Brigadak2023

2023KO BRIGADAK: ITALIAR ESTATUTIK 2. KRONIKA

BARRIKADETAN DANTZAN: NO TAV MUGIMENDUA


Arnas luzeko erresistenzia: hiru hamarkada borrokan


Italiar Estatuko iparraldean, Alpeetan, 30 urtez Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrak oztopatzea lortu duen herri borrokalari bat dago: ongi etorri Val di Susa-ra! “No Tav” 90eko hamarkadan sortu zen herri mugimendua da, 2000. hamarkadaren erdialdean egonkortutakoa. 


Mugimendu horren ibilbidean bi inflexio puntu egon dira: Venaus-eko eta Maddalena-ko gertaerek markatutakoak. Venausen 2005.urtean AHT-ren ibilbidea aldatzea lortu zuten. Une hartan “presidioa” (lurraren okupazio iraunkorra) erabili zen lehen aldiz, azken 30 urtetan mugimenduarentzat hain garrantzitsua izan den tresna. Urte batzuk geroago Maddalena herrian beste presidio bat eraiki zen “Libera Repubblica de la Maddalena” izendatutakoa. Okupazioak hilabete iraun zuen eta, lursaila birjabetzeaz gain, bizitza komunitario, formakuntza eta espermentazio politikorako gune bihurtu zuten. Hilabete pasata, astebeteko istiluen ondoren, Estatuak presidioa desalojatzea lortu zuen. Orduan errepresio fase bortitza hasi zen, gaur egun oraindik dirauena. Horren adibide da gure egonaldian zehar gauzatu duten operazio poliziala:

 

https://twitter.com/Brigadak2022/status/1683536274747998210?t=rWLYO318pj75hzqu44p27A&s=19

 

[...]

2023KO BRIGADAK: GREZIATIK 1. KRONIKA

GREZIA MODERNOA, SUBORDINAZIO ISTORIO BAT

 

 

Historia luzea du Greziar nazioak, baina honen historia modernoa laburtu beharko bagenu, 1829 urtea ezarri beharko genuke, Otomandar inperioarengatik independizatu zen urtea, hain zuzen ere. Denborarekin herrialdearen mugak eta biztanleriaren jatorria aldatuz joan diren arren, ukaezina da bilakaera honetan, greziarrek atzerriko potentziekiko izan duten dependentzia politiko, ekonomiko eta militarra. Ez da kasualitatea beraz, Greziar Erreinuaren lehenengo urteak arautu zituzten hiru alderdiak, Alderdi Errusiarra, Frantsesa eta Ingelesa izatea, bakoitzak ikuspegi politiko propioa izanik ere, heuren jatorrizko herrien interesen alde ekiten zutelarik.

 

Iraultza liberalen eta nazio estatuen sorreraren mendean zehar, hainbat gerrak eragin handia eduki zuten Greziar Erreinuaren bizitza politikoan, ekialdean zeuden otomandarrak arerio politiko nagusiak izan zirelarik. Garai honetan, greziarrek nabarmen egin zuten aurrera mugen hedapen geografikoari dagokionez.

 

Kontuan hartu beharra dago XIX mendea industrializazioaren urteak izan zirela Britania Handia, Alemania edota Italiako bezalako herrietan. Europako hainbat erresuma eta errepublikak euren ekonomia modernizatu zuten eta honek klase gizartearen sorrera ekarri zuen. Grezian ordea, oso bestelako garapen sozioekonomikoa gauzatu zen, Europako beste potentzia nagusiekiko dependentzia zela eta, ez baitzen urte haietan zehar inolako industriarik garatu. Horren ondorioz, ez zen sekula Grezian produkzio bitartekoen jabetza eta ekonomiaren gaineko kontrola zuen burgesia nazional indartsurik egituratu, eta horren ordez, norberaren posizio soziala indartu eta kanpoko herrien interesen menpe jardungo zuen aristokrazia baino ez zen existitu.

 

Venizelos eta Metaxasen moduko politikariek arautu zuten barne mailako politika XX mendean zehar, baina ahultasuna eta beste potentzia batzuekiko menpekotasuna agerikoa zen oraindik ere, eta Lehenengo Mundu Gerra heldu zenean, Otomandarrek ez zuten greziarren neultratasuna onartu. Gerra Handia 1918an bukatu zen, nahiz eta handik hilabete batzuetara Greko-turkiar Guduak egin zuen eztanda. Greziako Erreinua eta sortu berria zen Turkiako Errepublika hiru urtez borrokatzen egon ostean, guda amaierara heldu eta bien artean lurralde eta biztanleriaren banaketa egin zen. Esate baterako, Esmirnako hiriko biztanleria guztia helendarra izanik ere, hiria Turkian mantendu zen, bertako herritar guztiak Greziara bidaliz. Aldi berean, gehiengo islamiarra zeukan mendebaldeko Traziako lurraldea, Greziaren barne gelditu zen eta gobernuak minoria bezala onartu zituen.

 

[...]

2023KO BRIGADAK: ITALIAR ESTATUTIK 1. KRONIKA

FAXISMOAREN HAMAIKA AURPEGIEN AURKA: ANTIFAXISMO SOZIALA

 

 

Milaneko gure kontrapartea ZAM (Zona Autonoma Milano) espazioko kideak izan dira. Poliziarena zen abandonatutako eraikin okupatu bat gestionatzen dute, baina haien lanaren funtsa auzokideekiko egiten dituzten proiektuak dira: irratia, palestra (ginmasioa), antzerki gela, liburutegia, kontzertuetarako gela, sukaldea, hiri baratzea…. Dena den, proiektu guzti hauen helburua auzoan balore eta anti-gorputz antifaxistak hedatzea da. “Antifaxismo soziala” deitzen den teoria darabilte: hau praktika antifaxista ulertzeko forma berria da, ez dena talde faxistekiko gatazka eta aurkakotasunera mugatzen (nahiz eta haien borrokaren ezinbesteko alderdia izaten jarraitzen duen honek). Izan ere, planteatzen dutena antifaxismo integrala da, lurraldeetan balore antifaxistak hedatzen dituena eguneroko praktikaren bitartez. 

 

[...]

 

 

 

Badatoz 2023ko brigadak!

Che Guevara komandanteak elkartasuna herrion arteko xamurtasuna dela esan zuenetik sei hamarkada baino gehiago pasatu diren arren, inoiz baino agerikoagoa da elkartasun internazionalista herrien arteko ezinbesteko tresna dela. Urte luze hauetan,  ehunka izan dira  prozesu iraultzaile ezberdinetara joan diren militanteak, borroka moldeak gertutik ezagutu eta bueltan Euskal Herrian, praktika iraultzaile horiek oinarri hartuta, askotariko lanak egin dituztenak Euskal Herriko prozesu iraultzailea bera elikatzeko eta nazioarteko herri langileen borrokei ere ekarpena egiteko.

 

Internazionalismoa norberaren askapen borroka nazioarteko estrategia batean kokatzea da, zapaltzen gaituen sistema osoa suntsitzeko xedea, alegia, nor bere herriaren mugetatik haratago joatea. Internazionalismoa elkartasuna praktikan jartzea ere bada, eta horren baieztapen nagusia langileriaren askapena buru izango duen praktika bultzatzea da. Euskal Herriko langileriaren askapena nahitaez munduko langileriaren askapenarekin lotuta dago. Euskal Herriko borrokan antolatuta gaudenoi gainontzeko askapen borrokekin batzea dagokigu halabeharrez, hala ez bada, norberaren borrokak ez baitu etorkizunik izango.

 

Hain zuzen ere, zentzu hori dute brigadek, elkartasun internazionalistari ezin baitzaio begi bakarrez begiratu. Elkartasun internazionalista, munduko beste herri langileei babesa eta elkartasuna emateaz haragoko zerbait da, borroka berean gaudela ulertzea da. Elkartasunak, eraginkorra izan dadin, beste herrien prozesuen garapenerako baldintza errealak sortzen lagundu behar du. Horretan lagundu ezean, elkartasunak ez baitu zentzurik. Eta baldintza horiek sortzeko, geure askapen prozesua elikatzeak eta, era berean, Euskal Herri internazionalista eraikitzeak du sekulako pisua, elkartasuna horrela eraginkortzen delako.

 

Aurtengo brigadak norabide horretan zentratu nahi ditugu. Brigadisten lana, beraz, Europako, Ekialde Hurbileko eta Abya Yalako askapen borroken ezagutza euskal herriratzea izango da. Azken hilabeteetako gertakariek argi utzi dute, beste behin ere, Europar Batasunaren egitura inperialistak apurtu ezean ez dela askapenik izango, horregatik, ezinbestekoa da europako herri langileon arteko harremanak indartzea. Hori dela eta, Europako herriek bizi duten egoera eta ofentsiba inperialistaren aurrean antolatutako mugimenduen errealitatea ezagutzera joango gara.

 

Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu. Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu, besteak beste. Ekialde Hurbilari dagokionean  inperialismoaren eta kolonialismo sionistaren aurkako herri erresistentziak ezagutuko ditugu.

 

Hori guztia dela eta, aurten elkartasun internazionalistaren antolakuntza jarri nahi dugu zentroan, bi eremutako antolakuntza, Euskal Herrian egin beharrekoa eta nazioartean egin beharrekoa.

 

Gaurtik aurrera, eta apirilaren 9a bitarte, brigadetan izena emateko epea zabalik egongo da. Jarri gurekin harremanetan brigadak@askapena.eus helbidean.

 

Elkartasun internazionalista antolatu!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Hamaika herri, borroka bakarra!

Orriak