Greziaren azken urteetako historia datorkigu burura, Atenasera iritsi bezain pronto. Historia hori ezinbestekoa da gaur egungo Greziaren koiuntura politikoa zein ekonomikoa ulertzeko.
[...]
7 urte geroago, “Troikari Ezezkoa” ausardiaz eta erresistentziaz beteriko ariketatzat gogoratzen da. Hala ere, herrialdeko botere publikoen traizioak eta Europako botak Greziako lepoan, langile-klaseari sekulako kaltea egin diote, bai eskubide material eta sozialen eremuan, bai antolatzeko aukeretan.
Europako eliteek beste ekonomia krisi-ziklo bat datorrela esanez mehatxatzen dute, eta ozen aldarrikatzen dute haren jatorria pandemian eta Ukrainako gerran dagoela. Hala ere, hegoaldeko ekonomia askok, batez ere Greziakoak, ez dute krisia besterik ezagutu duela 15 urtetik hona. Erreskateak ezarritako baldintzek, hain zuzen ere, zorra, prekarietatea eta pobrezia areagotu dute. Lehen memorandumean, Greziako zorra BPGaren %120koa zen; orain, %200etik gorakoa da, eta EBZak ezarritako interes-tasa %3koa da. Greziako ekonomia erabat bahituta dago. Hala, egungo baldintzak kontuan hartuta, 100 urte beharko liratezke zorra ordaintzeko. Are gehiago, ekonomia gehiago tertziarizatu da: EBn sartu aurretik, Greziako nekazaritza-ekoizpena BPGaren %13 zen, orain %3 baino ez da. Erosteko ahalmena jaitsi egin da, % 12,1eko inflazioa eta gutxieneko soldaten eta pentsioen murrizketa sistematikoa direla eta, eta, ondorioz, Grezia, EBn, posizio prekarizatuenetako eta menpekoenetakoan dago.
Greziak argi erakusten du, burgesiaren eta bere kapitalen metatze-zikloa eta irabazi-tasa bermatzeko, kapitalismoak duen erantzun bakarra esplotazio handiagoa, kapital-kontzentrazio handiagoa eta indarkeria eta errepresio handiagoa dela. Hori bera frogatzen dute Alexandros Grigoropulosen, Pavlos Fyssasen eta Vassilis Magoradoren erailketek. Haiek gogoratu nahi ditugu; erresistentzia antifaxistaren adibide, poliziak eta Amanecer Dorado alderdi politiko neonaziak erailak.