berria egunkariko kronika (azpikoa duzue)
gara egunkariko kronika
argazkia: Euskal Herria Palestina Eguna aurkeztu zuten, atzo, Donostian. Lehen lerroan Miren Legorburu ezker abertzaleko kidea, Alazne Olaizola Zestoako alkatea eta Martxelo Diaz Euskal Herria Palestina Sareko ordezkaria
Herri palestinarrari elkartasuna adierazi eta Palestinan duten okupazioa salatzeko eguna izango da larunbatekoa Zestoan (Gipuzkoa). Euskal Herria Palestina Sareak antolatuta, izen bereko egun osoko festa egingo dute, eta herri bateko zein besteko kulturen adierazpen ugari izango dira bertan: musika, dantza, pailazoak, kirola...
Euskal Herria Palestina Eguna aurreneko aldiz ospatzeko Zestoa aukeratu izanak badu bere arrazoia. Bir Zeit Palestinako herriarekin dago senidetuta Urola Kosta eskualdeko herria, eta, hain zuzen ere, hango alkate Jusef Nasser ere Zestoan izango da larunbatean. Euskal Herriko beste hiru herri ere senidetuta daude Palestinako beste horrenbeste herrirekin: Alegi (Gipuzkoa), Arbizu (Nafarroa) eta Igorre (Bizkaia).
Festa eguna izanda ere, larunbatean aldarrikapenak leku nabarmena izango du Zestoan. Martxelo Diaz Euskal Herria Palestina Sareko kideak gogora ekarri zuen, atzo, egunaren aurkezpenean, Israelek nazioarteko legedia «urratzen» segitzen duela. «Palestinak pairatzen duen okupazioaren aurka, Nazio Batuek 242 ebazpenean gaitzetsi zutena, Palestinako talde ugarik nazioarteko legedia urratzen duen artean Israeli boikota egiteko nazioarteko deialdia egin zuten 2005ean». Israeli presio egiteko helburuarekin, BDS kanpaina abiatu zuten (Boikota, Desinbertsioa, Isunak), «Palestinako herriaren aurka ezartzen den apartheid sistemaren aurka eta Hego Afrikan izandako ereduari jarraituz».