Herri denda Durangoko azokan! ZATOZ!!!

“Internazionalismoarekin bat!” ekimenaren adierazpena EAEko gobernu eta Legebitzarrari

(abajo en castellano)

Dagoeneko bi hilabete igaro dira pasa den irailaren 25ean Eusko Legebiltzarrerako haustekundeak burutu zirenetik. Denbora tarte honetan alderdi politiko ezberdinek euren legebiltzar taldeak   osatzen ikusi ditugu, gobernua osatzeko aliantzak egiten saiatu dira eta programa eta proposamen politiko ezberdinak komunean jarri dituzte.

Hauteskunde kanpaina hau hasi aurretik hamar bat eragilek parlamentuaren parean “Internazionalismoarekin bat!” dinamika aurkeztu genuen, alderdi politikoei gutxieneko minimo internazionalista batzuk betetzeko gonbitea luzatuz. Denbora honetan legebiltzarrean hautagaitza izateko aukerak zituzten alderdi politiko guztiekin harremantan jartzen saiatu gara. Horrela, EH Bildu eta Ezker Anitza formazioekin kontraste bilkura bana izan genuen, aurkezturiko minimoen dokumentu hori landu asmoz. Gainerako alderdiek ez diote bilera egiteko gure eskariari erantzun, eta beraz ulertzen dugu gure proposamenarekiko ez dutela inolako interesik.

Dena den, aurkeztu ditugun gutxieneko horiek elkartasunean edota berdintasunean oinarritzen diren nazioarteko politikak garatzea helburu duen edozein talde politikok bat egiteko modukoak direla uste dugu. Horregatik, aurretiaz alderdi politikoekin egin bezala, orain legebiltzar taldeei zein gobernuari dei egiten diogu “Internazionalismoarekin bat!” dinamikan adosturiko gutxieneko puntuak bete ditzaten.

Alderdi politikoekin hitz egingo dugunaz edo egingo diguten jaramonetik haratago, gobernuaren eta legebiltzar honen benetako izaera frogatuko duena nazioarteko politikei dagozkien ekintzen praktikak izango dira. Beraz, proposatzen jarraitzea izango da gure zeregina, edota derrigorrezkoa den kasuetan,  aurkeztu ditugun gutxieneko puntu internazionalistak betetzen direla exijitzea. Zentzu honetan, ez dugu baztertzen beharrezko ikusten dugunetan mobilizazioekin erantzutea.

Horrela, euskal jendarteari dei egiten diogu gurekin batera datozen lau urteotan legebiltzarrean egingo den lana ikuskatzen jarraitzera, Euskal Herri internazionalista bat eraikitzea guztion betebeharra da eta.

 

Agur eta ohore Fidel!

Feminizidioaren aurrean munduko emakumeok altxa!

Feminizidioa emakumeon aurkako indarkeriaren alderik bortitzena da, izebergaren punta, alegia. Feminizidioak emakume eta gizonen arteko desoreka estrukturalean du oinarria, eta gizonek indarkeria matxistaren bidez sistemak elikatzen duen emakumeen aurkako diskriminazio eta jazarpena erreproduzitzen dute. Marcela Lagarde feminista mexikarrak Ciudad Juarez-eko emakumeen desagerpen eta erailketa masiboak salatzeko erabili zuen feminizidio terminoa lehen aldiz eta geroztik emakumeon aurkako indarkeria oro barnebiltzeko erabili eta zabaltzen ari da. Hitzaren edukia, baina, tamalez emakumeon eguneroko ogi izan da patriarkatuaren hastapenetatik.

Esan bezala, izebergaren punta baino ez da feminizidioa eta gaurko egunaz haratago egunero salatu beharrekoak dira izeberga osatzen duten ertz guzti guztiak. Emakume izate hutsagatik lan baldintza prekarioenak izatera kondenatuak, edertasun kanon zehatz batzuk betetzera behartuak, amatasuna gure bizien zentruan jartzera derrigortuak, gauak gureak ez direla barneratu eta beldurra sentitzera kondenatuak, jipoiak isiltasunean jasatera. Eta gainera errua gurea dela irakatsi digute. Finean, patriarkatuak bizi osorako zigorrera kondenatu gaitu.

Azken urteotan Euskal Herrian zein munduko beste hainbat txokotan emakumeon aurkako indarkeriak gora egin du, era kezkagarri batean gainera. Gogoan ditugu Berta Caceres Honduraseko aktibistaren erailketa zein Turkiako LGTB mugimenduko aktibista transgeneroa zen Hande Kader gaztearen erailketa basatia. Baita Natalie Van Put angeluarra eta haren haurrena edota Lucia Perez 16 urteko gazte argentinarraren erailketa bortxaketa basatiaren ondorioz. Askotan, baina, erailketa hauek urruneko afera gisa azalduarazi nahi dizkigute, hemen eraso matxistarik gabeko jendarte eder honetan ezertxo ere gertatuko ez balitz bezala. Gainera, instituzioen jarrera hipokrita salatu beharrean gaude, hainbat kasutan indarkeria matxista kasu argiak izan arren juridikoki hala tipifikatuta ez egoteak beste alde batera begiratu eta arazoaren erroari erreparatu gabe emakumeak inolako babesik gabe uzten baitituzte. Azaroaren 25ean baina, emakumeon askatasun eta eskubide ororen bermatzaile sutsutzat aurkeztuko zaizkigu. Hipokritak!

Argi dago, beraz, oraindik indarkeria matxista errotik ezabatzeko asko dugula egiteko, baina azken urteotako elkarlana bere fruituak ematen hasi da. Horren adibide pasa den apirilaren 9an Gasteizen burututako indarkeria matxistaren aurkako lehen manifestazio nazionala. Ozen oihukatu genuen aski dela, feministok prest gaudela behar den guztietan kalera atera eta autodefentsa feminista lanabes behar den moduan erantzuteko. Zentzu honetan, heteropatriarkatuaren ofentsibari aurre egiteko feministon arteko mundu mailako aliantza ezinbestekoa da, Emakumeen Mundu Martxa horren adibide.

Izan ere, arestian aipatu bezala, munduko emakumeok pairatu dugun lehen zapalkuntza emakume   izatea hutsagatik izan da eta beraz borrokarako lehen lurzoru ditugu geure gorputzak. Kurduek dioten bezala, emakumearena lehen nazio zapaldua bada, munduko emakume guztiak aske izan artean, gu ere ez gara aske izango. Herri guztiak aske izan artean gure herria aske izango ez den bezalaxe.

Feminista eta internazionalista garen heinean beraz, Euskal Herriko kaleetan mugimendu feministak antolatutako mobilizazioekin bat egin eta horietan parte hartzeko deia egiten dugu.

Gora munduko emakumeon borroka!
Martxan jarrituko dugu denak aske izan arte!

Orriak