta herri boterea artikulatzea mehatxu faxistaren aurrean. Berehalako laguntza migratzen dutenei, kaleak borroka eta lan politikorako espazio natural gisa aldarrikatzea... Elementu horiek ezarri genituen oinarri gisa askapenaren bidean aurrera egiten jarraitzeko.


Horregatik guztiagatik, aurrera egiteko determinazio osoa dugu eta atzera egiterik ez dagoela uste dugu irmoki. Askapenatik argi daukagu internazionalismotik gure herria eta munduko gainerako herriak askatzeko borrokatzen jarraitu behar dugula. Gaur inoiz baino gehiago, eta egungo erasoari aurre egiteko. internazionalismoa borrokarako ezinbesteko tresna dela uste dugu. Izan ere, orain, ofentsiba kapitalista betean, inoiz baino beharrezkoagoa da ezarritako botereari hainbeste min ematen dioten harreman horiek elikatzen jarraitzea.