GREZIA MODERNOA, SUBORDINAZIO ISTORIO BAT
Historia luzea du Greziar nazioak, baina honen historia modernoa laburtu beharko bagenu, 1829 urtea ezarri beharko genuke, Otomandar inperioarengatik independizatu zen urtea, hain zuzen ere. Denborarekin herrialdearen mugak eta biztanleriaren jatorria aldatuz joan diren arren, ukaezina da bilakaera honetan, greziarrek atzerriko potentziekiko izan duten dependentzia politiko, ekonomiko eta militarra. Ez da kasualitatea beraz, Greziar Erreinuaren lehenengo urteak arautu zituzten hiru alderdiak, Alderdi Errusiarra, Frantsesa eta Ingelesa izatea, bakoitzak ikuspegi politiko propioa izanik ere, heuren jatorrizko herrien interesen alde ekiten zutelarik.
Iraultza liberalen eta nazio estatuen sorreraren mendean zehar, hainbat gerrak eragin handia eduki zuten Greziar Erreinuaren bizitza politikoan, ekialdean zeuden otomandarrak arerio politiko nagusiak izan zirelarik. Garai honetan, greziarrek nabarmen egin zuten aurrera mugen hedapen geografikoari dagokionez.
Kontuan hartu beharra dago XIX mendea industrializazioaren urteak izan zirela Britania Handia, Alemania edota Italiako bezalako herrietan. Europako hainbat erresuma eta errepublikak euren ekonomia modernizatu zuten eta honek klase gizartearen sorrera ekarri zuen. Grezian ordea, oso bestelako garapen sozioekonomikoa gauzatu zen, Europako beste potentzia nagusiekiko dependentzia zela eta, ez baitzen urte haietan zehar inolako industriarik garatu. Horren ondorioz, ez zen sekula Grezian produkzio bitartekoen jabetza eta ekonomiaren gaineko kontrola zuen burgesia nazional indartsurik egituratu, eta horren ordez, norberaren posizio soziala indartu eta kanpoko herrien interesen menpe jardungo zuen aristokrazia baino ez zen existitu.
Venizelos eta Metaxasen moduko politikariek arautu zuten barne mailako politika XX mendean zehar, baina ahultasuna eta beste potentzia batzuekiko menpekotasuna agerikoa zen oraindik ere, eta Lehenengo Mundu Gerra heldu zenean, Otomandarrek ez zuten greziarren neultratasuna onartu. Gerra Handia 1918an bukatu zen, nahiz eta handik hilabete batzuetara Greko-turkiar Guduak egin zuen eztanda. Greziako Erreinua eta sortu berria zen Turkiako Errepublika hiru urtez borrokatzen egon ostean, guda amaierara heldu eta bien artean lurralde eta biztanleriaren banaketa egin zen. Esate baterako, Esmirnako hiriko biztanleria guztia helendarra izanik ere, hiria Turkian mantendu zen, bertako herritar guztiak Greziara bidaliz. Aldi berean, gehiengo islamiarra zeukan mendebaldeko Traziako lurraldea, Greziaren barne gelditu zen eta gobernuak minoria bezala onartu zituen.
[...]