Internazionalismoz blaitzeko hitzaldiz betetako astea antolatu dute Iruñerrian

Internazionalismoa gazte perspektibatik lantzeko hautua egina du Ernai gazte antolakundeak eta horregatik,  Askapena erakunde internazionalistarekin elkarlanean, Iruñerriko herri eta auzoetan  inperialismoaz eta internazionalismoaz eztabaidatzeko guneak antolatu ditugu urtarrilean, eta orain, espazio horiek irekitzeko asmotan aste internazionalista antolatu dugu otsailaren 16tik 23ra.

Otsailaren 16tik 23ra izango da aste internazionalista; munduaren egoerari errepaso sakona egingo diogu Iruñerriko zenbait auzo eta herritan. Kurdistango borroka, Latinoamerikako prozesuak, Ukrainako gerra, Ekialde Hurbila eta Estatu Islamikoa, inperialismoaren ofentsiba eta abar izango dituzte aipagai hitzaldietan. Helburua, begirada gure zilborretik altxa eta munduko askapen borroka eta herri boterearen esperientzietatik ikasteaz batera, inperialismoaren esku-hartze eta errepresioaz ohartzea.

Beherago hitzaldi guztien eguna ordu eta lekuak eskura!

Donbasseko erresistentziarekiko elkartasun jardunaldia bihar Laudion

Datorren larunbatean, otsailaren 7an, aurreko larunbatean Arrasaten egin bezala, Donbassekiko elkartasun jardunaldia izango da Laudion, Gaztetxean, Askapenak Laudioko Gazte Asanbladarekin batera elkarlanean antolatuta.

Egunari arratsaldeko 16:30etan emango diote hasiera hitzaldi batekin. Lur Gil, Donbassen brigadan izandako Askapenako kideak bertan bizi eta ikusitako esperientzia azaldulo du eta Asier Blas, EHUko Zientzia Politikotako irakasleak berriz, Altzairuzko Oihalaren osteko Europako ekialdeko herrietako testuinguru historikoa eskainiko du. Hitzezko azalpenak osagarritzeko, Donbassen brigadan izan zireneko argazkiak ikusgai izango dira egun osoan zehar.

Palestina eguna otsailaren 7an Makean

Datorren otsailaren 7an, larunbata, Makean Palestina eguna antolatu dute udara honetan Palestinan brigadan izan diren kideek Euskal Herria Zuzenean, Euskal Herriko Laborarien Batasuna, Zuberoako BDZ mugimendua, Txir Txor Makeako Gaztetxea eta Askapenaren laguntzarekin batera.

Urteak dira Askapenatik Palestinara brigadak antolatzen ditugula. Helburu argi bi ditu brigadak. Alde batetik Euskal Herriko egoera aditzera ematea, eta bestetik, Palestinar herriak bizi duen okupazio eta erresistentzia borrokak bertatik bertara ezagutzea. Hain zuzen ere, asmo horrekin udara honetan bertan izan diren brigadistek Palestinarekiko elkartasun eguna antolatu dute.

Aurtengo udaran bereziki gogorra izan da Palestinan. Zalantzaz beteriko 3 kolonoen hilketa aitzaki gisa baliatuta sekulako eraso militarra egin zuten. Gaur gaurkoz Palestinako sarraskiak portada izateari utzi badio ere herria zapaldua izaten jarraitzen du, eta beraz ezin dugu ikusle pasibo gisa geratu. Palestinatik bertatik datorren eskaera gure egin eta Boikot Desinbertsio eta Zigorren kanpaina sakondu behar dugu, arloz arlo, sionismoak lekurik izan ez dezan gurean eta Palestinar herriari, bere askapen borrokan laguntzeko.

Bide horretan Palestina egun honek bere hondar ale jarri eta borroka horretan aurrera egiteko hauspoa emateko helburua du.

Egitaraua Txir Txor Makeako Gaztetxean eta ondoko gela komunalean izango da (ezkerpareta ondoan).

Inperialismoaren aurkako eta Donbasseko herriaren aldeko elkartasun eguna ospatu zuten larunbatean Arrasateko Gaztetxean

Jatorrizkoa hemen (mondraberri.com)

Ukraina ekialdeari elkartasuna adierazi zioten atzo gaztetxean

Askapenak antolatuta, “Inperialismoaren kontrako eguna” ospatu zuten atzo gaztetxean. Goizean Ukrainak bizi duen egoera azaldu zuten Jon Kortazar eta Ibai Trebiñok, eta gauean, murala margotu eta afari solidarioaz gozatzeko aukera izan zuten bertara hurbildu ziren gazteek.

Testua: Mikel Arregi Askasibar / Argazkiak: MAA / 2015eko otsailaren 1a, domeka

Orriak