"Erase una vez un Rey" antzerkia Arrasaten

Maiatzaren 7an, igandean, “Erase una vez un Rey” antzerkia eskainiko digute El Salvadorretik etorritako TNT (Tiempos Nuevos Teatro) taldeak. Antzerkizuna Arrasateko Sebero Altube plazan izango da eguerdiko 13:00ean, eta eguraldi txarra eginez gero, Biterira lekualdatuko da.

 

Sinopsia: Eskean bizi diren 3 lagunek, bizi diren kontestu sozial, politiko eta ekonomikoari ihes egin nahian umorea erabiltzen dute arma gisa. Pertsonaia batzuk sortzen dituzte eta berauek imitatzen dituzte, hauengan ohikoak diren dominazio eta botere harremanak eszenifikatuz. Erregeak, presidenteak, generalak eta beste pertsonaia batzuen errealitatea ikustarazten digute beraien antzezlanaren bitartez.

Maiatzaren 1ean borrokak uztartzen, herriok burujabe!

Askapenaren 30. urteurrena den honetan ere gure irakurketa plazaratu nahi dugu maiatzaren lehenaren harira:

Sistema kapitalista inperialista heteropatriarkalak munduko herriak irentsi nahi ditu, nazio, klase eta genero zapalkuntzaren bitartez, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Herriok, langileok eta emakumeok jazartzea da kapitalaren mekanismoa. Horretarako, egitura ugari sortu ditu sistemak, hala nola Estatu burges zapaltzaileak, Europar Batasuna, NATO, Nazioarteko Diru Funtsa edota Munduko Bankua. Denak ala denak, burgesiaren interesak babesteko aparatu politiko, ideologiko, ekonomiko eta militarrak. Horietako bakoitzak irauten duen bitartean, herriok autoritarismoa, menpekotasuna, beldurra eta errepresioa besterik ez ditugu izango aurrean.

Horrela, Europan, gure borroka zelaian, aldaketa ugari ematen ari dira azken aldian. Brexit-a dela, faxismoaren gorakada, Greziak bizi duen egoera neokoloniala, Ukrainako gerra, errefuxiatuen afera... Hauek denek, Europar Batasunak bizi duen krisiaren berri emateaz gain, krisi hori gainditzeko duen ezintasuna argi adierazten dute. Egitura honen barruan, ezinezkoa izango da langileon burujabetza eskuratzea.

Beraz, argi daukagu ez dagoela sistema honen baitan alternatibarik, berau suntsitu egin behar dela. Ezinbestekoa da erasoei erresistentziaz erantzutea. Ezinbestekoa da sistemaren kaiolatik haratago herri boterea eraikitzea. Ezinbestekoa, herri langilea antolatu eta beste mundu bat eraikitzeko borrokara batzea. Gaurdanik loratzen ari den jendarte berria izango baita zapalkuntza horri alternatiba jartzeko gai izango den subjektu bakarra.

Zentzu horretan Askapenatik dei egin nahi diegu euskal internazionalistei maiatzaren 1 honetan antolatu diren mobilizazioekin bat egiteko. Aipamen berezia egin nahi diogu Bilbon arratsaldeko 18:00tatik aurrera herri mugimenduko hainbat eragilek elkarlanean Maiatzak 1 egin ekimenak antolatu duen mobilizazioari.

Gora langileon borroka!

Gora Euskal Herria Sozialista!

Borrokak uztartzen, Herriok burujabe!

Agur eta ohore Justo!

(abajo en castellano)

Borrokak eta erresistentziak markatu dute Justoren bizitza osoa. Faxismoaren aurka borrokatzen zuen Madril errepublikarrean jaio zen 1937an. Berak zioen bezala, bere bizitzako lehen bi urtetan baino ez zen benetako askatasunean bizi izan, Madril erori eta faxistek lau hamarkada luzez erregimen genozida ezarri zuten arte.


Faxismoaren aurka lehenbizik eta bere erreforma politikoaren aurka ondoren, borroka horretara eskaini zuen bere bizitza. Ikasle borrokan ari zela ezagutu zuen bere ibilbide politiko, ideologiko, profesional eta sentimentalaren bidelagun izan zen Margari Aiestaran. Komunista errotik, PSOEko militantea izan zen diktadura garaian, eta alderdiak egin zuen traizio handiaren aurkako borrokalari sutsua izan zen, lortu ez bazuen ere.


Euskal Herrira etorri zen bizitzera, Margariren jaioterrira, eta hasieratik bertatik Herri Batasunean militatzen hasi zen. Herri honen askapen nazional eta sozialaren borrokaren alde murgildu zen sutsuki, Europako txoko txiki honetan iraultza sozialista egiteko konbentzimenduz. Eta hala Justok nola Margarik Estatuaren errepresio gordina jaso zuten, haien etxea metrailatua izanik, eta zorionez, gutxigatik izan bazen ere, onik atera ziren. Baina horrek ez zuen haien grin iraultzailea geldiarazi, hilobira arte eraman baitu borroka.


Fisikoki utzi gaitu Justok, baina ez da alferrik bizi izan, eta gure herriaren, eta baita beste herri borrokalarien borroketan ondare baliotsua utzi du (ondare idatzia ere “Justo de la Cueva Dokumentu eta Artxibo Zentroan” utzi du). Askapenatik ohorez agurtu nahi dugu militante zinez internazionalista, komunista eta abertzale handi hau, gurean ere bere harritxoa jarri baitzuen, formakuntza politikoko saioetan lagunduz. Gu gaur garena Justo izan denagatik ere bagara.

Agur eta Ohore Justo!

 

30 urte, borrokak uztartzen herriok burujabe. Urriak 7 Berriozarrera!

(abajo en castellano)

Badira 30 urte Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalista jaio zela.

Hain juxtu ere, hemen, Zarautzen egin genuen geure lehen asanblada 1987an, eta hemen gaude, 30 urteren ondoren, orduko eta gaurko Askapenako militanteak. Urteak pasa arren Euskal Herri  sozialista, feminista, euskaldun eta internazionalista baten alde borrokan jarraitzen dugu.


Hamaika dira urte horietan guztietan burututako dinamikak, kanpainak, elkartasun-keinuak, eta nola ez, babestutako askapen-prozesuak. Herri mugimendutik, Euskal Herriko kaleak internazionalismoz bustitzea izan dugu helburu. Etorkizuneko Euskal Herria eraikitze bidean, munduko herrien askapen-prozesuen bidelagun izateaz gain, gure herriko askapen nazional eta sozialari ere ekarpena egin nahi izan diogu, joan-etorriko elkartasuna oinarri.


Sistema kapitalista inperialista heteropatriarkalak munduko herriak irentsi nahi ditu, nazio, klase eta genero zapalkuntzaren bitartez, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Herriok, langileok eta emakumeok jazartzea da kapitalaren mekanismoa. Horretarako, egitura ugari sortu ditu sistemak, hala nola Estatu burges zapaltzaileak, Europar Batasuna, NATO, Nazioarteko Diru Funtsa edota Munduko Bankua. Denak ala denak, burgesiaren interesak babesteko aparatu politiko, ekonomiko eta militarrak. Horietako bakoitzak irauten duen bitartean, herriok autoritarismoa, menpekotasuna, beldurra eta errepresioa besterik ez ditugu izango aurrean.


Beraz, argi daukagu ez dagoela sistema honen baitan alternatibarik, berau suntsitu egin behar dela. Ezinbestekoa da erasoei erresistentziaz erantzutea. Ezinbestekoa da sistemaren kaiolatik haratago herri boterea eraikitzea. Ezinbestekoa herri langilea antolatu eta beste mundu bat eraikitzeko borrokara batzea. Gaurdanik loratzen ari den jendarte berria izango baita zapalkuntza horri alternatiba jartzeko gai izango den subjektu bakarra.


Horregatik, ez da batere erraza izan Askapenak determinazioz hautatutako bidea, sistemak ez baitu onartzen bere oinarria zalantzan jartzen duen proiekturik. Hala, beste mugimendu askoren gisan, kriminalizazio etengabea, manipulazioa eta intoxikazio mediatikoa jasan behar izan ditugu. Are gehiago, Askapenako kideen atxiloketei eta epaiketa politiko bati ere aurre egin behar izan diegu. Baina herriak libre izateko jaio gara, eta Estatua epaitu eta gure kideak nahiz antolakundea etsaien atzaparretatik askatzea lortu dugu.


Gainera, ez gaude bakarrik. Izan ere, asko dira gurekin batera alternatiba horren bila dabiltzan herri langile antolatuak. Horregatik eta beti argi izanda gure askapen-borrokan aurrera egitea dela munduari egin diezaiokegun ekarpenik onena, ezinbestekoa izango da munduko herri borrokalariei elkartasuna adieraztea. Haien askatasunak gerturatuko baikaitu geurera, geure askatasunak hurbilduko dituen bezala haienera. Horrexegatik zaigu ezinbestekoa internazionalismoa.


30. urteurren honetan Askapenatik, herrion burujabetza jarri nahi dugu erdigunean. Ez baita proiektu askatzailerik, burujabetzaren aldarrikapenik gabe. Burujabetza, ordea, ez soilik zentzu politikoan, hau da, lurralde jakin bateko erabakiak hartzeko gaitasun gisara ulertua. Burujabetza ekonomiaren, gorputzaren, elikaduraren, ekologiaren, hizkuntzaren, hezkuntzaren… gaineko boterea eskuratzea ere bada. Burujabetza herri langileek beren interesak defendatzeko duten tresna garrantzitsuenetakoa da.

Orain arteko bide luzeari jarraipena emateko, eta bidez batez, Askapenaren 30 urteko ibilbidea  ospatzeko, urriaren 7an Berriozarren egingo dugun ekitaldi politikora gonbidatu nahi dugu Euskal Herriko internazionalista oro. Bertan, Euskal Herria internazionalista eraikitze bidean, aurrerantzean lehentasunezkotzat ditugun ildoak jarriko ditugu oholtza gainean. Aurrerago zabalduko dugu egun osoko egitarau oparoa.


Amaitzeko, Askapenatik dei egiten diegu euskal internazionalistei 30. urteurren honetan borrokak uztartzen jarraitzeko. Joan-etorriko elkartasuna eta Euskal Herria internazionalista iparrorratz, berandu baino lehen herriok burujabe izan gaitezen.

Gora Euskal Herria internazionalista!
Gora Askapena!
Hamaika herri, borroka bakarra!
Borrokak uztartzen, herriok burujabe!

 

Orriak