OTANi ez! Ez hemen ez inon!

32 urte igaro dira 1986ko martxoaren 12 hartatik. Orduan, Hego Euskal Herriak, gure herriko historia antiinperialistaren erabaki esanguratsuenetako bat hartu zuen: 931.367ak, hau da, emandako bozken %62-ak, ezezko borobila eman zioten OTANi. Erabaki hura historikoa izan zen arren, Euskal Herriak egun egitura politiko-militar horretan indarrez sartuta jarraitzen du, eta hau giltzarri da estatubatuar eta europar estrategia inperialista garatzeko.

Bloke sozialista eraitsi zenetik, OTANek, bizi-bizirik irauteaz gain, kide gehiago bildu ditu bere jardun bidegabea sendotzeko. Gainera, bere eraginpeko eremua zabaldu egin du; nonahi muturra sartzeko bere ustezko eskubidea erabiltzen duen bitartean, isilpean nahiz agerian. Ekialdeko Europan 90. hamarkadan ezartzekoa zen kapitalismo basatia bultzatzeko, Jugoslavia zaharraren aurkako bonbardaketekin hasi zuen bere jardunbidea, eta Iraken, Afganistanen eta Libian jarraitu zuen, betiere toki bakoitzeko lehengaiak zakuratuz. Era horretara, OTAN bloke kapitalista-inperialistak behar duen tresna politiko-militarra da, bere mundu mailako nagusitasuna mehatxatu edo zalantzan jar lezakeen edozer eragozteko martxan jartzen dena. Testuinguru honetan kokatzen dira Siriako eta Ukrainako azken esku-hartze erdi-gordeak. Bertan, kaosa eta gatazka zibilak sustatuz, OTANek lurralde horiek desegonkortu eta, aldi berean, kontrolpean hartu nahi ditu, Errusia eta Txinaren aurka AEBek daramaten borroka geopolitiko gordinean katebegi estrategikoak diren heinean.

Baina OTANen eragina ez da soilik bere ofentsiba militarretara mugatzen. OTANek, bere ekinbidea gauzatu ahal izateko, ezinbestekoak ditu bere ekintza militarra posible egiten dituen aktoreak lagun izatea. Zentzu horretan, Euskal Herrian ere baditugu adibideak. Horien artean ikus ditzakegu, Euskal Herriko ehun produktiboan oso hedatuta dagoen industria militarra; honen finantzazioan ezinbestekoak diren instituzio publiko edota bankuak; eta nola ez, unibertsitateak, inbestigazio teknologikoan zein alienazio ideologikoan eragin zuzena dutenak. Guzti hauen konplizitatea ezinbestekoa da OTANen boterea ulertzeko. Horrez gain, azkenaldian zeresan handia eman duen Bilboko portuaren papera ere salatu nahiko genuke, bertatik ateratzen baitira, besteak beste, Euskal Herrian zein estatu espainolean ekoizten diren merkantzia militarren zati handi bat.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Bardeetako tiro poligonoa OTANen parte diren hainbat ejerzitutako militarrek maniobra militarrak burutzen baitituzte gero eta sarriago bertan. Ez da kasualitatea azken urteotan maniobra militarren kopuruak gora egin izana, izan ere, AEBen eskuhartze politikak medio, Europar Batasunaren eta OTANen parte diren herrialdeen babesarekin, mundu mailako joku zelaia zeharo kakaztuta baitago. Siria, Libia, Irak, Afganistan edota Serbia gainetik hegan egin duten aliantza kriminalaren hegazkinak Bardeetan entrenatu dira, mundu mailako hegemonia mantendu eta herrialde horietan dauden baliabide naturalen jabe egiteko. Ingurugiroari, Euskal Herriaren burujabetzari eta, batez ere, inperialismoaren aurka borrokatzen duten herriekiko elkartasun internazionalistari zor diogulako, premiazkoa da Bardeetako tiro poligonoa desegitea.

Horregatik, Askapenatik munduko edozein txokotan gertatzen den edozein eraso inperialistaren aurrean mobilizatzera konprometitzen gara. Esku-hartze hauen konplize izateari uzteko, industria militar, instituzio, banku, portu zein unibertsitateen inplikazioa salatuko dugu eta Bardeetako tiro poligonoaren itxieraren bidean lan egiten jarraituko dugu. Izan ere, inperioagatik inbadituak eta suntsituak diren herriei egin diazaiokegun ekarpenik handiena Euskal Herri internazionalista bat eraikitzea baita.

Egoera honen aurrean eta OTANi emandako ezezkoaren 32. urteurrenean gauden honetan, Askapenatik, bere garaian herriak ebatzi zuen bezala, egitura politiko-militar horretatik irteteko premia aldarrikatu nahi dugu; eta aldi berean, herritarrei OTAN desegin dezagun borrokan segitzera dei egiten diegu.


Gora Euskal Herria antiimperialista!

OTANi ez! Ez Euskal Herrian ez inon!

M8 emakume* internazionalistok ere, PLANTO!

Beste behin ere Euskal Herriko emakume langileok kalera atera eta gure aldarrikapenak ozen oihukatuko ditugu bihar. Baina gure borroka internazionalista ere bada, patriarkatuak munduko txoko guztietan jipoitzen, hiltzen, bortxatzen, mespretxatzen, baztertzen, behartzen, esplotatzen jarraitzen baitu, eta Euskal Herrian patriarkatua ez dugulako errotik ezabatuko munduko emakume guztiak aske ez diren bitartean. Kurduek esaten duten moduan, “emakumeok gara zapaldua izan den lehenengo nazioa”.

 

Biharko egunean, beraz, Euskal Herriko internazionalista orori, gure herriko auzo eta herri ezberdinetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu. Kapitalaren metaketa bermatzeko ezinbesteko tresna dira emakumeak eta biharko greba deialdiarekin bat eginez, emakumeek planto egiten dutenean mundua gelditzen dela erakutsi nahi dugu.

 

Martxoaren 8an emakumeok* planto!

Errepresioaren aurrean, Herrialde Katalanak endavant!

(abajo en castellano)

Hilabeteak dira Herrialde Katalanen kontrako errepresioa biderkatu dela. Hamarnaka dira  jada urriaren 1eko erreferendumetik hona inputatuak zein kartzelaratuak izan diren herritarrak, eraso faxistak pairatu dituztenak edota beren herriko eskubide sozial eta politikoak defendatzeagatik atxilotuak izan direnak. Puigdemont eta bere kontseilariak izan ziren gatazka Europaren bihotzera eramaten saiatu zirenak baina desobedientziaren zantzurik ez dugu ikusi. Erbestea borrokarako esparru gisa ulertu du, ordea, Anna Gabriel CUPeko diputatu ohi eta Endavat-eko kideak. Desobedientziaren hautuan berresturik, gatazkaren zentzu politikoan sakontzean eta espainiar estatuaren izaera antidemokratiko salatzea da helburu nagusia. Gure babes osoa Herrialde Katalanetako herri borrokalariari eta gure bidelagun izan den eta izaten segituko duen Annari! Sempre amb tu!

Espainiar estatua sorgin ehizan dabilen bitartean, askatasun demokratiko, eskubide zibil eta politiko, eskubide nazional zein sozialak txikitzen dihardu. 155. artikulua geratzeko etorri den honetan, aspaldian ezagutu gabeko oldarraldi errepresiboa bizi dugu estatu espainiarraren menpe bizi garen herritarrok. Gure herrian praktika hau aski ezaguna dugun arren, ezin dezakegu pentsa Herrialde Katalanetakoa afera isolatua denik, gure aurkako erasoa ere badelako. Europar Batasuneko isiltasuna ere aipagarria da, noski, baina ez gaitezen inozoak izan. Europar Batasunak ez du inoiz inolako estatu kideren demokrazia zalantzan jarri eta are gutxiago salatu, errepresioa orokorra baita gaur egungo Europan eta boomerang efektuaren beldur dira gainontzeko estatu kideak. Tamalez, berriro ere, begi bat beti zabalik izatera kondenatu nahi gaituzte.

Azken urteotan Euskal Herrian elkartasunetik konpromisorako pausuak eman ditugu hamaika egoeren aurrean, eta oraindik ere gure etxeetako ateak zabalik mantentzea ezinbestekoa izango zaigu. Herrialde Katalanei elkartasuna modu errealean ematea ahalbideratuko dituen baldintzak sortu beharko ditugu.

Zentzu horretan, ezinbestekoa izango da, estatu espainolaren jarrera errepresibo eta antidemokratikoa zein Europar Batasunaren isiltasuna irmoki salatzea. Horrekin batera, dei egiten diogu euskal herri langileari Herrialde Katalanei elkartasuna adierazten jarraitzera. Porrota soilik posible delako borrokatzeari uzten zaionean. Hemen ez delako ezer bukatu eta, inboluzioaren aurrean herri oso bat dagoelako bere askatasunaren alde borrokan!

 

Gora Herrialde Katalan independiente, sozialista eta feministak!
Gora elkartasun internazionalista!

Badatoz 2018ko brigadak!

#brigadak2018

Internazionalismotik Euskal Herria eraikitzen!


[[{"fid":"85","view_mode":"default","fields":{"format":"default","alignment":"left","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false},"link_text":null,"type":"media","field_deltas":{"1":{"format":"default","alignment":"left","field_file_image_alt_text[und][0][value]":false,"field_file_image_title_text[und][0][value]":false}},"attributes":{"height":3509,"width":400,"class":"media-element file-default media-wysiwyg-align-left","data-delta":"1"}}]]

Munduko hainbat txokotara brigadak antolatu ditu Askapenak aurten ere, baina ahaztu gabe Euskal Herria dugula helburu. Izan ere, internazionalismoak gure herriaren askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean. Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat, izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta gureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehundaka euskal brigadistek, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaltzearekin batera. Horregatik diogu “Internazionalismotik Euskal Herria eraikitzen” ari garela.

Elkartasunak politikoa behar du izan, eta bi norabideetakoa, joan-etorrikoa alegia. Honela ulertzen dugu internazionalismoa, eta brigadek horri erantzun behar diotela uste dugu. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez goaz turismo politikoa egitera, ezta karitatez lagundu edo irakaspen iraultzailerik ematera. Urte luzeetako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik, eta jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak eskaparate huts izatera eramaten dute, gure herriarekiko onurarik ez dutenak.

Guk, gure herriaren askatasuna dugu helburu, jakitun baikara hori dela gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena. Internazionalismoak nazioa behar du, herritik herrira joan-etorriko eta berdintasunean oinarritutako elkartasun politikoa bideratzeko. Eta horretarako, herrion borroken elkar-ezagutza bultzatzeko brigadak dira gureak, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten.

Askapenatik egindako analisien harira, munduko hegemonia hiru eremu geografiko nagusitan jokatzen ari da, eta herri langileen etorkizuna dago jokoan, borroka zinez interesgarriak egonik. Beraz, Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europara brigadak izango ditugu aurten:

  • Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu. Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu besteak beste.

  • Ekialde Hurbileko brigadan inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak, okupazio militarra eta honek dakarren ondorio nagusia, milaka errefuxiatu izatea, izango dira ardatz nagusiak.

  • Azkenik, Europan, periferiako herriek bizi duten egoera landuko dugu, ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesuekin batera.

    Beraz, Euskal Herriko internazionalistei internazionalismotik Euskal Herria eraikitzera dei egiten diegu, brigadetan parte hartu eta joan-etorriko elkartasuna indartzeko.

     


Gora Euskal Herria Internazionalista!

Gora brigada internazionalistak!

 

Izena emateko: brigadak@askapena.eus

Orriak