Greziako brigadaren 2. kronika: Kreta ezagutzen

Astelehenean, uztailaren 2an, Kreta uhartera iritsi ginen, Greziako uharterik handienera. KOEko kideek harrera egin ziguten, Heraklion, eta ingurua ezagutzera joan ginen. Iluntzean, Tabya zentro sozialean, solasaldi bat antolatu ziguten. Euskal Herriko borrokaren historia eta gaur egungo egoera azaldu genuen, eta, ondoren, eztabaidarako tartea hartu genuen. Ikusi genuen interes handia dutela, denetarik galdetu baitzuten.


Hurrengo egunean, Chochilos elikadura arloko kooperatibako eta Be.Collective eragile komunaleko kide batek proiektu horiek azaldu zizkigun. Lehena tokiko produktuak saltzen dituen denda kooperatibo bat da, eta bigarrena lehen sektoreko produkzioan aritzen den taldea.

Irakurri osorik

Greziako brigadaren lehen kronika! Etsipenaren aurkako borroka

Kokiniá, auzo gorria

Igande goizaldean iritsi ginen Atenasera, eta KOEko kide batek bere etxean hartu gintuen. Atseden hartu eta gero, Kokiniá auzora joan ginen. Kokiniá langile auzo bat da. 20. hamarkadan Turkiako kostaldetik kanporatutak izan ziren greziarrek sorturiko auzoa da. Atenaseko kanpoaldean dago, eta garai horretan ez zegoen inongo egiturarik; hortaz, bizi-baldintzak txarrak ziren eta elkarren arteko laguntzan oinarrituta aurrera egitea lortu zuten; horrexegatik, komunitate handiko auzoa da. Bertan, KOEren gune sozial batera eraman gintuzten, eta hango jendearekin, Euskal Herriko eta Greziako borroka-esperientziak trukatu genituen. Ondoren, ibilaldi historikoa egin genuen. Azaldu zigutenez,  II. Mundu Gerran naziek Grezia okupatu zuten. Kokinián ordea, erresistentzia indartsuarekin egin zuten topo. 1944ko martxoan naziak auzoa bereganatzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten auzoko gerrilla garaitu. Zoritxarrez, abuztuan, ospakizun egun baten biharamunean denak lo zeudela baliatuz naziak auzoaz jabetu ziren. Ehunka pertsona fusilatu zituzten, gerrillakoak eta senideak izateagatik. Memoria ezabatu nahian, hori gertatu zen plazan eliza ortodoxo bat eta bestelako erakinak egin zituzten baina, aldaketak aldaketa, erresistentzia-sinbolo da oraindik.

 

Exarchia

Arratsaldean, Exarchia ingurura joan ginen. Han dago unibertsitate politeknikoa. 1973ko azaroan, yankiek sostengatutako diktadura militarraren azken garaian, ikasleek hiru egunez okupatu zuten, eta, azkenean, tankeek atea bota eta militarki esku hartu zuten. Ordutik, manifestazio jendetsuak antolatzen dira urtero, unibetsitatetik Estatu Batuetako enbaxadara, gertakari horiek gogoratzeko.

Exarchia oso ospetsua da, batez ere joera libertarioko hainbat borroka eta ekimenen gertaleku delako, baina bestelako prozesuak ere gertatzen ari dira. Alde batetik, arazo handia dago drogarekin, eta bertako mugimenduen arteko istilu-iturri izaten ari da horren aurrean hartu beharreko jarrera. Bestetik, munduko beste hainbat hiri handitako auzoetan gertatzen ari den moduan, gentrifikazio-prozesu bat ari da gertatzen: alokairuen prezioa igotzen ari da, auzoa taberna eta kafe modernoz betetzen, polizia berriro sartzen hasi da…

 

Menderakuntza baten historia

Hurrengo egunean, astelehenean, KOEko kideek beren bulego nagusietara eraman gintuzten. Han editatzen dute “Ezkerraren Bidea” astekaria. Argitalpen horretan, KOEko kideek eta bestelakoek hartzen dute parte. Oro har, prentsa idatzia gainbeheran dago, eta hori, nolabait, greziarren etsipenaren isla moduan uler daiteke; dena den, ezkerreko alderdi eta talde guztiek dute ohitura beren egunkari eta aldizkariak argitaratzeko, beren ideiak zabaltzeko asmoz.

Jarraian, militante historiko batzuekin elkartu, eta Grezia modernoaren historia azaldu ziguten. Bereziki nabarmentzekoa da Grezia beti egon dela, bere historia modernoan behintzat, garaian garaiko indar inperialisten menpe. Kokapen geopolitiko estrategikoa duenez, interes handia izan dute haren jabe egiten, era batera edo bestera: Otomandar Inperioa, naziak, britainiarrak, yankiek sostengatutako diktadura… Eta, gaur egun ere, bestelako menpekotasun-egoera bat du: azken urteetan aplikatu diren erreskateen (memorandumak) eta ondoriozko neurrien bidez, estatu, multinazional eta banketxe boteretsuak Greziako azpiegitura estrategikoez jabetu dira, eta, gainera, esku-hartze zuzena dute parlamentuan eta gainerako erakundeetan hartzen diren erabakietan. Greziaren burujabetza hutsaren hurrengoa da. Are gehiago, arriskua dago Greziako estatua eta bere lurraldetasuna bera desegiteko, aipatu ditugun interes horiek eta Turkiako politika espantsionista dela medio.

 

Galatsi: harreman sozialak eraldatzen

 Arratsaldean, Galatsi auzora abiatu ginen. Auzo hori klase ertain-baxuko jendeak osatzen zuen; ordea, krisiaren eraginez, bizi-maila nabarmen okertu da, Grezia osoan bezala (biztanleriaren % 50 pobrezian dago eta %33, pobrezia-atalasearen azpitik). Auzo honetan, estrategia integral bat abiatu du mugimendu antolatuak. Oraingoz, hiru ildo nagusi ditu: lehena auzo osoaren topagune bilakatu nahi duten gune politiko-soziala, elkarren arteko harremanak sustatzeko eta auzo problematikak identifikatzeko; bigarrena proposamen munizipalista bat da, eta auzoa eraldatzeko plan integral bat aurkeztu dute. Hirugarrena kontsumo-kooperatiba da.

(irakurri osorik)

Agur Mate, irabazi arte!

(abajo en castellano)

Matek, Latinoamerikako hainbat iraultzaileren gisara, erbestean bilatu behar izan zuen tokia bizitzen eta borrokatzen jarraitzeko. Parisen emandako urteen eta Bartzelonan emandako hilabeteen ostean, Mate Euskal Herrian lurreratu zen 1978an.

Rancaguan jaoa zen eta Matematika ikasketak egin zituen. MIR erakundean bere ekarpena egin zuen Allenderen Gobernuaren bitartean Gizarte Aferen Departamentuan (DAS), apostu arriskutsua garai militarizatu haietan. Santiagoko estadioa, Chacabuco edota Tres Álamosko kontzentrazio eremuak izan ziren Materen biografian ezabatu ezinezko orbainak. 1975eko urtarrilean Europan lurreratu zen, eta Yolandak lagunduta Euskal Herrian murgildu zen. Bere lagun Iganciok ondo dion bezala: “Euskal Herrian, bihotzeko taupadak hegoaldean zituela, bere tokia topatu zuen munduan. Militatzen jarraitu zuen auzi amankomun baten alde, senidetasun berri baten zoriontasunarekin.”

 

Jasandako errepresio bortitzak bere sinesmen eta konpromisoak indartu zituen. Heldu berritan GAM (MIRekiko babes taldea- Grupo de Apoyo al MIR) taldearen sorreran engaiatu zen eta hilabete batzuk beranduago, Iruñean garai hartan zegoen taberna bitxi, gorri eta internazionalistena Malembe izendatzea proposatu zuen. Malemben kañak hartzen zituztenak, mundua astintzen ari zen matxinadarako izpirtuz blaitzen ziren. Eta beste latitudeetatik zetoztenak beste herri batekin identifikatzen joan ziren, gurearekin, errebelde eta oldarkorrarekin. Materen argitasunak lubakiaren alde egokian kokatu zuen. Gutako bat bilakatu zen eta bere lan internazionalistatik ekarpena egin zuen Euskal Herri independiente eta sozialista baten eraikuntzan. Betidanik mirista klaudikaezin eta Askapenako militante kualifikatua izan zen erakunde internazionalista honen hastapenetatik. Erregulartasun metodikoz bestelako herrien esperantza eta borroketara hurbiltzen gintuzten dosier haiek prestatzen zituen.

 

Nahi gabe, jende askorentzat erreferente bilakatu zen. Agur esateko garaian hamarnaka lagun eta kide pasatu ziren bere gelatik eta munduko txoko ezberdinetatik iritsitako besarkada digital eta beroa helarazi zioten. Ospitaleko bere gelak bere egoeraz kezkaturik geunden belaunaldi ezberdinetako euskal internazionalista andana elkartu zituen.  Errekonozitua eta baloratua izan den gertaera: “Bere inguruan sortutako elkartasun sarea ederra izan da. Militante eta lagun euskaldunak momentu oro behar zuenerako txandakatzen ziren” dio MIReko ordezkari batek urrunetik. Eta hala izan da. Sena galtzen zuelarik, betidanik amestutako zerbait lortzen ari zen: frente antinperialista zabal bat metatzea. Tamalez, 2019ko ekainaren 21eko gauean joan zitzaigun.

 

Haren borrokak partekatu genituonok eta gaur bere heriotza sentitzen dugunok, gure aldarrikapen eta sinismenenetan berretsitz agurtzen zaitugu lagun. Amesten ditugun idealengatik borrokan segituko dugu gure Euskal Herri maite honetatik: “Hamaika herri, borroka bakarra!”

Herrietatik Europa berria eraikitzen - JARDUNALDIAK

HERRIETATIK EUROPA BERRIA ERAIKITZEN
Azaroak 15 eta 16 Katakrak (Iruñea)


Europa geure guda zelaia zela esan genuen duela 2 urte, Askapenaren 30. urteurren ekitaldian, eta  Europar Batasunaren (EB) aurkako borroka ildo berri bat abiarazi genuen orduan. Herri langileon aurkako egitura politiko, militar eta ekonomikoa da EB eta egitura honen jatorrizko izaera agerian utzi asmoz kaleratu genuen EBren inguruko txostena, eta ondoren, nazioarteko borroka kideekin antolatu genuen hitzaldi bira bat Euskal Herri luze zabalean.

 

Oraingoan beste urrats bat eman nahi dugu aurrera, jardunaldi berri batzuekin: “Herrietatik Europa berria eraikitzen” izenburupean, Iruñeko Katakraken antolatuko ditugunak, azaroaren 15 eta 16an.

 

Jardunaldi hauetan eztabaida-mahai ezberdinak izango dira, teori(et)atik praktika eraginkorrera salto egin, ezkerretik iparra aurkitu eta bidea egiten hasi behar dugula uste baitugu. Horregatik, eztabaidari ekin eta hainbat galderei erantzuna topatzeko espazio bat eskeini nahi dugu: nola egin aurre Europar Batasunaren eta Troikaren ofentsiba neoliberalari? Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, nola eraiki langile klasearen kontzientzia kolektiboa? Zeintzuk izan behar dira, gaurdanik Europako herri eta langileon artean aktibatzen ditugun borroka frenteak? EBko barne eta kanpo migrazioek zein arrazoi edota ondorio dituzte? Nazio zapalduok badugu aukerarik geure burujabetza eskuratzeko egitura honen baitan?

 

Honi guztiari buruz hitz egin eta hausnartzeko luxuzko gonbidatuak izango ditugu, alderdi politikoetatik hasi eta herri mugimenduko eragile ezberdinetaraino, Europa, Latinoamerika, Afrika edota Kurdistango kideak ere etorriko direlarik, ikuspegi ezberdinak uztartu eta EBri alternatiba erreal eta integral bat planteatzean hasteko bideorria marrazten hastera.

 

Ondorengo asteetan zehazten eta argitaratzen joango gara egitarauren xehetasunak. Bertan, eztabaida mahai ezberdinen, parte hartuko duten hizlari eta edukien informazioaz gain, Katakraken aforoa mugatua denez, izen emanteko aukera ere izango da.

 

Besterik gabe, Euskal Herriko norbanako eta eragileei deia luzatzen diegu jardunaldi hauten parte hartzera. Kapitalismoaren fase goren honetan, langile klasearen aurkako inperialismoaren oldarraldi etengabe honi aurre egin behar diogu Euskal Herritik, bestelako Europa bat eraikitzen hasteko.

 

Orriak