Euskal Herritik Venezuelarekin elkartasuna! 10 urte bide komunalean!

(abajo en castellano y francés)

Euskal Herritik Venezuelarekin elkartasuna! 10 urte bide komunalean!

Lerro hauen bidez hurrengo hilabeteetan (2019ko ekainetik 2020ko martxora) abian jarri dugun elkartasun-kanpaina azaldu nahi dugu.

EL MAIZAL Venezuelan dagoen nekazal eremuko komuna bat da. Lara eta Portuguesa estatuen artean kokatua dago eta 22 kontseilu komunal batzen ditu. 2009Ko martxoak 5ean sortu izen zen eta azken urteetan Venezuelako komuna erreferentzialen artean kokatuta da. Bere hastapenetik Komuna oso aktiboa izan da, bai auto-antolakuntzan, autogobernuan zein eremu produktiboan. Komuna oso aktiboa, kritikoa eta dinamizatzailea da. Bere inguruko zonaldeetan beste komuna batzuen sorkuntza bultzatu izan du eta lurren okupazioa eta aktibazioa bultzatu ditu. Azken urteetako krisi ekonomikoarekin eta batez ere, gaur egun, Venezuelan bizi den egoera larriaren testuinguruan (gerra ekonomikoa, kanpo esku-hartzea, eraso inperialista desberdinak…), proiektu komunalek oztopo gehiago dituzte haien alternatibak garatzeko. El Maizalen, bereziki, azken hilabeteetan haziak lortzeko arazoak dituzte.

>>> ELKARTASUN KANPAINA: LAGUNTZA BEHAR MATERIALETAN ETA PROIEKTU EMANTZIPATZAILEAREN BABESA

El Maizal Komunaren proiektuak EHko pertsona desberdinekin harreman eta lotura izan ditu, bai brigadista internazionalistekin zein ikertzaile-aktibistekin. Eta gaurko egoera aintzat hartuz, Venezuelarekin elkartasuna garatzeko ikuspegi erreal eta materialean garatzeko proposamen bat pentsatu dugu: proiektu zehatz bat laguntzea, bere behar zehatzetan laguntzea eta bere proiektuaren ezaugarriak zabaltzea. Horrekin eta hortik abiatuta, gaur egun Venezuela jasaten ari den eraso inperialista ere denuntziatu nahi dugu, baina esan bezala, elkartasun erreal eta material batetik abiatuta. Venezuelaz hitz egin behar da, baina batez ere, Venezuelan garatzen ari diren proiektu eraldatzaile desberdinen inguruan, izan ere, hori da hain zuzen ere, erasoekin kolpatu eta deuseztatu nahi duten proiektu emantzipatzailea.

Elkartasun kanpaina hau El Maizal Komunaren 10. urteurrenaren testuinguruan kokatu nahi dugu. Ospakizun horrekin EHtik bat eginez, haien proiektua ezagutzera emateko. Horrela, lelo nagusia “Euskal Herritik Venezuelarekin elkartasuna! Comuna El Maizal: 10 años de camino comunero” litzateke. Kanpaina 2019ko Ekainetik 2020ko martxora luzatuko lirateke (10. urteurreneko data-epeak errespetatuz). Eta printzipioz, bi ildo-jarduera nagusiekin kanpaina abiatzea pentsatu da (nahiz eta gerora beste gauza batzuk ere integratu ahal izango diren, ala ez):

  • HAZIEN BILKETARAKO KANPAINA: 80. hamarkadan Nikaraguarekin abian jarritako “Balas para Nicaragua” kanpainaren leloaren ideia jarraituz, gaurko egoera honetan “Semillas para Venezuela, Semillas para El Maizal” leloa bururatu egin zaigu. Ideia nagusia, El Maizalek haziak lortzeko dituen zailtasunak zabaltzeaz gain, haziak lortu ahal izateko diru bilketa bat zabaltzea litzateke. Horretarako, kontu korronte bat martxan jarriko litzateke eta kanpainarekin batera zabalduko litzateke. Ekimen honekin, haziak lortzeko elkartasun materiala eta zehatza bultzatu nahiko genuke, erreala eta kualitatiboa, baina era berean kuantifikatu ahal izango duguna eta ekoizpenaren arloan hurrengo urteko uztan emaitza argiak emango dituena. Kanpaina honen ildo edo ekimen hau Ekainetik martxora zabalduko litzateke. Ekarpena, hazien bidez, edo haziak erosteko diruaren bidez ahal izango da.

Kontu korrontea: El Maizal_Kanpaina ES40 3035 0028 16 0280101602 (Laboral kutxa)

  • EL MAIZAL KOMUNAren PROIEKTUA (ETA, OROKORREAN, IRAULTZA BOLIBARTARRAREN PROIEKTU KOMUNALA) ZABALTZEA: Elkartasun materialarekin batera, Venezuelan Iraultza Bolibartarraren eskutik zabaltzen eta garatzen ari den proiektu komunala ezagutzera ematea eta zabaltzea bilatzen da. Bereziki, herri auto-antolakuntza, herri boterea, alternatiba ekonomiko herritarrak eta autogobernuaren ideietan sakonduz. Hori, El Maizal Komunaren esperientziatik abiatuta egingo genuke hitzaldi desberdinen bidez. Irailetik Martxora bitarte garatuko genuke hitzaldi zikloan, hitzaldiak antolatuko lirateke Euskal Herriko hiriburu eta zonalde desberdinetan. Hitzaldi horietarako material desberdinak prestatuko ditugu, eta lagungarri izango zaigu ere 10. urteurrenerako EHtik bultzatutako El Maizalen blogaren zabalpena. Hitzaldi hauek, antolatuko diren tokietako eragileren batekin elkarlanean antolatuko dira.

Elkartasun kanpaina honetan, bi ildo hauetaz gain, bestelako ekimen, idei edo proposamen batzuk garatu ahal izango dira. Kanpaina irekia da eta era dinamiko batean garatu eta eraikitzea gustatuko litzaiguke.

Eragileak: Amerika Latina Parte-Hartuz, Askapena, Komite Internazionalistak, Euskal Herriko Hazien sarea, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa, Ehne bizkaia, Paz con Dignidad, Etxalde, Argia eta Bizilur.

Palestina aske baten alde, elkartasuna palestinar erresistentziarekin!

(abajo en castellano)

1948ko maiatzaren 15ean Israelgo Estatuak bere estatuaren sorrera aldebakartasunez aldarrikatu zuen ehunka palestinar herriren gainean eta 700.000 palestinarretik gora euren lurretatik kanporatuz. Geroztik, palestinar herriak egun hau Nakba-ren egun gisa oroitzen du, arabieraz hondamendia esan nahi duena.

Oroimenerako eta salaketarako eguna da gaurkoa. Israelgo Estatuak palestinarrak euren etxe eta lurretatik kanporatuz, herri eta etxebizitzak suntsituz, sei milioi errefuxiatu palestinar baino gehiagori etxera itzultzeko eskubidea ukatuz eta sarraskiak, erailketak eta palestinarren ausazko atxiloketa bidegabeak eginez, lurralde berriak kolonizatzen jarraitzeko saiakera etengabeak egiten dihardu. Hauek eta beste hainbat dira palestinar herriak egunerokotasunean jasan behar dituen eskubide urraketak, beraz, argi esan behar dugu Nakba deiturikoak bere horretan jarraitzen duela. Gainera gogoan izan behar dugu 2019ko Nakba hau Gazak jasandako azken bonbardaketak gertatu eta egun gutxitara ospatuko dela. Okupazio indar sionisten eraso berri honek 27 eraildako eta hamarnaka zauritu utzi zituen eta gertakari honek Gazak duela jada 13 urtez bizi duen larrialdi egoera areagotu baino ez du egiten. Blokeoak eta indar sionisten etengabeko sarraskiek bere horretan darraite. Ozen diogu ez garela inoiz eraso hauek salatzeaz nekatuko.
 

Baina gaurkoa ere, palestinar herriaren erresistentziarekiko gure elkartasunean berresteko eguna dugu, kolonizazio sionistaren saiakera guztien gainetik, erresistentzia hori egon badagoela argi uzten duena. Erailketen, kontrolen, euren bizitzen militarizazioaren, explotazio laboralaren, irainen eta, finean, kolonizazioaren egunerokotasuneko biolentziaren aurrean, erresistentziak aurrera darrai, heriotzaren aurrean bizitza dagoela erakutsiz, euren askatasunaren alde borrokan determinazio osoa erakutsiz. Izan ere, pasa den martxoan Gazaren jazarpena salatu eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea aldarrikatzen duen protestaldi zikloari, Itzuleraren Martxa Handiari, hasiera eman ziola urtebete ospatu zen. 2018ko martxoaren 30etik dagoeneko 200 pertsonatik gora erail eta 12.000tik gora zauritu ditu Israelgo Estatuak. Errepresio honi aurre eginez, Gazako palestinarrek astero oroitarazten diote munduari ez dutela etsiko euren eskubideak lortu arte. Gazan, Zisjordanian, historikoki Palestina den lurralde osoan zein erbestean, palestinarrek euren etxeetako giltzak gordetzen dituzte, euren lurretarako zein euren herriaren askatasunerako ateak parez pare irekiko dizkietenak.

 

Palestinaren kolonizazio sionista, baina, ezingo zatekeen mantendu AEBak moduko nazioarteko instituzio, potentzia eta enpresa multinazionalen konplizitaterik gabe. Izan ere, duela hilabete gutxi batzuk AEBek siriar lurraldean daude Golango Gainak Israeli aitortu zizkion, eta Europar Batasunak eta bere estatukideek akordio komertzial, instituzional eta kulturalak indarrean mantentzen dituzte, Israelgo Estatuarekin harremanak legitimatuz eta normalizatuz. Horren adibide da, esaterako, Israelgo Estatuak Eurovision lehiaketan parte hartzea edota aurtengo edizioa Tel Aviven ospatzea. Israelek mota honetako ekimen “kulturalak” erabiltzen ditu nazioartean bere burua legitimatu eta herrialde moderno eta multikulturala delaren mozorropean herri palestinarra zanpatzen jarraitzeko. Izan ere, lehiaketaren 2018ko edizioko Israelgo ordezkariaren garaipena, armada israledarrak Gazan 60 palestianarretik gora erailtzen zituela gertatu zen. Zaila izango da abesti sorta batek etengabeko kolonizazio politikak, garbiketa etnikoa eta Estatu israeldarraren apartheida ezkutatzea eta gero eta gehiago dira datorren maiatzaren 18an ospatuko den musika lehiaketa boikoteatzeko deia luzatzeko batutako ahotsak.

 

Horregatik guztiagatik, euskal herritar orori dei egiten diogu palestinar herriarekiko eta kolonizazioaren aurreko erresistentziarekiko elkartasuna biderkatzen jarraitzeko. Eta, bereziki, Euskal Herritik sionismoaren konplize diren eta sionismoa babesten duten adierazpide guztiei aurre egiteko indarrak batzeko deia egiten dugu, Israelen aurkako Boikot, Desinbertzio eta Zigor kanpainaren bitartez.

Gora Palestina askatuta! Euskal Herrian sionismoari ez!

Parisko maiatzaren lehena

2016ko Lan Kodearen erreformatik, gero eta jendetsuagoak izan dira Parisen Maiatzaren Leheneko manifestazioak. Jendeak Macron polizien (eta aberatsen) presidente izendatzeraino gogortu du errepresioa gobernuak. Jaka Horien mugimedua piztu ondorengo Maiatzaren Lehenean, izugarria izan da Poliziaren biolentzia. Manifestatzeko eskubidea bera mugatzen ari da etengabe Frantziako Estatua: legeak gogortuz edo berriak eginez, mobilizazioetara Polizia gehiago bidaliz, aspaldi erabili gabeko teknikak erabiliz eta langileengan beldurra zabalduz.


Etxean hartu gaituzten kideekin CNTren lokalean prestaketa lanak egin, eta manifestazio libertarioan izan ginen goizean: furgoneta, ura eta bokatak, propaganda... Ordena zerbitzu bat ere antolatu ohi dute, dena ondo doala ziurtatu eta manifestariak elkar zaindu eta babesteko. Sekretak, poliziak kamera handiekin… Ezer larririk gertatu ez arren, tentsioa nabaria zen. Montparnassera joan ginen ondoren, manifestazio nagusira.

 


Hedabide nagusien arabera, 80tik gora lagun atxiki zituzten “prebentiboki” maiatzaren 1ean, manifestazio bateratuaren aurretik. Ondoren, 300 baino gehiago atxilotu. 7.400 jendarmetik gora mobilizatu zituzten, eta lehen aldiz, suhiltzaileak erabili zituzten inguruko kaleetan trafikoa bideratzeko. Propio jarritako kamerak, droneak, motorrak, ura botatzeko tankeak, montaje polizial-mediatikoak… Frantziako Estatua ere urteotako gatazkak laboratorio errepresibo gisa erabili eta salbuespenezko neurriak normalizatzen ari da etengabe; ezagun zaigu hori guztia eta, ezinbestean, Euskal Herria datorkigu gogora.


Metrotik irten bezain laster, Poliziaren kontrola, jende guztia miatzeko. Manifestazioan sartu bezain pronto, gasa eta kargak milaka manifestari zeuden lekuan. Kale gehienak hartuta zeuzkaten, eta noiznahi pasatzen ziren edozein lekutatik modu bortitzean, porra, gas eta flashball eskopetekin. Azken hiru urteetan bezala, aurrealdean izan ziren kargarik eta liskarrik bortitzenak. Manifestazio burua hartu, eta beltzez jantzitako ehunka gaztek erantzun zieten poliziei, tartean bankuen eta espekulatzaile handien aurka eginez.


 


Aurrera egin eta sindikatuen furgonetekin bat egin genuen. Bakoitzak bereak eraman ohi ditu, musika eta aldarri ugarirekin. Bandera eta pankarta ugari, jaka horiz jantzitako jendea, margoketak nonahai, greba orokorrerako deiak, Vive La Commune banderan hizki gorriz, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako oihuak, Macronen eta Poliziaren aurkakoak… Munduko herri langile ugariren aldarriak ikus zitezkeen tarteka: palestinarrak, sahararrak, Yemengo gerraren aurkakoak, kurduak, ikurrinaren bat.

 

Errepresioa gogorra izan arren, langileria batu eta antolatzeko zailtasunak eta erronkak handiak izan arren, azken urteotako mugimenduek estuasunean jarri dute Europako gobernu handietako bat. Astez aste, kapitalaren morroiak zilegitasuna galduz doaz herritarren artean, aurtengo Maiatzaren Lehenak argi erakutsi duenez. Eta ezin ahaztu, egoera horretan, udan gure herrian egitekoa duten G7a. Munduko zapaltzaileen ordezkari gorenen bisitak Euskal Herrian jarriko du fokua, eta tamainako erantzuna ematea ez da erronka makala.


Patriarkatu kapitalistaren, inperialismoaren, G7aren eta bere munduaren aurka, bizitzea merezi duten bizitza duinen alde, gora herri langileon borroka!

Udaberriko Parisko brigadaren lehen kronika!

Txaleko horien borrokak Frantziar Estatuan jarri du fokoa azarotik hona. Erregaien gaineko zergen igoerak piztu zuen mugimendua, baina etengabeko mobilizazioen bidez dimentsio zabalagoa hartuz joan da. Testuinguru horretan Paris borrokalaria ezagutu nahi izan dugu, bere aniztasun guztian.

Euskal Herriak urteetan jaso du elkartasuna Parisetik ere. Ondo erakutsi digute hori beren etxean hartu gaituzten CSPB Elkartasun komiteko Maite eta Yohannek. Apirilaren 25eko gauean iritsi eta hurrengo egunetan ezagutu ahal izan ditugu hemengo errealitate eta borroka desberdinak.

 

Apirilak 26. Langile migranteak eta etxebizitza

Paris kanpoaldeko Bagnolet hirian izan genuen lehen solasaldia. Gizon langile migranteek osatutako kolektiboa da Les Baras, gehienbat, Libiako gerraren ondoren Malitik, Gineatik eta Burkina Fasotik iritsitakoena. Hainbat urte daramate Parisen, eta dagoeneko lau espaziotan egon dira bizitzen; izan ere okupazio mugimenduak indarra izan du azken urteetan. Aipatutako lau espazio horiek migranteek beraiek berreskuratu izan dituzte, eta gai izan dira haien etxebizitza beharrei antolakuntzaz eta autogestioz erantzuteko. Ez hori bakarrik: sare bat osatu dute, modu asanblearioan eta elkar babestuz, EBk eta Frantziar estatuak ukatzen dizkien eskubideen alde borrokatzeko. Hori guztia, bestelako harreman eredu eta baloreekin.

Paris kanpoaldeko Bagnolet hirian langile migranteek berreskuratutako eraikina.


Gaur egun, 150 lagunek osatzen dute proiektua, eta 90 bat bizi dira Bagnolet hiriko eraikinean. Gizarte zerbitzuen eraikin bat zen, baina hutsik zeraman denbora luze bat. Orain elkarte bat osatu dute, urteetako borrokaren ondorioz akordio prozesuetan baitaude udalarekin. Azkenaldian Euskal Herrian ere Harrera sareak eta bestelako proiektuak mugitu izan dira antzeko egoerei erantzuteko, eta pozgarria da ikustea elkartasunaren bidetik noraino iritsi daitekeen, kasu honetan, migranteak beraiek borroka subjektu bihurtzeraino.


Apirilak 27. Gizarte Zerbitzu Publiko eta Duinen alde, emakumeak borrokan

Emakumeen bizitza biolentzia desberdinengatik zeharkatua dago, baina bereziki larria da ustez babesteko diren instituzioetatik datorrenean. Miseriatik negozioa egiten duten adibidea da Palais de la Femme. Charonne kaleko “jauregiko” gunea Gizarte Zerbitzuen pribatizazioan oinarritzen da bazterketa larria pairatzen duten emakumeen egoera baliatuz. Esate baterako, 483 euro ordaindu behar dituzte hilean lo egiteagatik bakarrik. Gainera, umeentzako zaintza ere pribatizatua dago eta migranteek 1400 euroko tasa ordaindu behar dute sartzean, paperik ez dutelako. Hori gutxi ez balitz, langileen partetik infantilizazio jarrerak jasaten dituztela azaldu zuten.

Femmes En Guerre mobilizazioa, Palais du Femme guneko egoera salatzeko.

Egoera hauek salatzeko, bertan bizi diren emakumeak udaletxe aurrean mobilizatu ziren larunbatean, jaka hori eta moreekin. Antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin zuten, kontziente izanik egoera larrienetan dauden emakumeek zailtasun handiagoak dituztela kalera ateratzeko. Haiek oihukatzen zuten bezala “biolentzia sexista, biolentzia soziala, borroka bera, etsaia kapitala”.


Apirilak 27. Jaka horien erronkak

2018ko azaroan hasi zen agertzen hedabideetan Jaka Horien mugimendua, eta asko hitz haren jatorriaren inguruan. Parisko kideek azaldu digutenez, bigarren mailako errepideetan 80 kilometro abiadura muga ezarri zutenean hasi ziren sortzen lehen taldeak sare sozialetan. Azaroaren, erregaien gaineko zerga igotzearen aurka deitu zituzten lehen mobilizazioak. Politikoki eta ideologikoki definitu gabeko mugimendua izan da, eta asteek aurrera egin ahala gizarteko aldarrikapen ezberdinak bildu dituzte. Ez da lehen aldia antzeko mugimenduak daudena> 2016an, esaterako, Nuit Debout mugimenduak Errepublika plaza hartu zuen hiru hilabetez. Kontzientziak piztu eta etengabeko mobilizazioa mantentzeko gaitasuna agertu dute, baina erronka handiak dituzte aurretik.

Definizio faltak aniztasuna eman dio mugimenduari, baina hori nola antolatu, hori da orain erronketako bat. Aniztasun horren barruan, tentuz hartzeko ideiak ere ikusi ahal izan ditugu,  lehen bistara herriaren aldarrikapen modura agertu arren, atzean langile klasearen aurkako interesak eta ideia atzerakoiak ezkuta daitezkeelako. Borrokarako aukera eta espazio berriak sortu dituzte, baina oraindik ere disputan dago horien norabidea.

 

Sindikatuek ere bat egin zuten, aurrenekoz, Jaka Horien mobilizazioarekin.

Orriak