Aski da! Errepresioaren aurrean desobedientzia!

Atzoko egunez, Herrialde Katalanetako Ezker Independentistako bost kideren kontrako operazio poliziala egin zuten Mossoek. Atxiloketa hauek Madrilgo Audientzia Nazionalak agindu zituen pasa den irailaren 11ko Diadan Espainiako erregearen argazkien erretzearen harira. Horietatik hiru atzo izan ziren atxilotuak eta beste biak gaur goizean bertan izan dira atxilotuak gainontzeko atxilotuei elkartasuna adierazteko antolatutako autobusa gelditu eta hauek atxilotu ondoren. Beste behin ere Generalitateko gobernuak Madrilgo agintariei men egin eta euren herritarrak jazartzeko arazorik ez duela erakutsi du, prozesu independentistarekiko duen konpromiso interesatua agerian utziz.

Atzoko gertakari honek berriro ere argi uzten du Herrialde Katalanetako Ezker Independentistak min ematen diela, ez soilik Madrilgo gobernuari zein Erregearen familiari, baizik eta bertako burgesiari ere. Beste behin ere Ezker Independentistaren aurka egitean, Kataluniako burgesiak klase aliantzari, aliantza nazionalari baino garrantzia handiagoa ematen diola erakutsi du.

Oztopoen gainetik eta euren diskurtso zein praktikari zintzo, Ezker Independentistako kideek desobeditzeko deia egin dute ozen, bai kalean zein Kataluniako parlamentuan ere. Independentzia praktikan posiblea dela erakusten ari dira behin eta berriro, horrek dakartzan ondorioak asumitzen ari direlarik. Horregatik, Askapenatik, elkartasun osoa adierazi nahi diegu atxilotutako kideei zein Ezker Independentista osoari ere. Beldurrik ez dutela erakutsi digute, ez dutela erregerik onartzen eta aurpegia emateko prest daudela.

Horregatik zuekin batera jarraituko dugu borrokan!

Aski da!
Atxilotuak Askatu!
Errepresioaren aurrean desobedientzia!
Gora Herrialde Katalan askeak!
#NiReiNiPor

 

EUSKAL HERRIA KURDISTANEKIN BAT! Abenduaren 17an Bilbon MANIFESTAZIO NAZIONALA

Parisen Euskal Herriko eta Korsikako preso politikoekiko elkartasun eguna!

Euskal eta Korsikako preso politikoen eskubideen aitortza exigitzeko, Pariseko Euskal Herriarekiko Elkartasun Komiteak eta Associu Sulidarita-k elkartasun eguna antolatu dute CICP-n abenduaren 17an. 14.00tatik aurrera elkartasun merkatua egongo da, 19.00tan herri hauen egoeraren inguruko solasaldia eta debatea, ondoren taberna zabalduko dugu eta buffet euskaldun eta korsoa egongo da, Korsikatik etorritako Scontru taldearen kontzertuarekin bukatzeko.

 

Hauxe da Komitearen testua:

Oraindik 361 euskal preso politiko eta 15 korso ditugu. Preso eta errefuxiatu politikoek gatazkaren parte dira, hortaz konponbidearen parte izan behar dira!
Preso politikoen gaiak berebiziko garrantzia du egungo testuinguru politikoan, mugimendu independentista euskaldun eta korsoak argiki gatazkaren konponbidearekin konprometitu diren honetan, bereziki ETA-k eta FLNC-k ekintza armatuak bertan behera uztean.
Espainiar eta frantziar gobernu inperialisten erantzun bakarra orain arte gupidarik gabeko errepresioa izan da. Gobernuok haien presondegietan giltzapetuta dituzten militanteei eskubiderik oinarrizkoenak ere ukatzen dizkiete.
Irtenbide politikoa Euskal Herriaren eta Korsikaren autodeterminazio eskubidea onartzean datza eta denontzako amnistia ere barnebildu beharko du!
Epe motzera, hauek dira gure aldarrikapenak:

  • Presoak geografikoki hurbiltzea.
  • Gaixo dauden presoen askatasuna.
  • Kondenaren 2/3 betea duten presoen askatasuna.

Euskal eta Korsikako preso politikoen eskubideen aitortza exigitzeko, Pariseko Euskal Herriarekiko Elkartasun Komiteak eta Associu Sulidarita-k elkartasun eguna antolatu dugu CICP-n abenduaren 17an.
14.00tatik aurrera elkartasun merkatua egongo da, 19.00tan herri hauen egoeraren inguruko solasaldia eta debatea, ondoren taberna zabalduko dugu eta buffet euskaldun eta korsoa egongo da, Korsikatik etorritako Scontru taldearen kontzertuarekin bukatzeko. Sarreraren prezioa librea da. Irabaziak presoei bideratuko ditugu. Inoiz baino gehiago behar zaituztegu!


Pikutara kartzelak eta estatu zapaltzaileak!

Gora elkartasun internazionalista!

 

¡Hasta siempre Fidel!

Hego haizeak albiste txar bat zabaldu zuen aurreko astean gurean eta munduak Karibeko irla txikian du jarrita begirada ordutik. Fidel, gure Komandante maiteak azken hatsa bota du. Komunista, abertzalea, iraultzailea eta internazionalista. Kubako iraultzari eman diozu bizia, eta horrela, munduari egin ahal zenion ekarpenik handiena egin diozu ezbairik gabe. Zure herria lutoan dago egunotan, munduko langileriaren antzera. Baina ez zaude hilik, inoiz baino biziago zaude mundu guztiko iraultzaileon bihotzetan. Zalantzarik gabe, herriak absolbitu zaitu, Fidel!

Pertsonak hezur eta haragizkoak gara, hondatu eta denboraren ordainetan ximeltzen den materia. Halakoa izan zara zu, hezur haragizkoa. Baina ondo baino hobeto baliatu duzu zure denbora eta horrek egin zaitu benetako eredu. Eta horregatik hain zuzen ere saiatu dira hainbeste aldiz zu desagerrarazten, isilarazten, zuk zure herriarekin batera lortutako guztia deuseztatzen, alegia. Kennedy, Nixon, Carter, Reagan, Bush aita semeak... kapitalismoaren birusak izan dira eta zu hauen kontrako txertoa. Hezitzailea izan zara, eta irabazitako esperientzia eta egindakoaren memoriak betiereko egiten zaitu.

Batzuek iraultza zurekin batera bukatuko dela pentsatuko dute, baina beranduegi da euren ametsa egi bihurtzeko. Herriarekin bizi izan zara eta herriak egiten du iraultza. Granma Kubara iritsi zenetik mende erdia baino gehiago pasa da eta Che Guevarak idatzi zuen bezala, pertsona sozialista berria jaio da Kuban. Iraultzaren kontsigna buruan, herriak sortutako azpiegiturak bere eskuetan eta iraultzaren alde bizia eman duzuen pertsonak bihotzean, etorkizuna bere baitan du Kubako herriak.

Ez dira asko jada zure herriko iraultzaren aurretiko mundua ezagutu dutenak. Gutxi izango dira zure herriarekin batera eginiko iraultzaren magaletik kanpo hezi diren Euskal Herriko iraultzaileak ere. Zuen askapen borroka gure askapen borrokaren eredu garbia izan da. “Independentzia eta sozialismoa” edota “Aberria ala Hil” bezalako leloek garbi erakusten dute zuen eragina. Bestalde, Euskal Herriarekiko izan duzuen elkartasuna handia izan da eta ez dago hitzik munduan hori eskertuko duenik. Horregatik, aurkitzen da Euskal Herriko Ezker Independentista lutoan, horregatik ari gara herri kubatarrarekiko elkartasun keinuak lau haizetara zabaltzen eta zuri merezi duzun omenaldia egiten.

Hala ere, ez gaitezen desanimatu, oraindik gure herria eta mundua irabazteko dugu eta! Kubak eta Fidelek bereziki erakutsi digute, internazionalistak garen heinean, munduari egin diezaiokegun ekarpenik handiena norberaren herria askatzea dela. Inperialismoaren aurrean, herria antolatu eta defendatu behar dela. Hitzek ekintzarik gabe baliorik ez dutela, alegia. Beraz bukatzeko, hainbeste aldiz errepikatu zunituen hitzekin bukatuko dugu gure omenaldi txikia:  ¡Patria o muerte! ¡Venceremos!

Agur eta Ohore Fidel Castro!

Gora Kubako Iraultza!

Jo ta ke! Irabazi Arte!


Bestalde, abenduaren 17an, larunbatean, “Kuba eguna” jaialdiaren 1. edizioa ospatuko da, Bilbon eta Askapena ere bertan izango da. Euskadi-Cuba laguntasun eta elkartasun elkarteak antolatutako jaia izango da, “Desembarco del Granma” eta “Sierra Maestra” emigrazio elkarteen laguntzarekin batera.

Egun horretan, Duintasunaren Komandanteari, Iraultza kubatarraren lider eta gure garaiko figura politiko handietako bat den Fidel Castrori, bihotz-bihotzezko omenaldi bat egingo dugu.

Orriak