M11: MOBILIZAZIOA "NATO eta EB ez! Euskal Herria antiinperialista!"

Asteartean egin genuen "NATO-EB ez! Euskal Herria antiinperialista!" mobilizaziorako deialdia, EBren eta NATOren aurkako Herri Ekimenarekin eta Bardenas Ya-rekin batera. Deitzaileok urgentziazkotzat dugu halako mobilizazio nazional bat, egoeraren larritasuna ikusita. NATOren izaera militar espantsionistaz harago, proiektu inperialista atlantista osoa seinalatu eta salatu nahi dugu, ondorioak gerra inperialistak baino gehiago baitira : askotariko interbentzioak herrialdeetan, langileon esplotazioa eta pobretzea, errepresio gehiago... Duela 33 urte eman genion ezezkoa NATOri, erreferendumean; urruti gaude, ordea, herri oso baten ezezko hartatik. Baina egoerak eskatu egiten du NATOrekiko eta Europar Batasunarekiko arbuio irmoa adieraztea, salatzea eta, bai NATO, bai Europar Batasuna suntsitzeko parametroetan antolatzea. Horregatik, bide horretan urrats bat da martxoko mobilizazioa. Askapenaren izenean, dei egiten dugu martxoaren 11ko mobilizaziora bertaratzera. Euskal Herri sozialista eraikitzeko, ezinbesteko pausoa da. NATO eta EB ez! Euskal Herria antiinperialista!

 

[...]

Bat inon loturik deino...

Iritzi artikulua
Aratz Estonba, Askapenako kidea

 

Bizkaiko metalgintzako sei langile deklaratzera deitu dituzte, 2022ko hamaika greba egunetan parte hartzeagatik»; halaxe zioen Olatz Silvak BERRIAn urtarrilaren 10ean argitaratutako albisteak. Hori irakurri eta azken garaietako zerrenda luzera gehituz gero, ikaragarria da emaitza: Leioako bostak, Bilboko Langile Autodefentsa Sarea, Arrotxapeko gaztetxea, Maravillas, Senpereko laurak, Donostiako Alde Zaharreko gazteen kontrako jazarpena, Berangoko hemezortziak, sindikalismo formalaren kontrako prozedurak epaitegietan, mozal legearen eraginez ezarritako ehunka mila euro zigorretan, terrorismoagatik zigortuak izateko mehatxatu dituzten hamaika norbanako eta antolakunde, kolaborazio eskaerak Poliziaren partetik...

 

Alfonso Sastrek esan zuen: «Terrorismo esaten zaio ahulenen gerrari, eta gerra esaten zaio —baita gerra garbia ere— indartsuenen terrorismoari». Hortik abiatuta esan daiteke terrorismo edo delinkuentzia deitzen zaiola langile klasearen borrokari, eta gerra edo errepresioa, berriz, burgesiaren eta klase kapitalisten indarkeriari.

 

Guztion ahotan dago krisi garaiak bizi ditugula, eta agerikoa da, eguneroko albisteei kasu eginez gero. Gure poltsikoetan ere nabari da, eta arestian aipaturiko zerrenda erabat loturik dago.

 

Kapitalaren berregituratzean, lan indarraren eta natur baliabideen gehiegizko esplotazioa, kapitala bera balorizatzeko modua da. Eta, prozesu horretan guztian, zuzenbideak langile klasea diziplinatzeko funtzioa betetzen du; ejerzitoen, espetxeen, elizaren... moduan.

 

Askapenak berriki argitaratu duen Europar Batasuna eta errepresioa analisian ondorio nagusietakoa da. Bertan, Europar Batasuna eta NATO inperialismo atlantistaren esanetara dauden bi tresna gisa definitzen ditu, eta tresna horien lana Euskal Herrian nola gorpuztu den azaltzen du. Doktrina antiterroristari atentzio berezia eskaintzen dio analisiak. 90eko hamarkadaren amaieran hasi zen garatzen, bereziki, gizarte foroek ekarritako protesten nazioartekotzearen aurrean. Garai hartakoak dira Irak, Afganistan, Carlo Giuliani, erakunde terroristen zerrendak, ezkutuko hegaldiak, Guantanamo, Abu Ghraib...

 

Europar Batasunaren baitan, 2002an Kontseiluak estatuei agindu zien euren legedietan atal antiterrorista berezia txerta zezaten. Dagoeneko euren legedietan bazutenentzat (Alemania, Portugal, Italia, Erresuma Batua, Frantzia eta Espainia) babes handia izan zen, eta euren baitako disidentziei erasotzeko tresna gehiago eskuratu zituzten. Ezagunak zaizkigu Euskal Herrian horren ondorioak: ehunka atxilotu eta torturatu, hamaika erakunde legez kanporaturik, 800 preso politikotik gora, komunikabideak itxita...

 

Gaur egun, oraindik, eraso horiek guztiak egiteko tresneria ez da desagertu inolaz ere; areago, garatu egin da; eta testuingurua aintzat hartuz, ez dirudi desagertuko denik, kontrara, Estatuen funtzio errepresiboa indartu egingo da, jendartea diziplinatuz militarizazioaren bidez edota jazarpen judizial eta polizialaren bidez (edo bestelako ekinbide ez hain garbien bitartez).

 

Sedizio delitua desagertzearen harira sortutako eztabaidan, ikusi dugu nola desordena publikoaren tipo larriagotua sortzekotan diren, noiz eta etxebizitza sindikatuen, auzo elkarteen, elikagai bankuen, harrera sareen eta abarren jarduna areagotzen ari den. Lege moldaketak, jakina, azken horiek jartzen ditu jo mugan, beraiek baitira herri langileok NATOren eta EBren esanetara lerratu ez daitezela ekidin dezaketen bakarrak, langile klasea modu burujabean antolatuz.

 

Joera berbera ikus daiteke inguruko estatu guztietan, eta horren aurrean elkartasun internazionalista antolatzea behar beharrezkoa da. Baina Askapenaren lelo handiak zera dio: Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herrian; gai izango al gara, geure herrikideen kontrako jazarpenaren aurrean, herri gisa erantzun eta elkartasuna garatzeko? Gai izango al gara ulertzeko aipatutako errepresio kasuak herri honen askapen prozesuan emandako urratsen ondorioz direla?

 

Hala egin ezean, ez dugu etorkizunik izango.

Abya Yala: Eskuin faxista eta ezker otzana

Iritzi artikulua
René Behoteguy Chávez, boliviarra eta Askapenako kidea

 

Lerrook idazten nabilela, Peruko armadaren balak herri desarmatua erailtzen ari dira Juliacan. Limako oligarkia arrazistaren eta kolonialaren zerbitzura dago Peruko armada, armada kriminala. Herriaren zapaltzaile eta inperialismo estatubatuarraren interesei belaunikatua, zuria. Peru bere ondare bihurtu duen oligarkiak ez du onartzen botereari aurre egin izana Peruko herri indioak, beltzak eta mestizoak, landa eremuko irakasle kitxua eta rondero laborari bat presidente bihurrarazi zutenean. Eta, horregatik, presidente karguaren lehen egunetik, konspiratu egin dute boteretik kentzeko, kongresua erabiliz “diziplinatzeko”, bere garaian haien arbasoek zartailua erabiltzen zuten modura . Izan ere, nahiz eta Castillok askotariko kontzesioak egin dizkien, edo are gehiago, kontzesio horiengatik zehazki, boteretsu sentitu dira herri nahia gutxiesteko.

 

Hala ere, Peruko herri mobilizatua nazkatuta dago bere pobreziaren truke ordaintzeaz gutxi batzuen aberastasuna, baita multinazional estatubatuarrei eta europarrei beren herrialdeko aberastasunak sistematikoki entregatzeaz ere. Kaleak hartu ditu herriak, benetako eraldaketa bat eskatzeko. Eraldaketa horretarako, ezinbestean, presidente izatera jolasten duen txotxongilo traidoreak uko egin behar du, eta Biltzar Konstituziogilea ezarri behar da, lotura klasista eta kolonialekin etengo duen bestelako Peru bat eraikitzeko.

 

Herri proiektu horren aurka, indarkeria errepresiogilea lehertu da. Muturreko indarkeria eta legez kontrako Peruko gobernuaren errepresio basatiaren aurreko isiltasun mediatikoa izugarria da; jada dozenaka dira hildakoak. Brasilen kasuan, berriz, alderantziz, ordena indarren pasibotasuna nagusitu da, bolsonaristak Brasilgo instituzio nagusietara sartu zirenean eta txikizioak eragin zituztenean; bide eman zieten bolsonaristei. Neurgailu bikoitz hori ez da berria Abya Yalan, eskuin oligarkikoek estatuaren bitarteko esanguratsuak kontrolatzen baitituzte. Eta, ikusi bezala, herriak ausardiaz erantzuten duenean eta eliteak zuritzen ez dituen presidenteak hautatzen dituenean, ez dute inolako arazorik estatu kolpeak emateko, Bolivian eta Hondurasen gertatu bezala, ezta militarrek “ordena ezar dezatela” eta “gaizki” botatzen duten herriak diziplina ditzatela eskatzeko ere. Hor erakusten dute benetako sena: biolentoak direla, arrazistak, klasistak eta intoleranteak.

 

Nahiz eta kontinentean zehar herri mugimenduek aurrerapenak izan dituzten eta ezker gobernuak ere iritsi diren boterera, eliteek herri prozesuak sabotatzeko behar adina botere izaten jarraitzen dute, eta ezinbestekoa da hori ulertzea. Pobreziaren aurkako eta herri duintasunaren aldeko borrokei dagokienez mende hasieran nolabaiteko hamarkada irabazia izan bazen ere, Lularen, Evoren, Chavezen edo Correaren gobernuek ez zuten lortu eliteen botere ekonomikoaren oinarriak itotzea, ez baitzuten zalantzan jarri ekoizpen bitartekoen jabetza bidegabea. Hau da, iraultza politikoak sistema kapitalistari azpiak jango dizkion benetako iraultza sozialera igaro behar du, eta horrek botere espazioetan langile klaseak eta herri sektoreak egotea eskatzen du. Atsekabetu egiten nau esateak ezker gobernuen azken olatu hau ahulago eta otzanago ageri dela, eta, tamalez, larrutik ordaindu da; herri mobilizazio izugarri bat, odola eta sakrifizioa.

 

Langileak, laborariak, indigenak erailtzen jarraitzen dute balek. Gaur Juliacan, atzo Senkatan eta Sacaban, eta baita Medellingo auzoetan ere. Eta pobreenek uzten dute odola etorkizuna argitzeko; ez da bidezkoa aldaketa estetiko hutsengatik uztea. Edo errotik eraldatzen dira gure herriak katez lotzen dituzten egitura kapitalista eta kolonialak, edo, lehenago edo beranduago, botere ekonomikoaren jabeek, beren armadaz eta aparatu produktiboaren kontrolaz, garaitu egingo gaituzte. Zeren, berniz demokratikopean aurpegi argiki faxista ezkutatzen duen eskuin oligarkiko bati ari gara aurre egiten. Eta, Durruti handiak esango lukeen modura, “faxismoari ez zaio kontra egiten, birrindu egin behar da”.

Europar Batasuna eta errepresioa

                       Euskera

 

 

 

Orriak