Brigadak2023

2023KO BRIGADAK: ARGENTINA-URUGUAITIK AZKEN KRONIKA

 

Bizitzaren sostengurako baliabideak dituen herrialde batean, nola da posible pobrezia gora joatea? Nola ulertu 400 milioi pertsonarentzako elikagaiak ekoizten dituen herrialde bat gosez hiltzen egotea? Ez da zaila erantzuna. Sistema kapitalista da, eta argentinar lurraldeetan logika estraktibisten bidez gauzatzen da. 


Logika basati hau, pribatizazioen azelerazioaren kariaz, baliabide naturalak ustiatzen ari da. Adibide larrienetarikoa, azken boladan hautsak harrotu dituen kasua da. Iparraldeko Jujuy probintzian, jatorrizko herriek aspalditik dihardute estraktibismoaren kontrako borrokan.


Zonalde horretan, “litioaren triangelua” dago (Argentinak, Txilek eta Boliviak elkarrekin duten mugan), hots, Lurreko litio erreserben %50 inguru dagoen espazioa da. Oso material preziatua da, adibidez, energia baterietan edo teknologia termosolarrean biltegiratzeko duen erabilgarritasuna dela eta. Beraz, garrantzi estrategiko handiko eremua da, Abya Yala osoan nagusi den erauzketa-logikari erantzuten dio: esaterako Amazonaseko deforestazioa, meatzaritza -minerala, harria...-, akuiferoen pribatizazioak, nekazal guneetako monolaborantza eta produktu kimikoen erabilera etab. Jatorrizko komunitateek kapitalari arrotz egiten zaion bizimodu komuna dute oinarritzat. Bizitza versus kapitala kontraesana agerian uzten du kasu paradigmatiko honek: batzuk bizitzeko eta naturarekin harremanetan jartzeko daude bertan; besteek, berriz, ustiaketa eta kapital metaketarako.

 

[...]

2023KO BRIGADAK: ITALIATIK AZKEN KRONIKA

 BRIGADAKO GAKORIK GARRANTZITSUENAK ETA EUSKAL HERRIRAKO IRAKASPENAK

 

Italiar Estatuari buruzko azken kronika honetan parte hartu dugun espazio eta topaketetan landutako hainbat kontu aztertu nahi genituzke. Helburua da, alde batetik, italiar Estatuko mugimenduen artean izaten ari diren eztabaida nagusiak mahai gainean jartzea; eta, bestetik, Euskal Herriko herri mugimenduarentzat irakaspen posible batzuk plazaratzea. Horregatik, hiru gai aukeratu ditugu:


1. Krisi ekologikoa eta borroka ekologisten garrantzia
2. Lurraldearen eta lurralde-borroken zentraltasuna
3. Errepresio mota zaharrak eta berriak

 

1. Krisi ekologikoa eta borroka ekologista berrien emergentzia


Estatu Italiarrean egondako denboran klimaren auziari eta mugimendu ekologistei ematen ari zaien garrantzia ikusi dugu: egon garen topaketa guztietako gai nagusietako bat izan da. Azken urteotan mobilizazio ekologistak izan dira mugimendu italiarrean egin diren garrantzitsuenetarikoak, eta jarraipen bereziki handia izan dute gazte eta ikasleen artean (Fridays for Future, aldaketa klimatikoaren aurkako grebak, trantsizio ekologiko bidezko baten aldekoak…).

 

Azken garaiotan asko dira Estatu italiarreko antolakundeak aztertzen ari diren gaiak, mugimendu hauetan parte-hartu eta modu efektiboan dinamizatzeko helburuarekin. Hainbat dira haien buruari egiten dizkioten galderak: nola artikulatu krisi klimatiko eta ekologikoaren diskurtsoa inperialismoaren militarizazioarenarekin, eta, modu orokorrago batean, krisi kapitalistaren diskurtsoarekin? Nola egin mugimendu hauek sektorial izateari utz diezaioten, eta berrosatze politikorako palanka izan daitezen? Hona hemen interesgarri iruditzen zaizkigun gako batzuk:

 

[...]

2023KO BRIGADAK: VENEZUELATIK 3. KRONIKA

UNIÓN COMUNERA

 

“Sozialismoranzko bidean aurrera egiteko, Venezuelako gizartean dirauten zapalkuntza-, esplotazio- eta menperatze-logikak desegiteko gai izango den herri-boterea behar dugu, eguneroko bizimodutik harremantze-mota berriak eratzeko gai izango dena, ahizpatasuna eta elkartasuna oinarritzat hartuta gure herriaren bizitza materiala planifikatzeko eta ekoizteko modu berrien etengabeko premiarekin. Horrek esan nahi du oinordetzan jaso dugun Estatu burgesaren forma erabat deuseztatu behar dela, oraindik bere praktika zahar eta kaltegarrien bidez erreproduzitzen dena, eta kudeaketa politikorako modu berrien asmakuntzari jarraipena eman behar zaiola.“
Hugo Chávez. 2012

 

Unión Comunera 2019. urtean sortu zen hainbat eragile komunal eta sozialen elkartzearen fruitu. Chavismotik herri-boterearen batasuna sustatzeko, botere komunala hauspotzeko eta krisiari aurre egiteko asmoarekin eztabaida-prozesu luzea eman ondoren sortu zen. Berehala herrialdeko eragile askorekin saretzen hasi ziren, eta ehun bat elkartzea lortu zuten. Hortik tiraka, Unión Comuneraren lehen Fundatze Kongresua egiteko beharra ikusi zuten, baina Covid-19 izurritea zela eta, atzeratu behar izan zuten. Azkenean, 2021ean aurre-kongresu bat eginda Urachicheko Alí Primera Komunan, 2022an burutu zuten El Maizal Komuna Sozialistan.

 

"Komuna zelula sozialista bihurtu behar da; bertan habia egin behar dute ahalegin etiko, moral, politiko, ekonomiko eta sozial guztiek, miseriaren aurka borrokatzeko."
Hugo Chávez. 2008

 


"Iraultzak (…) kapitalismoaren berezko munduaren ikuspegia errotik aldatu behar du, gizarte-sarea berreraikiko duten ekintzak abiarazi behar ditu, eta, horretarako, tokikoa maila unibertsalera igo behar du. Harreman politikoak, sozialak, ekonomikoak, antolakuntzakoak eta espiritualak ezartzea oinarritik nazio-mailara arte — nukleotik, nik esango nuke, zelulatik hasi eta nazio-maila osora arte ".
Hugo Chávez.
Aló Presidente Teorikoa 1
2009ko ekainaren 11

 


Estatu komunal berriaren antolakuntza-zelula oinarrizkoena kontseilu komunala izango baldin bada, Unión Comunera esperientzia komunalen arteko nazio-mailako saretzea da, elkarren artean artikulatzeko eta koordinatzeko. Helburu gisa, hain zuzen, Komunen Federazio Nazionala sortzea du, Estatu Komunala sortzeko aurrerapausoak emateko, eta Estatu burgesaren logika liberala gainditzeko modu bezala. Horrez gain, Unión Comunerak bere ekarpena egin nahi dio Sozialismo Bolibartarrari antolakuntza komunaletik, eta izaera internazionalista du munduko beste proiektu iraultzaile eta sozialistekiko. Horiexek izan ziren antolakundeari esleitu zizkioten balore eta printzipioak 2022ko fundazio-kongresuan aurkeztu zituzten programa eta estatutuetan.

 

[ ... ]

 

 

 

2023KO BRIGADAK: ARGENTINATIK 2. KRONIKA

ESTATUA GERO ETA AHULAGOA; LANGILERIA GERO ETA KOLPTUAGOA

Argentina, gainerako estatu burgesak bezala, indarkeriaren monopolioari eusten tematzen da. Bere historian adibide asko aurki daitezke, baina herrialdean bizi diren krisi eta ezegonkortasun egoera etengabean "gatillo fácil" deritzona da kasurik nabermenetako bat. Hau da, poliziak auzo pobreenetako mutilak tiro egiten eta hiltzen ditu, lapurretaren bat edo delitu txikiren bat egin izana faltsuki leporatuz. Indar errepresiboak horrela jokatzen du jakin badakitelako zigorrik gabe geratuko dela eta estatuaren aparatu osoa daukala atzean. Bestalde, duela gutxi, abuztuaren 10ean, gertatu zen beste adibide zehatzago bat: poliziak Facundo Molares militantea hil izana da. Gertakari hori kameraz betetako leku batean eman zen poliziari ez zaiola ezer axola argi eta garbi erakutsiz, batez ere helburua militante bat paretik kentzea denean. Bi adibide baino ez dira, bata sistematikoa eta bestea kezkagarria, krisi ekonomiko eta politikoan dagoen herrialde batean borrokarekiko jazarpen sistematikorako, errepresiorako eta inpunitaterako joera has baitezake, non eskuin muturreko hautagai trumpista batek presidente bihurtzeko aukera asko dituen.

 

Orriak