Nekane Txapartegi 1999. urtean atxilotu zuten, Baltasar Garzón instrukzio epaileak sortutako “dena da ETA” tesia jarraituz. Euskal independentisten aurka hamarkadetan iraun duen estrategia horren hastapena izan zen. Torturak salatu zituen: elektrodoak, poltsa, sexu jazarpena pairatu zituen, eta hori gutxi balitz, lau poliziek bortxatu egin zuten. 2006an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak, 18/98 sumarioaren Xaki atalean. Ondoren, estatu espainiarretik alde egin zuen, berriro atxilotua edota torturatua izateko arriskutik ihesi. Orduz geroztik, Suitzan bizi izan da bere alabarekin, atxilotu duten arte. Pasa den apirilaren 6an atxilotu zuen Nekane Suitzako Poliziak, Zurichen, Espainiako Poliziarekin batera egindako operazioan.
Orain, estradizio prozesuan sartuta gaude. Espainiar Gobernuak Espainiako espetxe batean sartu nahi du Nekane. Suitzako epaileek Madrilek bidalitako txostenak aztertu eta epe motzean, ziurrenik hilabete honetan bertan, Madrilera bidali ala ez erabaki beharko dute. Lehenengo epaia bere aurkakoa bada helegitea jartzeko aukera izango du, baina hilabete gutxi batzuen buruan azken erabakia hartuta egongo da. Txapartegik, baina, berak nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin (bere alabarekin bereziki) bizitzeko eskubidea aldarrikatzen du. Horregatik pasa den maiatzaren 3an Asilo Politikoa eskatu zion Suitzako estatuari, eta agente federalekin hainbat entrebista izan ostean, horren inguruko lehen erabakia ere laster jasoko du.
Bien bitartean, Nekane Zuricheko Dielsdorf espetxean dago preso, inkomunikazio egoeran. Egunean 21-22 ordu pasatzen ditu ziegan bakarrik, 23 asteburutan. Bere alabarekin (ikuskaritzarekin baina kristalik gabe) astean behin izaten du ordu bateko bisita, eta familia eta lagunekin (kristal baten atzean) beste ordu bete. Irakurri osorik