URUGUAI: La solidaridad es la ternura entre los pueblos
1994. urte hartan, Espainiar Estatuak bere tresna guztiak erabili zituen errepresioa eta zigorra aplikatzeko. Estatu terrorismoa erabili ostean, 90. hamarkadan Euskal Herriaren askapenerako borroka mundu mailan deslegitimatzeko saiakera hasi zen. Honen ondorioz, 1992an 30 herritar atxilotu zituzten Uruguayn, haien artean 13 euskaldun. Denboraren eta justiziaren poderioz, hasierako hogeita hamar atxiloketetatik hiru gelditu ziren estradizio aginduarekin: Goitia, Lizarralde eta Ibanez. Uruguayko abokatu zein politikari ugarik zentzu gabeko erabakitzat hartu zuten, gainontzekoek asilo politikoa eskuratu bazuten, askapen borrokan parte hartzea arrazoi politikoa zela argudiatzen zuten, hortaz hiru hauek estraditatzea ulergaitza zen. Are gehiago Espainiako komisaldegietan torturatuak izango zirela argi zegoen bitartean.
Kartzela barruan zein kanpoan zeuden euskal errefuxiatuek tinko eutsi zioten duintasunari eta preso gelditu ziren haiek gose greba erabili zuten arma gisa. Izan ere, arrazoi politikoengatik zeuden Uruguayn eta eskubidea den asilo politikoa besterik ez zuten eskatzen.
Felipe Gonzalez “sozialistak” anbulantziak eta polizia autoak oparitu zizkion Lacalleren gobernuari, beraz Uruguayko gobernuak ere, salduta, bat egin zuen bide errepresiboan bere txakurrei agindu zehatzak emanez. Honela iritsi zen 1994ko abuztuaren 24a, Espainiara kanporatuak izateko azken eguna. Hiru euskal presoak Filtroko ospitalean zeuden zeramaten gose grebaren ondorioz. Uruguayko milaka herritar ospitale kanpoan bildu ziren elkartasun ariketa sendoa eginez. Izan ere, bi urtetan aurrera eraman zen prozesu horretan, herritarrek Uruguayk asilo politikoaren alde izan zuen jarrera historikoa defendatzen zuten, onartezina zen gobernuak hiru euskaldun horiek justizia jasoko ez zuten estatu batera estraditatzea.
Elkartasun saio hori garesti ordaindu zuten, ordea. Estraditazio egunean Uruguayko poliziak Filtroko ospitalea inguratu zuen, errepresioa kolpeka hasi zen, baina hiru euskaldunak aireportura eramateko garaian eman zioten hasiera benetako sarraskiari. Kaleko argiak itzali eta manifestari ororen aurka hasi ziren tiroka, kasu batzuetan manifestariak despistatzeko prestatutako gezurretazko anbulantzietatik ere egin zuen tiro poliziak.
Amorru handiz esan behar dugu bertan erail zituztela Fernando eta Roberto. Fernando bost tirorekin akatu zuen poliziak. Roberto bere etxe aurrean erail zuten, labankadaka, froga asko eduki zitzakeen kamera lapurtu ostean. Amorru handiz, beraz, esan behar dugu Normak ez duela bere semea berriro besarkatuko. Izan ere, Uruguayko poliziak asilo politikoaren defentsan zeuden herritarrak modu bidegabean zigortu zituen.
[ ... ]