Mosku auzoko festetan murgilduta egon arren, Irungo hamarnaka lagunek elkartasuna adierazi diote herri kurduari. Estatu Islamikoaren eta bestelako potentzia inperialisten erasoen aurrean gauzatzen ari diren erresistentzia goraipatu dute, eta Turkiaren jarrera salatu.
Gaiarekin harremanduz hemen irakurgai eta ikusgai dituzue udara honetan Kurdistanen izandako brigadaren kronika eta esperientziak.
Hemen Irungo Askapenaren oharra:
Kurdistango herria eredu da. Eredu, Lehen Mundu Gerra ostean, Frantzia eta Britainia handiak (bi potentzia inperialista garaileek) kurduen lurraldea lau estatu ezberdinetan banatu arren, inposaturiko etorkizunari uko egin eta honi aurre egiteagatik. Eredu, 70. hamarkadan, bizi zuten zapalketaren erroak identifikatu, eta honi aurre egiteko PKK bezalako tresna eraginkor eta indartsua eratzen jakiteagatik. Eredu, 90. hamarkadan, Turkiako ejertzitoaren ofentsibari, eta Estatuaren apartheid politikari duin eta tinko aurre egiteagatik. Ekialde hurbilaren errealitate etnikoa ulertu, eta askapen borroka birdefinitzeko gaitasunagatik, inguruko herriei konfederalismo demokratikoa bezalako planteamendu askatzaile bat luzatzeko gaitasunagatik, eredu da. Eta nola ez, inperialismoaren ondorio den DAESHen aurrean erakutsitako indarrarengatik, eta Rojava-ko kantoian euren utopia konfederala praktikan jartzen hasteagatik eredu da Kurdistango herria.