Iñaki Gil de San Vicenteren hitzaldia Venezeualri buruz

ENTZUN | ESCUCHA

Herrialde Katalanak aurrera!

Momentu historikoa bizi dute Herrialde Katalanetan. Hurrengo hilabeteetan, Printzipateko etorkizuna dago jokoan. Datorren urriaren 1erako dago deituta erreferenduma eta hilabete honetan zehar xake partida honetako fitxa guztien posizioak argituko dira Katalunian estatu bat eskuratzeko borroka horretan.

Herrialde Katalanen zati batean autodeterminazio eskubidea burutuko den edo ez dago mahai gainean, baina hau ez da soilik neurtzen erreferendumaren egikaritzean. Autodeterminazioa bururaino eramango da prozesu independentista bururaino eramaten denean, hau da, Kataluniak bere baitan burujabetzarako tresna ekonomiko, politiko, militar zein kulturalak eskuratzen dituenean.

Historiak erakutsi digu, ordea, espainiar estatua ez dela herrialde demokratiko bat, ez duela herrion autodeterminazio eskubidea aintzat hartzen eta beraz, bere konstituzioak agintzen duen bezala, bere lurraldearen osotasuna bermatzeko dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu galdeketa ekiditeko. 1936an zein 78an sortu ziren erregimenak, biak ala biak urte luzeko biolentzian oinarritu direnak, garaile eta garaituen logikan eraikiak, ez dute inondik inora ere herrion burujabetza onartuko. Beraz, hauek gainditu gabe, ezinezkoa izango da autodeterminazio prosezua bururaino eramatea.

Horregatik, da garrantzitsua desobeditzea. Zapaltzaileek eraikitako arkitektura legal, politiko, ekonomiko eta militarra gainditu gabe, ezin izango da herria autodeterminatu. Hausturak borrokarako determinazioa exijitzen du eta herria horretarako prestatu gabe, zaila izango da prosezua bururaino eramatea. Independentziak, haustura exijitzen du eta hausturak desobedientzia.

Askapenatik, Herrialde Katalanek bizi duten momentu historiko honen garrantziaz jabetuta, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu prozesu independentista bururaino eraman nahi duten indar guzti horiei. Eta nola ez, desobeditzeko prest zaudeten milaka eta milaka lagunei. Zuekin gaude! Zentzu horretan, Herrialde Katalanen askatasunaren bidean momentu historiko honek duen garrantziaz jakitun, dei egin nahi diegu euskal internazionalista guztiei Herrialde Katalanei elkartasuna adierazi diezaioten. Herriak astinduz, elkartasuna emanez, haiekin gaudela senti dezaten.

Per canviar-ho tot,
desobedientziaz, herriok burujabe!


Herrialde Katalanak aurrera!

Lurrak bere barrenetik dardar egin dezala autonomiazko epizentroekin

2018an Mexikon hauteskundeak edukiko dituzte, boto zuzenez 6 urteetarako presidentea aukeratzeko, eta baita parlamentua eta senatua osatzeko ere. Hauteskunde bakoitza iristerakoan, horien garrantzia azpimarratzeko beharra edukitzen den arren, Mexikon datorren urtean edukiko dituzten hauteskundeek garrantzi berezi bat hartzen dute behetik eta ezkerretik pentsatzen dutenentzat. CNI-ak (Congreso Nacional Indígena), ordezkari bat aurkeztuko du Mexikoko presidentetzarako, Marichuy, indigena, 524 urteetan zehar jasandako zapalkuntza eta umiliazioaren aurkako sinboloa, eta emakumea, sistema patriarkatu honek gehien sufriarazten duen erdi horren duintasuna ikusgarri egiteko. CNI 1996ko urrian sortu zen, Mexikoko jatorrizko herri, tribu eta nazioentzako elkartasun, gogoeta eta organizazio gune bezala, sistema kapitalistaren aurka borrokatuz, kultura eta herri guztiek lekua edukiko duten Mexiko bat eraikitzeko helburuarekin.

2016ko urrian, EZLN-k orain arte defendatutakoaren oso bestelakoa zirudien proposamen bat eraman zuen CNI-ren 5.Kongresu Nazionalera: 2018ko hauteskunde presidentzialetara, hautagai independiente moduan, emakume indigena bat aurkeztea. Espero zuten moduan, zalaparta handia sortu zen ordezkari ezberdinen artean, baina eztabaida luze baten ondoren EZLN-ren proposamenak aurrera egin zuen kongresuan. Ondoren, CNI-a osatzen duten ordezkariek beraien herrietara jo zuten, bertako asanbladetan hautagaitzaren inguruko eztabaida eman zedin. Prozesu luze baten ostean eta herri guztietako pertsonen gehiengoak proposamena onartuta, CNI-k hautagaitza bere egin eta publiko egin zuen.

“EL FILTRO”: 23 urte borrokan

Hunkigarria izan da Uruguaiko herri borrokalariarekin elkartzea eta bere elkartasuna jasotzea, 23 urte atzera euskal errefuxiatu politikoek ozenago jaso zuten bezala. “El Filtroko” martxaren antolaketa lanetan egon gara, Plenaria Memoria y Justicia-ko kideekin batera, herriaren memoria berreskuratze lanetan eta inpunitatearen kontrako salaketetan borrokalari sutsuak ditugu. Propaganda lanetan oso aktiboki parte hartu dugu, martxara joateko deialdiak eginez, Filtro-ko gertakariak zabalduz, Gernika 1994 dokumentala proiektatuz (https://www.youtube.com/watch?v=XKLEyb7ZiG0), irratsaio ezberdinetan parte hartuz, baita txarla asko eginaz. Hauetan Euskal Herriaren gatazka politikoaren, historiaren eta egoera berriaren nondik norakoak jakiteko irriketan zeuden uruguaiarrak gerturatu ziren, batez ere jende gaztea. Fakultate eta institutu askotan izan gara txarlak ematen. Hau oso garrantzitsua iruditu zaigu, azken finean gazteak direlako borroka honen sua piztuta mantenduko dutenak. Hauetako asko, 1994an oraindik jaio ez baziren ere, edo gu bezala, gazteegiak baziren ere gertakari hauek ezagutzeko, miresgarria da borroka hau berea egiten dutela ikusteak, guk gurea egiten dugun moduan. Potentzial handia dago ikasleen artean, eta horretan dabiltza, indar guzti hori bideratzeko lanean.

Orriak