Bihar, ekainaren 5ean Askapenak eta Udako Euskal unibertsitateak elkarlanean antolatu dugun jardunaldiak direla eta iritzi artikulu hau publikatu dugu. Jardunaldien izena 'Prozesu bolivartarra' izanik, Ameriketako herri batzuen "independentziaren" 200. urteurren honetan bertan ematen diren prozesu askatzaile zein 2.independentziaruntz zabaldutako bideak izango ditugu aztergai.
Iritzi artikulua Berria.info
Iñaki Etaio. EHUko irakaslea eta Askapenako kidea
Bi mende betetzen dira Abya-Yala/Ameriketako herri batzuek lehenengo independentzia lortu zutenetik, Haiti lehenengoa izanda 1804an. Askapen prozesu horretan fronte ezberdinak zeuden, kolonizatutako herriak hainbeste izanda, baina helburua berdina zen: metropoliarekin lotzen zuten kateak haustea. Borroka prozesu zabal eta luze horrek Simon Bolivarrek bultzatutako proiektua izan zuen motor ideologiko nagusia, Ameriketako herriak askatzea eta herri bezala integratzeko helburuarekin. Beharrezkoa da aipatzea proiektu hori beste buruzagi eta iraultzailerekin gauzatzen eta borobiltzen joan bada ere (Sucre, San Martin, Tupac Katari, Jose Marti, Farabundo Marti, Che Guevara, Mariategui...), epopeia hori posiblea izan zela beren odola eta sakrifizioa eman zuten milioika herritarri esker, Historian izendatu gabe geratu direnak.
Hala ere, inperio espainiarretik askatzeak ez zuen suposatu herrientzat burujabetza, berdintasuna, justizia, lurra eta ogia lortzea. Faktore ezberdinengatik, nagusiki zonaldea kontrolatzeko inperialismo yankiaren interesagatik -Jose Martik jada aurreikusi zuena- eta oligarkia lokalen berekoikeriagatik, ez da oraindik gauzatu. Formalki estatu independenteak badira ere, Ameriketako herriak 2. independentziaren bila dabiltza oraindik, boterea herriari emango diona.