Brasilgo brigadaren lehen kronika: burua hotz eta bihotza bero

MSTren bandera ez dago goraino igota Florestan Fernandez Eskola Nazionaleko formazioaren eta mistikaren plazan. Gaur iritsi gara eskolara, baina harritu egin gaitu MSTren zein Via Campesinaren banderak erdiraino soilik igota ikusteak, eta galdetu egin diegu: “Zergatik?” Bezperan MSTko militante bat hil zutela kontatu digute, auto batekin nahita harrapatuta uraren aldeko protesta batean parte hartzen ari zela. Horregatik, hildako militantearen omenez eta dolua borroka tresna bihurtzeko konpromisoz, banderak ez dituzte goraino igo.

Irakurri osorik

Mendebaldeko Sahara jo mugan

Ez da berria Marokok Lurralde okupatuetan bizi diren Sahararrak erasotu,  torturatu edota erailtzea. Azken asteetan, errepresioak gora egin du Mendebaldeko Saharako Lurralde Okupatuetan. Zoritxarrez, gisa horretako albisteak ohikoak izaten dira, baina ezin gara horrelakoak entzutera ohitu salaketarik egin gabe.

Uztailaren 19an, Argeliak Afrikako futbol kopa irabazi eta hori ospatzera modu baketsuan kalera atera ziren sahararren aurka bortizki egin zuen poliziak borra, gas negargarria, ur kañoiak edota kautxuzko balak erabiliz. Gau hartan zein ondorengo egunetan istilu larriak izan dira Mendebaldeko Saharan eta hainbat saharar larriki zauritu,  atxilotu eta torturatzeaz gain, poliziaren auto batek Sabah Othman,  24 urteko neska gaztea harrapatu eta erail zuen.

Sahararrek beren lurraldeetan bizitzeagatik pairatzen duten bortizkeria etengabeak ez du mugarik eta Nazioartea horren konplize zuzena da. Gertatzen diren giza eskubideen etengabeko urraketen aurrean, beste alde batera begiratu eta isiltasun horren truke onura ekonomikoak dituzte hainbat eta hainbat herrialdek: bertako arrantzaren espoliazioa areagotzen ari da eta era berean Marokok mugak zaintzen dizkie Saharaz azpiko migranteei bideak oztopatuz, besteak beste.

Ezinezkoa zaigu horrelako egoeren aurrean isilik egotea, eta beste behin ere gertaera hauek gogorki salatu nahi ditugu,  baita Espainia eta Frantziak horien aurrean  zein Marokok Saharan eragiten duen okupazio ilegalaren aurrean hartzen duten jarrera pasiboa ere. 

Modu horretan, Euskal Herrian bizi den Saharar komunitateak bihar, uztailak 25, 12.00etan Marokoko Kontsulatuaren Bilboko egoitzaren parean azken gertakariak eta bereziki Sabah Azman gaztearen erailketa salatzeko deitu duen elkarretaratzera joateko deialdia zabaldu nahi dugu Askapenatik.

Sahara Hurra!

Palestinako brigada feministaren lehen kronika: erresistentziaren katebegiak

Palestinaren askatasunaren aldeko borrokak urteak bezainbat ertz konplexu ditu, batik bat emakumeek pairatzen duten zapalkuntzari dagokionean. Ez da egoera berdina 48ko lurraldeetan bizi direnena, Gazan bizi direnena, edo Zisjordanian; Jerusalemen bizi direnena, edo Bethlehemen; Hebronen, edo Ramallahn. Israelen okupazioak forma desberdinak hartzen ditu, Zisjordania kasu, hiru zonaldetan banatuta dago: A eremuaren gehiengoa Palestinar Autoritate Nazionalaren (PAN) kontrolpean dago; B eremuan PAN-ak kontrol zibila duen bitartean, Israelekin partekatzen du kontrol militarra, eta C eremua Israelek kontrolatzen du guztiz.

Tokian tokiko okupazioaren aurrean antolatutako borrokan, emakumeen antolakuntzak garrantzia berezia hartzen du gizartea eraldatzeko duen gaitasunagatik. Ezagutzeko asko geratzen bazaigu ere, hona orain arte ikusi eta ikasitakoaren hurbilpen bat.

Bethlehemeko Aida errefuxiatu gunea 1948ko ‘Nakba’ edo hondamendian Israelek kanporatutako 6000 palestinarrentzat sortu zuen UNRWAk. Gaur egun oraindik bertan bizi dira. Israel apartheidaren harresia eraikitzen hasi zen II. Intifadaren ondoren, besteak beste, Aida Camp guztiz inguratu arte. Oinarrizko beharrizanak asetzeko eskasiak, adibidez urak, mugimendu askatasun ezak eta egunerokotasuneko konfrontazioak ezaugarritzen du. Aidako umeentzako hezkuntza politikorako espazio kultural propio baten behar izanaz jabetuta, bertako emakumeek Amal Almustakbal zentroa sortu zuten, 1987.urtean.
 


Bertako egoera politiko eta sozioekonomiko gogorraren ondorioz, antolakuntza, borroka eta erresistentzia gune indartsua da Aida. Emakume aritu baten ahotik jaso ditugu borrokaren gazi-gozoak. Haren esanetan, emakumeei betidanik egotzi izan zaien rola ezinbestekoa izan da erresistentzia armatuaren sostengurako. Gogora dakartza nola zaintzen zituzten emakumeek kaleak, soldaduak gauez errefuxiatu gunera sartzean palestinarrak bide seguruetatik gidatzeko. “Erresistentziaren begiak ziren”. Oro har, hasiera batean esparru publikoan emakumearen parte-hartze politikoa baxua izan arren, gerora, borroka armatuaren lehen lerroan agertzen eta bi esparruak uztartzen hasi ziren. Honela, errefuxiatu gunean hazi eta hezi dira nazio askapenerako borrokan parte hartu duten emakume esanguratsuak, haietako batzuen izena darama Amal Almustakbal zentroak.

Oinarrizko beharrizanak asetzeko burujabetza falta palestinarren arazo nagusienetariko bat da. Honen aurrean emakumeak antolatzen hasi ziren besteak beste hezkuntza, osasun eta aisialdi arloetan, Beit Sahourreko Arab Women Union-ek egin bezala. Bestalde, Union of Palestinian Women Committees-ek ahalduntze politikoan lan egiten du 200 herrietako emakume palestinarrak saretu eta antolatuz, esateko, Hebronen.

Hebroneko gatazka guztiaren muinean dago alde zaharraren kolonizazioa. Ezagunak egingo zaizkizue bertako argazkiak: behin merkatal gune ziren bizi handiko kaleak hutsik, eta oraindik bizirik mantentzen diren kaleak estaltzen dituen sarea, goiko pisuetan bizi diren kolonoek palestinarrei jaurtitzen dieten zaborretik babesteko. Hebronen bereziki palestinarrek jasaten duten kolono eta militarren jazarpenak ez du parekorik. Eguneroko biolentzia kudeatu eta aurre egitea helburu estrategikotzat du UPWCk. Horretarako, emakume taldeak dituzte, ikasleak eta langileak boteretzeko lan egiten dute, haurrek bizi duten amorru, ezintasun, eta tentsioa kanalizatzeko aisialdi ekintzak aurrera eramaten dituzte, eta nazio askapenerako prozesuan eragiten dute emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan parte hartuz.

 

Biziraupena eta burujabetzaren aldeko borroka: nola uztartu?

Emakumeak gauzatzen ari diren erresistentziak garrantzia ukaezina du palestinarren nazio askapenean, hark hartzen baitu bizitza publiko eta pribatuaren arteko mugei aurre egiteko erantzukizuna. Konplexua bilakatzen baita egoera, emakumea bere eskubideen jabe egin eta aldi berean nazio zapalkuntzaren aurka antolatu behar denean. Gizarte heteropatriarkala izaki, antolakuntza politikoan lekua egiteko borrokatu beharrak, norberetik hasi eta etxe barruan borrokatzea esan nahi du. Israelek, emakume palestinarraren esangura politikoaz jakitun bere aurkako ofentsiba abiatu du, haren gorputza erabili eta guda armatzat hartuz, borrokaren eta elkartasunaren zutabea eraisteko helburuarekin.

Greziako brigadaren azken kronika: Tesalonika eta inguruetako borrokak

Kretatik ferrya hartu eta Atenasen geldialditxoa egin ondoren, Tesalonikara iritsi ginen. Tesalonika Greziaren iparraldean dagoen hiri handi bat da, Greziako handienetan bigarrena. Han ere, KOEko kideek harrera egin ziguten, eta solasaldi bat izan genuen, batez ere Euskal Herriko azken berriei buruzkoa.


Tesalonika ingurua oso industrializatuta zegoen garai batean: langile-klase indartsua zuen, borrokalaria. Dena dela, 90. hamarkadatik aurrera, desindustrializatzen hasi zen, eta tokiko ekonomia berehala aldatu zen. Batez ere gazteetan, langabezia asko handitu zen. Unibertsitateko ikasketak izanda ere, lanik ezin aurkitu eta kanpora joaten hasi ziren. Horrekin batera, klase burgesak eta agintariek turistifikazioa bultzatu zuten. Etxebizitza turistikoen eraginez, errentak asko garestitu ziren, eta, batez ere gazteek, erdigunetik alde egin behar izan dute azken urteetan. Aldi berean, bizi-kalitatea okertuz joan da, zerbitzu publikoen kalitatea okertu da…


Tesalonikaren beste arazo handi bat garraio publikoa da. Oso hiri handia da, eta autobus-zerbitzua oso kaskarra da. Horrez gain, ingurumena ere kezkagarria da biztanleentzat. Ez du ia berdegunerik, zuhaitzik eta belarrik, eta, aipatu dugun moduan, garraio publikoa oso txarra denez, jende gehienak autoa erabiltzen du.

Beraz, beste hiri askotako arazo antzekoak ditugu hemen: agintariak turistak erakarri nahian eta biztanleak ezin bizi. Halere, badu hiri honek beste ezaugarri bat. Kokagune estrategikoan dago, Balkanetan. Ondorioz, inperialismoari lotutako gatazkak ere izaten dituzte.

Irakurri osorik

Orriak