Oscar Lopez Rivera aske!

Azkenik, aske geratu da Puerto Ricoko independentziaren aldeko borrokaren ikur nagusienetako bat. 36 urtez Estatu Batuetako kartzeletan preso egon ostean, gaur izan da bere askatasunaren eguna. Askapenatik Puerto Ricok bizi duen egun berezi honengatik zorionik beroenak bidaltzen ditugu.

Hala ere, Puerto Ricoko askatasunerantz beste pauso bat besterik ez da, inperialismoaren atzaparretatik askatzeko pausoa. Preso egon den urte hauetan guztietan irlaren kolonia izaera ez da oraindik aldatu, baina borrokak bai, borrokak iraun egin du. Horren eredu, irlan egun hauetan bizi diren borroka eredugarriak, ikastetxe, unibertsitate, lantoki zein kaleetan, Estatu Batuek sortutako zor ilegitimoaren eta honek dakartzan murrizketen aurka. Burujabetza osoaren aldeko borroka da Puerto Ricok bizi duena.

Internazionalismoak beti izan du Presente Puerto Rico, eta hala aldarrikatu du Oscar Lopezek berak espetxetik atera ostean, urte hauetako elkartasuna eskertzeaz batera. Bere aberrira itzultzeaz gain, Kuba, Venezuela eta Nikaraguara ere bisitak eginen ditu elkartasun internazionalista eskertzeko. Euskal Herritik ere elkartasunik beroena Puerto Ricoko herriarekin.

Borrokak uztartzen, herriok burujabe!
Gora Puerto Rico aske eta sozialista!

 

Liburu aurkezpena, afaria eta kontzertua Arrasaten!

“LAURA ESATEN ZIOTEN” Leire Ibarguren eta Miren Odriozolarekin

MAIATZAK 19 OSTIRALA, 19:00ean KULTUR ATEn


1980 ko hamarkadan, hainbat euskal herritar, internazionalismoaren aldarriari helduta, hego amerikako hainbat herrialdetara joan ziren bertako iraultzetan parte hartzera. Batzuk El Salvadorrera jo zuten eta FMLNk gidatzen zuen matxinadarekin bat egin zuten. Haien artean izan zen orain arte ezezaguna zitzaigun Miren Odriozola. Gudan parte hartu zuen, sanitaria gisa, hasieran, bestelako ardura ugarirekin, gero.
 

“Izugarrizko bonbardaketak egin zizkiguten, eta guk, metraila sahiesteko, arroiletara eta lubakietara egiten genuen ihes”

“Nire uste apalean, abertzale euskaldunok frogatu dugu, gure herria maitatzeaz gain, beste herriak ere maite ditugula, gutako batzuk euren biziak lur haietan uzteraino. Bere herria maite ez duenak maita ditzake besteak?”

(Miren Odriozola, Azpeitia)

  • Ondoren afaria Irati elkartean (afarirako izena eman Irati Tabernan)
  • 23:00etan PANCHO BALBUENA mariatxi mexikarraren kontzertu mundiala!

 

Al Nakba 2017: Euskal Herria Sionismorik gabeko lurraldea izan arte!

Hasteko, gure elkartasun internazionalista bidali nahi diegu Israeleko ziega ilunetan borrokan ari diren milaka preso politikoei. Batez ere, azken egunotan gose greba burutzen ari diren milatik gora preso politikoei. Zuen borroka gure eredu delako!

Gaur, maiatzaren 15ean, palestinarren Nakba berriz ere ekarriko dugu gogora haren 69. urtemugan. Nakba arabierazko hitzak "hondamendia" esan nahi du eta palestinarren exodoa izendatzeko erabiltzen da. Palestinarren Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen (UNRWA) arabera, gaur egun sei milioi lagun inguru dira 1946ko ekaina eta 1948ko maiatza artean ohiko bizilekua Palestinan izan eta 1948ko gerraren ondorioz etxeak eta bizibideak galdu zituzten pertsonak eta haien ondorengoak.

Egun honetan, eskubideen urraketa jarraia jasaten duten herrialdeekin eta batez ere Palestinarekin gure elkartasuna adierazi nahi dugu. Giza eskubideen etengabeko urraketek, blokeoak, harresiak, apartheid sistemak eta errepresioak ez dute palestinarren askatasun grina zanpatzea lortu. Hala, goraipatzekoa da herri palestinarren 69 urteko borroka luze eta gogorra. Palestinarren erresistentzia, herri zapaldu ororen eredu da, eta horrek munduko internazionalistok prosezu honekiko elkartasuna antolatzera garamatza.

Hamarkada bat pasa da Euskal Herrian BDZ kanpaina martxan jarri genuenetik, eta asko izan dira egindako ekintza eta ekimenak, baita horietan lorturiko garaipenak. Borroka luzea daramagu jadanik eta gure indarrak handitzen joan dira urte hauetan. Euskal Herriak Palestinarekiko duen gertutasuna praktika politiko bilakatzeko ordua iritsi zaigu orain, ordea. Euskal Herria Sionismorik gabeko lurralde bilakatzeko ordua heldu da.

Zentzu honetan, dei egiten diegu euskal internazionalista orori, bakoitzak bere eremuan (kultura arloan, hezkuntzan, instituzioetan, saltokietan...) BDZ kanpaina aurrera eramateko. Eta bukatzeko, zorionak eman nahi dizkiegu Gasteizen Israelen enbaxadoreak diren Maccabiren aurrean tinko mantentdu ziren baskoniazale internazionalistei; Valentziako Rottotom festibalaren aurrean BDZ ekintzaileak defendatu dituzten euskal kulturgileei; instituzioetan BDZ aurrera eramateko egin zen konferentzia antolatu zenutenoi; edota Euskal Herri luze zabalean egunerokotasunean Palestinaren alde eta sionismoaren kontra ingurukoak kontzientziatu eta ekimenak antolatzen dituzuen guztiei.

Gora Palestina Askatuta!
Israeli boikot!
Euskal Herria Sionismorik gabeko lurraldea izan arte!

 

 

Gernikatik Venezuelara konexioa

Orriak