Urtarrilean aurkeztu genituen 2016ko brigadak. Orduan genion balio politiko erantsi bat zuela aurtengo edizioak, Askapena, Askapeña, Herriok Harro eta auziperatuen aurkako epaiketa politikoa baikenuen hortzimugan. Ez ginela geldirik geratuko esan genuen eta halaxe egin dugu. Horren lekuko Mexiko, Bolivia, Venezuela, Brasil, Grezia, Palestina, Andaluzia, Sardinia eta Herrialde Katalanetara antolatu ditugun brigadak, gure jardun internazionalistan aurrera jarraitzeko hautuaren adibide garbiak. Epaiketaren mamua gainditu ondoren lanean jarraitu genuen 2016ko brigada kanpainarekin, aurkezpenak, hitzaldiak, brigaden taldeak eta formakuntza saioak antolatzen. Azken hauek Errekaleor auzo askean izan ziren "Herri jantzia, garaipenaren hazia" lemapean eta, besteak beste, Maryam Fathi errefuxiatu kurdua izan zen hitzaldia ematen.
Aurtengo kanpainarako gainera, brigadisten esperientziak sarean zabalpen gehiago izan zezaten elkarlan berezia bultzatu nahi izan dugu atari digitalekin. Eta oso positiboki baloratzen dugu elkarlan honen fruitua. Izan ere, #brigadak2016 traolan ehundaka izan dira brigadistek bidalitako txio eta argazkiak, ugariak ere idatzizko nahiz bideo formatuan eginiko kronikak, buruturiko elkarrizketak... Eduki hauen zabalpenean bidelagun izan ditugu batez ere Naiz eta Topatu atariak, eta espero dugu aurrerantzean gehiago izango direla brigadisten esperientzien bozgorailu izatera batuko zaizkigun atariak.
Jarraipen zabala izan dute brigadisten kontakizunek baina jakin badakigu orain hasten dela benetako lana: Euskal Herri luze zabalean bertan ikusi, ikasi eta bizitakoa kontatzea, hango esperientziak elkarbanatzea... Guztion artean Euskal Herri internazionalista baterantz urrats txiki baina sendoak ematen joatea baita gainerako Herri borrokalari guztiei egin diezaiekegun ekarpenik handiena.
Atzo, gaur eta beti GORA EUSKAL HERRIA INTERNAZIONALISTA!
Hemen dituzue 2016ko brigaden kronika guztiak