Argentinako "independentziaren" 200. urtemuga dela eta honako artikulua idatzi du Askapenako kidea den Julen Zulaikak. Bertan ustezko independentzien gora-beherak hausnartu eta herri hauen errealitatera gerturatzen gaitu.
Maiatzaren 25ean 200 urte igaroko dira argentinar estatua sortu zenetik, orduko espainiar gobernadore zena, koloniaren ordezkaria hain zuzen, Baltasar Hidalgo de Cisneros agintetik kendu eta bertako herritarren juntak gobernua beregain hartu zuenetik. Espainiaren nagusitasun politiko–militarraren gainbeheran, estatu berri bat sortu zen: Argentina. Ondoren helduko ziren Bolivia, Kolombia, Txile eta Mexikoren independentziak. Maiatzean zehar ehunka ekitaldi, foro tematiko, luxuzko estropada eta bestelako ekitaldi antolatu dituzte urtemuga ospatzearren eta tartean, ikastetxeetan lantzeko historiaren gaineko unitate didaktiko bat. Ikasmaterial honetan, oraindik ere estatuaren modernizazio baterako eman beharreko pausutzat azaltzen da desertuko kanpaina deiturikoa.
Batez ere maputxeen aurka burututako genozidioa izan zen berau; besteak beste, ia ehun mila hildako, hamar milatik gora preso, maputxeak museotan sartzea eta hainbat emakume argentinar burgesiaren esklabu lanetan hasi beharra ekarri zuen. Horra beraz modernizazio prozesu baterako eman beharreko derrigorrezko pausua, herri baten aurkako genozidioa alegia. 200 urtetan ordea, ezer gutxi ikasi dute agintari krioloek, genozidioari modernizazio deitzen jarraitzen duten bitartean. Hala ere, ongi asko dakigu modernizazio izenaren pean, Kapitalismo basatia eta inperialismoaren hatzaparrak ezkutatzen direla, baina honela esanda, desitxuratu egingo luke jai ponpoxo bezain erraldoi hau eta ez dirudi horretarako prest daudenik egungo agintariak.