Hamburgon batu ginen lagun ezberdinek, oligarkia finantziero eta merkatuen diktadura sustengatzen duten munduko potentzia ekonomiko diren herrialdeen jokabidea salatu genuen. Gaur egun mundu mailan zabalduriko oldarraldi neoliberala indargabetu eta herri zein langile klasearen aurka behin eta berriro harturiko erabaki politikoen aurkako ahotsa ikustarazi nahi izan genuen.
Horrela izan zen hiru egunez. Mobilizazio, blokeo, performance eta barrikada artean, Herriok erabakitzeko eta beste mundu bat eraikitzeko dugun determinazioa plazaratu genuen, agintariak luxuzko kontzertuak entzuten ari ziren bitartean. Tartean, goitik behera armatutako armada polizial kontaezina. Berdez, urdinez, beltzez, grisez edota marroiz jantzitako etengabeko desfilea. Furgoiak, ur tanketak, helikopteroak... Zoratzeko bezalako zaratak, eta sirena hots amaigabea 24 orduz. Gizon zuri gorbatadunaren diktadura mantendu eta sakondu nahi dutenen biolentziaren erakusgarri.
Normaltasuna nahi zuten Hamburgon, eta hala izatea lortu zuten, lehen manifestazioa gelditu eta dispertsatu zuten momentu beretik. Pobrezia, errepresioa eta biolentzia identitate zigilu dituen sistemarentzat, normaltasuna kaosa delako. Gutxi batzuen ongizatea askoren sufrimendua delako.