brigadak2019

Udaberriko Parisko brigadaren lehen kronika!

Txaleko horien borrokak Frantziar Estatuan jarri du fokoa azarotik hona. Erregaien gaineko zergen igoerak piztu zuen mugimendua, baina etengabeko mobilizazioen bidez dimentsio zabalagoa hartuz joan da. Testuinguru horretan Paris borrokalaria ezagutu nahi izan dugu, bere aniztasun guztian.

Euskal Herriak urteetan jaso du elkartasuna Parisetik ere. Ondo erakutsi digute hori beren etxean hartu gaituzten CSPB Elkartasun komiteko Maite eta Yohannek. Apirilaren 25eko gauean iritsi eta hurrengo egunetan ezagutu ahal izan ditugu hemengo errealitate eta borroka desberdinak.

 

Apirilak 26. Langile migranteak eta etxebizitza

Paris kanpoaldeko Bagnolet hirian izan genuen lehen solasaldia. Gizon langile migranteek osatutako kolektiboa da Les Baras, gehienbat, Libiako gerraren ondoren Malitik, Gineatik eta Burkina Fasotik iritsitakoena. Hainbat urte daramate Parisen, eta dagoeneko lau espaziotan egon dira bizitzen; izan ere okupazio mugimenduak indarra izan du azken urteetan. Aipatutako lau espazio horiek migranteek beraiek berreskuratu izan dituzte, eta gai izan dira haien etxebizitza beharrei antolakuntzaz eta autogestioz erantzuteko. Ez hori bakarrik: sare bat osatu dute, modu asanblearioan eta elkar babestuz, EBk eta Frantziar estatuak ukatzen dizkien eskubideen alde borrokatzeko. Hori guztia, bestelako harreman eredu eta baloreekin.

Paris kanpoaldeko Bagnolet hirian langile migranteek berreskuratutako eraikina.


Gaur egun, 150 lagunek osatzen dute proiektua, eta 90 bat bizi dira Bagnolet hiriko eraikinean. Gizarte zerbitzuen eraikin bat zen, baina hutsik zeraman denbora luze bat. Orain elkarte bat osatu dute, urteetako borrokaren ondorioz akordio prozesuetan baitaude udalarekin. Azkenaldian Euskal Herrian ere Harrera sareak eta bestelako proiektuak mugitu izan dira antzeko egoerei erantzuteko, eta pozgarria da ikustea elkartasunaren bidetik noraino iritsi daitekeen, kasu honetan, migranteak beraiek borroka subjektu bihurtzeraino.


Apirilak 27. Gizarte Zerbitzu Publiko eta Duinen alde, emakumeak borrokan

Emakumeen bizitza biolentzia desberdinengatik zeharkatua dago, baina bereziki larria da ustez babesteko diren instituzioetatik datorrenean. Miseriatik negozioa egiten duten adibidea da Palais de la Femme. Charonne kaleko “jauregiko” gunea Gizarte Zerbitzuen pribatizazioan oinarritzen da bazterketa larria pairatzen duten emakumeen egoera baliatuz. Esate baterako, 483 euro ordaindu behar dituzte hilean lo egiteagatik bakarrik. Gainera, umeentzako zaintza ere pribatizatua dago eta migranteek 1400 euroko tasa ordaindu behar dute sartzean, paperik ez dutelako. Hori gutxi ez balitz, langileen partetik infantilizazio jarrerak jasaten dituztela azaldu zuten.

Femmes En Guerre mobilizazioa, Palais du Femme guneko egoera salatzeko.

Egoera hauek salatzeko, bertan bizi diren emakumeak udaletxe aurrean mobilizatu ziren larunbatean, jaka hori eta moreekin. Antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin zuten, kontziente izanik egoera larrienetan dauden emakumeek zailtasun handiagoak dituztela kalera ateratzeko. Haiek oihukatzen zuten bezala “biolentzia sexista, biolentzia soziala, borroka bera, etsaia kapitala”.


Apirilak 27. Jaka horien erronkak

2018ko azaroan hasi zen agertzen hedabideetan Jaka Horien mugimendua, eta asko hitz haren jatorriaren inguruan. Parisko kideek azaldu digutenez, bigarren mailako errepideetan 80 kilometro abiadura muga ezarri zutenean hasi ziren sortzen lehen taldeak sare sozialetan. Azaroaren, erregaien gaineko zerga igotzearen aurka deitu zituzten lehen mobilizazioak. Politikoki eta ideologikoki definitu gabeko mugimendua izan da, eta asteek aurrera egin ahala gizarteko aldarrikapen ezberdinak bildu dituzte. Ez da lehen aldia antzeko mugimenduak daudena> 2016an, esaterako, Nuit Debout mugimenduak Errepublika plaza hartu zuen hiru hilabetez. Kontzientziak piztu eta etengabeko mobilizazioa mantentzeko gaitasuna agertu dute, baina erronka handiak dituzte aurretik.

Definizio faltak aniztasuna eman dio mugimenduari, baina hori nola antolatu, hori da orain erronketako bat. Aniztasun horren barruan, tentuz hartzeko ideiak ere ikusi ahal izan ditugu,  lehen bistara herriaren aldarrikapen modura agertu arren, atzean langile klasearen aurkako interesak eta ideia atzerakoiak ezkuta daitezkeelako. Borrokarako aukera eta espazio berriak sortu dituzte, baina oraindik ere disputan dago horien norabidea.

 

Sindikatuek ere bat egin zuten, aurrenekoz, Jaka Horien mobilizazioarekin.

Badatoz 2019ko brigadak!

Herri internazionalista... izan brigadista!

Beste urte batez, munduko hainbat txokotara brigadak antolatu ditugu. Izan ere, brigadak joan-etorriko elkartasun internazionalista gure herriko borroka ezberdinetan txertatzeko tresna eraginkorrenetako bat baitira.

Pasa den urtean Euskal Herri aske bat internazionalismotik eraikitzea ezinbesteko zela azpimarratu bagenuen, aurten, hori egiteko tresna brigadak direla aldarrikatu nahi dugu. Izan ere, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialean internazionalismoak duen garrantziaz jabe, borroka honetan gure ekarpena egiteko bitarteko baliagarriak ditugu brigadak. Etorkizuneko Euskal Herri internazionalista gaurtik eraikitzen hasiak gaudelako, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geure borrokak irakaspen horietatik elikatzea ezinbestekoa dugula uste dugu.

Jakitun gara gainerako herriei egin diezaekegun ekarpen iraultzailerik handiena gure herriaren askatasuna eskuratzea dugula. Eta zerumugan norabide hori dugula garatzen dugu gure praktika internazionalista: joan-etorrikoa, herritik herrira, berdintasunean oinarritua.

http://www.askapena.eus/sites/default/files/Brigadak2019-web.jpgAurten, baina, berrikuntza garrantzitsu batekin gatoz: udaberriko brigadak! Hain zuzen ere, Paris eta Herrialde Katalanetara egingo ditugu udaberriko brigada hauek, apirila amaieran. Estatu frantziarrean garatzen ari diren borrokak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu Parisko brigadan eta Herrialde Katalanetan aldiz, bizitzen ari diren ukazio egoera eta “proces” deituriko bide orriaren mugak ere lehen eskutik ezagutzeko aukera izango da.

Aurreko urteetan Askapenatik egindako analisiari segida emanez, aurten ere brigadak hiru eremu geografikoetan kokatuko ditugu: Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europa.

  • Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu ondorengo herrietan: Argentina-Uruguai, Brasil, Venezuela, Mexiko eta Bolivian.
  • Ekialde Hurbileko brigadei dagokionean Palestinan zein Libanon inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak, okupazio militarra edota errefuxiatuen egoera ezagutuko ditugu.
  • Azkenik, Europan, Grezia eta Sardiniara antolatuko ditugu brigadak, periferiako herriek bizi duten egoera lantzeko, ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesueak ezagutzearekin batera. Paris, Herrialde Katalanetako brigadak udaberrian izango dira.

Beraz, Euskal Herriko internazionalista guztiei dei egiten diegu, herri internazionalista eraiki bidean, brigadista izateko esperientzia bizi dezaten. Seguru gaude gure herriaren askapen zein bestelako edozein borroketan lagungarri izango diren jakintza edo irakaspenekin bueltan ekarriko dituzuela.


Gora Euskal Herria Internazionalista!

Gora brigada internazionalistak!

Orriak