Guaixe-k erreportai zabala egin du sakandar brigadistekin

GuaixeElkartasuna da herrien arteko xamurtasuna.... dio kantak. Elkartasun horren adierazle dira Askapenako brigadak. Urtero dozenaka lagun abiatzen dira Euskal Herritik beste hamaika herrialdeetara, Askapena talde internazionalistarekin brigadista moduan. Borrokan dauden beste herrialde batzuekiko elkartasuna adierazi eta beraien borroka bertatik ezagutzea da haien helburuetako bat. Bestea, mundu zabalean Euskal Herriaren egoeraren berri ematea. Horregatik, brigadak joan-etorriko bidaiak dira. Bertara joan, eman eta bildu; etorri eta zabaldu. Horrela egin dute Sakanako gazteek. Uda partean brigadista moduan izan dira 4 herrialde ezberdinetan eta bertan bizi eta ikasitakoaren inguruan mintzatu dira. Zoila Berastegi eta Helena Nabarro arbizuarrak, Igor Artieda etxarriarrak eta Oihana Gallo urdiandarrak, Maputxe herria, Mexiko iparraldea, Uruguay eta Bolivia izan dute hizpide. 4 herrialde, 4 bizipen, 4 borroka.... hamaika herri eta borroka bakarra.

Herriek bere eskola. (31. alea)

EHBE-k egiten duen 'Herriek bere eskola'-ren azken buletina duzue hau, honako edukiz hornitua:

GALIZIAN BI URTE IGAROTA EGOERA BERE HORRETAN

ESKOLA PORROTA WALLONIAN ETA BRUSELAN

IRAKASLEEN MOBILIZAZIOAK MEXIKON

BADATOR KREAZIONISMOA EUROPAKO ESKOLETARA!

PAHF-ko idazkari nagusiaren epaiketa atzeratu dute

Palestina Askatzeko Herri Fronteko (PAHF) idazkari nagusia den Ahmad Sa'adatren epaiketa Israelgo epaitegi militarrak azaroaren 25era atzeratzea erabaki du.

PAHFek salatu zuenez, Sa'adat-en aurkako epaiketa behin eta berriro atzeratu dute Israelgo indar okupatzaileek 2006ko martxoan Jerico-ko espetxetik bahitu zutenetik.
Espetxe hau Palestinako Agintearen kontrolpean zegoen, baina israeldarrak bertan sartu ziren Sa'adat harrapatzeko. Ordutik hona, Sa'adat-ek epaitegi militar israeldarrak onartzeari uko egin dio, Palestinak pairatzen duen okupazioaren ondorio bat direlako.
Adierazi duenez, palestinar ororen betebeharra da okupazioaren aurka aritzea honek ezarri dituen tresnei aurre eginez. Horregatik, epaiketa gertatzen denean, Palestinako eskubide nazionalen aldeko aldarrikapena egiteko erabiliko duela iragarri du Sa'adat-ek.

Ahmad Sa'adat 2006ko martxoaren 13an harrapatu zuten Israelgo Armadako soldaduek Palestinako Agintearen kontrolpean zegoen Jerico-ko espetxetik. 2002tik zegoen espetxe honetan AEB eta Britainia Handiaren zaintzapean. Palestinako Aginteak lau urtez izan zuen legez kontra espetxe horretan PAHFko beste bost kiderekin batera.

http://www.freeahmadsaadat.org/
http://www.pflp.ps/

Colombiako mugimendu feministako kide zen Olga Marina Vergara erail dute Medellinen

Paradogikoa dirudien arren, La Ruta Pacífica de las Mujeres taldeak "Las violencias contra las mujeres en una sociedad en guerra" Bogotan aurkezten zuen bitartean, sikario batzuk Medellinen, talde horretako kide zen Olga Marina Vergara tirokatu eta erail zuten bere etxean bertan bere seme, erraina eta 5 urteko ilobarekin batera irailaren 24an.
Erailketa hau, Colombian astero gertatzen diren beste erailketa politiko bat gehiago da. Giza eskubideen aldeko erakundeek Nazio Batuei aurkeztutako txostenean jasotzen den bezala, azken bost urteetan Colombian, 13.634 pertsona erailak izan dira "indarkeria soziopolitikoarengatik". Ez da kasualitatea, lider feminista eta giza eskubidetan militante zen Olgak, bide luzea egina duela emakumeen aldeko lanean Medellinen. Eta emakumeen aldeko borrokarekin batera, La Ruta Pacifica de las Mujeres taldea, guda egoerek emakumeengan duen eragin eta ondorioen bisibilizazio eta zabalpenean lan egiten du eta Colombiako guda egoeraren gaindipena negoziazio baten bidez etorriko dela aldarrikatzen dute.
Askapenatik salatzen dugu Olga eta bere familiako beste 3 kideen erailketa eta gure elkartasun osoa adierazten diegu Olgaren senitarteko, bidelagun eta mugimendu feministan emakumeen eskubideen alde eta Colombiako inpunitate eta injustizia egoerak salatu eta aldaketa bilatzeko borrokan dabiltzan emakume guztiei.

Orriak