Datorren larunbatean, denok Iruñeara!
Trinitariosetik (Bonberotatik) 17:00etan abiatuko den Mina el Mozo Zutabe Internazionalistan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.
Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herria!
Ekainaren 16an euskal internazionalistak Iruñean elkartzeko hamaika arrazoi ditugu, 500 urte baitira jada, gure estatu propioa, inperialismoaren indarrez ostu zigutela. Lehenago, penintsulako hainbat herri, nekazari eta langile zapaldu ostean, Nafarroa garaitu zuten, gaur arte iraun duen erresistentzia odoltsu bati bide emanez, bestalde. Ez ginen ordea zorigaizto haren lekuko bakarrak izan, hedapen kontinental honekin batera, historiako genozidiorik basatiena burutu zen, inperialismo espainarraren zabaltze eta zapaltze epe honetan: Abya Yala-ko konkista alegia.
Gurekin batera beraz, gogoan izan nahi ditugu, inbasio haietan galtzaile irten ginenak, hamaika herri, hamaika hizkuntza eta hamaika bizimolde, munduaren aurreran elkarbizitzarako modu propio bat izatetik, inperioaren hatzaparretan esklabutzara, heriotzera eta kultura menpekotasunera kondenatu gintuztenak. Rio Bravotik Patagoniarainoko odol errekak datozkigu burura egunotan, izan ere, haien oroimena gurea ere badelako.