Maiatzaren bata, harrotasunez, langile eta herri langile izatearen kontzientziaz ospatu beharreko eguna da.
Ezin ahaztu, Chicagon izaniko gertaerek dutela egun honen jatorria, nahiz egun, AEBetan ez den maiatzaren bata ospatzen. Hala ere, langile haien borroka eta duintasunak, 126 urteren ostean bere lekua du mundu zabalean, ez haien oroimenak soilik baizik eta etorkizunera begira egin beharreko borrokak eta eman beharreko pausuak aldarrikatzekoa. Izan ere, egungo ingurumarian, inoiz baino beharrezkoago da, garenaren kontzientzia eta nortasuna ez galtzea.
Kapitalaren erasoaldi bortitzenetarikoan, bortitzenean ez bada, aurkitzen gara, non, datorrena daukaguna baino askoz kaxkarragoa izango dela dirudien, non Grezian edo Italian gertatu bezala, demokrazia burgesa bera hankaz gora bota, eta XXI. mendeko diktadura berriak ezarri dituen kapitalak eta merkatuek, non Inperialismoak hainbat gerra fronte berri zabaldu dituen, honek, kostu politikorik apenas sortu gabe, Libian edo Sirian egin bezala.
Zeru gaina ilun dugu beraz, baina argi izpiak non nahi topa genitzazke. Prozesu Bolivariarra sendotzen ari da azken urteotan, Venezuela eta gainerako herrietan, duela urte gutxi arte, dena baino irlago geneukan Kubari bide lagunak gehitu zaizkio, bestelako herri baten amets edo utopiara bidean. Aspaldion bestalde, ongi otzandutako europa zaharrean borroka eta askatasun nahia berpiztu da.