Abenduaren 6ean, Euskal Herritarren aurkako torturen inguruko dokumentalaren proiekzioa eta eztabaida izan ziren Lisboako (Portugal) lokal batean. Lisboako zenbait euskaldun eta beste hainbat pertsonen artean antolatutako Zinema Kritiko hilabetearen parte izan zen “120 horas: La Tortura contra Euskal Herria” dokumentalaren proiekzioa.
Lisboako GAIA kolektibo ekologistaren laguntzarekin, taldeak Alfama auzoan duen lokalean antolatu dute Zinema Kritikoa. Bertan, hilabetean zehar, munduko txoko ezberdinetako mugimendu eta borroka sozial eta politikoen hainbat proiekzio izaten ari dira: Brasilgo borrokak Fifa eta Munduko Futbol Koparen inguruan, Euskal Presoek jasaten dituzten torturak, Portugaleko arrantzaleen borroka, edota Italiako AHTaren aurkako borrokaren inguruko proiekzio eta eztabaidak, besteak beste.
Euskal Herriaren gaiaz aritu ziren eztabaidan. Ricard Salom-en dokumentalaren gai nagusia Torturarena izanik ere, beste hainbat kontu ere ukitu zituen eztabaidak; hala nola, Euskal Herriaren gatazka politikoaren nondik norakoak, independentziaren gaia, eraldaketa soziala, gure borrokak zer aportatu diezaiokeen beste herrialdeetako mugimenduei, Europako toki ezberdinetako borrokek jasaten duten errepresioa...