Konbergentzia berrien gune bat, ambaZADa

Camille eta Violette, Notre-Dame-des-Landes ZADeko bizilagun/okupatzaileak

Dena 70etan hasi zen, Notre Dame des Landes eta inguruko herrien biztanleek jakin zutenean beren lurrak aukeratuak izan zirela hegazkinak lurreratzen ikusteko. Ondoren, laborariak, kaltetuenak, izan ziren mugitzeko lehenak. Beren bizi-modua mantentzeko, etxaldeak okupatu zituzten eta eraikin berriak altxatu. Milurteko berriaren atarian, sozialisten gobernuak aireportu proiektua berpiztu zuenean, haren kontrako komiteak, ACIPAk, aireportuaren aurkako erresistentzia laborari mundutik haratago zabaltzea erabaki zuen.


Bertako biztanleen oposizioa indartsua izan arren, inor ez zen harritu 2008an Estatuak lanei onura publikoko deklarazioa (DUP) eman zienean, eta horrekin baimendu lanen hasiera. Urte berean, "eutsi duten biztanleak" izeneko talde batek deia egin zuen lanen obratzaileek erosi etxaldeak eta lurrak okupatzeko. Neguan, sabotaje lehen ekintzak biderkatu ziren eta zundaketak oztopatu zituzten. Hurrengo urtean, klima-ekintza esparru berri bat sortu zen ZADean, talde eta pertsona desberdinen konbergentzia bilakatu zena. Horrek okupazio dinamika suspertu zuen eta izen berria ekarri: ZAD, erran nahia baita ‘Zone à défendre - Defendatzeko Eremua’. Urte hartan ere sortu zen laborarien erakunde bat, COPAIN, argi eta garbi aireportuari ezetz errateko.


Errotzen ari zena apurtzeko, Estatuak bere polizia bereziak, guardia mobilak, igorri zituen 2012ko udazkenean, "Zesar" deitu operazio erasoan, eta hurrengo udaberria arte saiatuko ziren erresistentzia suntsitzen. Baina okupazioaren mugimendua lekutzeko xedeak huts egin zuen, batez ere milaka pertsonen laguntza heldu zelako; jende eta okupazio berriekin, borrokak beste hedadura bat hartu zuen, gero eta handiagoa.


Gaur jendea irmo dago, eta ekintza modu desberdinak osagai anitzeko bizi moduetan adostu dira. Estatu eta Vinci enpresaren suntsiketa asmoak kolokan dira. Okupazio mugimendua ongi errotu da ZAD-ean, eta elikaduran eta egunekotasunean autonomia materiala garatzeko habitat eta nekazaritzako praktika ezberdinak bideratuak dira.


ZAD beste borroka askorentzat ere erreferentzia toki bat bihurtzen ari da eta borroka asko aldian-aldian hemen gurutzatu dira. Chiapasko populuak eta Rojabakoak, meatze proiektu baten aurkako Navajoak eta Bureko antinuklearrak, berdin Vinci-AGOko sindikalistak ere, denen artean ehuntzen dira loturak.


Euskaldunak ere heldu dira eta haien etorrerak jakin-min zerbait eragin zuen, batez ere identitate kontuen inguruan. Euskaldunak ezaguturik aurkitu ditugu bazterketa eta txobinismoaren kontrako pentsamenduak eta praktikak, beraz, nazionalismoek maite dituzten ez bezalakoak. Iaz, EHZ jaialdira eta Gasteizen Errekaleor auzo okupatura gomitatu gintuzten. Euskal Herriko kultura herrikoi eta errebindikatiboek, ekintzaile sareak eta autogestioko lurralde horretako esperientziek sakondu digute berrien trukatzeko eta bidea elkarrekin egiteko gogoa.


Eta ambaZADa ideia, erran nahi baita leku bat ZADean eraiki munduko borrokak errezibitzeko, euskaldunekin bilera horietan sortu da: zapalduen arteko liskarrak baztertzeko eta gainditzeko gure joera gregarioak baztertu nahiz, informazioak, ekintzak, hizkuntzak eta kulturak, esperientziak eta istorioak, iritziak eta sentsibilitateak elkarren ondoan ezartzeko, bakoitzak bere lekua izanik. Auzolan kolektibo bat aurreikusita da uda honetan gauzatzeko; lehen urrats bat nahi dugu, bultzada sendo bat mundu zahar autoritario eta hilgarritik jendarte libre baterantz joateko.


Buruan amets horiek etorriko gara Euskal Herrira apirilaren 25etik maiatzaren 6ra arte, udaberri info-itzuli baten barruan; ZADeko beste biztanle-okupatzaile batzuk Greziara eta Poloniara joango direlarik, baita eta nonahira ere planeta osoan, baldin eta elkarlana eta elkarteak sortzen baitiren, matxinada eta elkartasun loreak edo polena jasotzeko eta trukatzeko.


Gure ezberdintasunen fruituak irabiatu eta haien nektarra partekatzeko, laster erlauntza berria eraikitzeko asmoz!

UTZI BAKEAN VENEZUELA! Euskal Herria iraultza bolibartarrarekin

 


Apirilak 19: inperialismoaren aurka Venezuelarekin bat!

(Más abajo en idioma castellano)

Venezuelan espainiar dominazioaren aurkako independentzia borroka 1810eko apirilak 19an hasi zen,  1997ko apirilak 19 batean ere Hugo Chávezek bere burua aurkeztu zuen hilzorian zegoen 4. errepublikako presidente izateko. Gaur, 2017ko  apirilak 19an berriro ere, gutxi batzuk zoritxarreko 4. errepublika hura  berpiztu nahi dute.

Azken hilabetetan gaiztotu egin diren eraso injerenzistek aurrerapauso bat emateko asmoa dute gaur,  Venezuelako eskuin kolpistak mobilizazio berri bat deitu du, bi asteetan zazpigarrena, eta jadanik ikusi den bezala istiluak sortzeko deituak diren mobilizaio hauek Maduro eta Venezuelako Gobernu demokratikoa  kanporatzea baino ez dute helburu.

Berriro ere salatu nahi ditugu Venezuelako herriaren aurkakoko eraso injerenzista hauek, Venezuelako  burgesia zaharkituenak gauzatzen dituen eraso hauek EEBBen inperialismo kriminalak bultzatuak dira eta  beti bezala Venezuelako subiranotasuna erasotzea dute xede. Honen froga ukaezina atzo bertan EEBBetako  Estatu Sailak argitaratu zuen komunikatua dugu, argi dago mobilizazio eta AEEko erasoekin batera  Venezuelan kanpoko indarren esku hartzea justifikatu dezakeen giroa bilatzen dutela EEBBen eraso  koordinatu hauek.

Guzti honengatik Euskal Herritik Venezuelako Gobernuak eta herriak deituriko manifestazioekin bat egiten  dugu, oposizioak deituriko sasi herri manifestazio eta iskanbilen aurrean “Venezuela Aurrera” osatzen dugun eragileok Venezuelako Iraultza Bolibartarra babesten jarraituko dugu eta gaur, orain dela 207 urte  egin zuen bezala, kalean bere subiranotasuna eta independentzia defendatuko duen herri horri gure elkartasuna luzatu nahi diogu.

Venezuela aurrera plataforma

Munduko preso politikoak kalera!

Apirilaren 17a, preso politikoen nazioarteko eguna hain zuzen, egun esanguratsua da askatasunaren alde borrokan ari garen herri guztiontzat, baina baita elkartasun internazionalistaren baitan justizia eta  askatasunaren alde dihardugunontzat ere. Azken batean, han eta hemen, errepresioak jo puntuan ezarri eta kartzelaratzen gaituen etsai beraren aurka indarrak batu eta aldarrikapen kolektibo gisa irudikatzeko eguna dugu berau, milaka etxeetako ohe eta bihotz hutsak saretu eta elkarren beroa sentitzerainoko oihartzun ozen
bakar bat osatuz.

Izan ere, ez ote da agian, preso politikoak egote hutsa adierazle argiena, gordinena, sistema bidegabe eta kriminal batean bizitzera kondenatzen gaituztela ohartzeko? Estatu kapitalistetan gainerako zapalkuntza bide leunagoek huts egin edo zeharkako bideak aski ez eta, zuzeneko eraso bortitzari ekin behar izan dutenaren ispilua da haiekiko errepresioa. Baina ez dezagun ahaztu aldi berean eta txanponaren  bestaldean, adierazle ere badela berau, preso politikoak egote hutsa alegia, herri langile borrokalariak ez garela kikiltzen eta ez direla falta han eta hemen askatasunaren alde borrokatu eta dena emateko prest dauden  emakume eta gizonak. Eta esan gabe doa inork ez ditzan hitzok bestelako aldarrikapenez mozorrotu, oligarkia eta inperialismoaren alde borrokan diharduten mertzenarioak ez ditugula ez preso politiko gisan kontsideratzen  ezta haien amnistiarik eskatzen ere.

Gaurko egunez baina, euren herriaren alde dena eman dutenak gogoratzeaz gain, haien eskubideak etengabe zapaltzen dituztenak salatzea ere badagokigu. Ezin salatu gabe  utzi hortaz, estatu frantziar eta espainiarrak bere ziegetan bahiturik eta euren sorlekutik urrun dauzkan ia 350  euskal preso politikoak. Gogora ekarri nahi dugu, nazioartetik haiekiko egiten den elkartasun guztia eta bereziki  azken egunotan Euskal Herriaren Lagunak, elkartasun komiteek, Euskal Preso gaixo larriekiko egin  duten salaketa kanpaina. Lan ezinbestekoa gure lagunen askatasuna lortze bidean.

Hala ere gaurkoan  gainontzeko herrietako presoak ekarri nahi ditugu gogora. Ezin ahaztu 5 kide galiziar nahiz 18 preso korsikarrak,  haiek ere, tamalez, bi estatu zapaltzaileek sakabanatuak. Aldi berean, borrokalari gaztelar zein andaluziarrek jasaten duten errepresio egoera ere salatzeko baliatu beharrekoa da gaurko eguna,  Alfon eta Andres Bodalo jornalarien kasuak esaterako, herri zapalduon duintasunagatik borroka egin eta herri langileon interesak defendatzeagatik kartzelan daudenak egun.

Modu berean, eta gugandik urrunago baina  gertu, 10 mila militante kurdu eta 6500 palestinar preso politikoei elkartasuna adierazteko eguna ere bada gaurkoa. Estatu turkiar faxistak zein israeldarrak euren ziega zikin ilunetan bahiturik dauzkatenak egun,   haietariko asko epaiketarik inoiz ezagutu gabe, gaixotasun larri eta sendaezinekin hainbat, bakarturik, bisita  eskubiderik gabe, eta hainbatetan tratu txarrak jasoz, gehiegitan torturatuak edo erailak...

9500 preso politiko  kolonbiarrek sufritzen duten egoera bortitza salatzekoa ere bada gaurkoa, hain zuzen, kartzeletan pilaturik eta  oso baldintza gogorretan egoteaz gain, xantaia politikorako erabiliak dira, bake negoziaketetan Santosen gobernuaren aldetik.

Egun honetan, eskuz esku gaude itsasoaren bestaldean izan arren, sentimenduz  auzo-lagun ditugun 40tik gora preso politiko maputxeekin, oraindik ere Pinocheten legediaren ondorioak jasan  beharrean diren wallmapuko jatorrizko herri borrokalariekin, hain zuzen. Txileko gobernuak euren lurrak lapurtu  eta miseriara kondenatzea gutxi ez eta, milaka kilometro egin beharrean dira senitartekoak, komunitateetatik ibilaldi  amaigabeak burutuz hiriguneetara. Eta nola ez, 52 preso politiko sahararrei elkartasuna adierazteko eguna ere bada berau, sakabanaturik hauek ere, osasun zaintza ukatzen zaiela, tribunal militarrek epaituak haietariko asko. Eta haiekin batera doazela gure agurrik beroenak aipatu gabe utzi ditugun gainerako presoei ere.

Baina  esan bezala, apirilaren 17ko hau, salaketa egun izateaz batera, aldarrikapenenez janzteko eguna ere bada, guzti  haiek kalean eta borrokan zihardutenean zein orain kartzeletan egon arren defendatzen duten proiektu politiko guztiak aldarrikatzeko eguna ere badelako ezabirik gabe gaurkoa. Proiektu eta askapen borroka  guztiak, berezitasun eta desberdintasun gutxi batzuk salbu, helburu bera elkarbanatzen baitute: Pertsona librez  osaturiko herri libre batean bizitzeko beharra eta honekiko konpromisoa. Borroka hau ere bada beraz apirilaren  17 honetan defendatu behar genukeena, hori baita preso politikoek guregandik jaso nahiko luketena, kate  begiak etenik ez duela izan jakitearen harrotasuna arnasten jarrai dezaten dauden lekuan daudela.

Honegatik  guztiagatik, denak behar zaituztegulako, libre eta borrokan, Euskal Herriko kale eta plazetan bezala, Bogota edo  Medellingo Unibertsitateetan, El Aioun edo Smarako Haimetan, Kandileko mendietan edo Ramalako  auzunetan, gurekin batera, herri libre eta burujabeen mundu baten alde borrokan eta tinko.

Munduko preso  politikoak kalera!

Eraso inperialistarik ez! Ez Sirian ez inon!

Yankee go home!

Pasa den ostiral goizaldean beste herrialde bat erasotu zuen Ameriketako Estatu Batuen armadak, Donald Trumpen agindupean. Hala, AEBk erasotutako herrialdeen zerrenda luzera batu da Siriako Errepublika Arabiarra. Inperialismo yankiak bizi-bizirik dirau, eta beti bezala, bere alde agertu dira Europar Batasuneko herrialdeak, bere ekinbidea txalotuz. Beste behin ere, denborak bakoitza bere lekuan jarri du.

Mass mediek hilabete ugari daramatzate Donald Trumpen politika berriaz mintzatzen: protekzionista dela, Errusiarekin harreman onak dituela, OTANekiko eszeptikoa dela…Baina ez du denbora asko behar izan statusquoari eusteko beste txotxongilo bat dela erakusteko. OTAN arbuiatzen omen du, baina aise egin zituen tiro-probak Bardeetan, duela hilabete; eta Errusiaren lagun ere bihurtu omen da, baina probokatzen jarraitzen du, inork deitzen ez dion lekuetan muturra sartzen… Bistan dago, Trump, Obama, Bush edo Clinton, AEBek mehatxu sentitzen duen oro erasotzen jarraituko du, bere interes politiko, ekonomiko eta militarrak babes daitezen, “Make Amerika Great Again” lelopean, herrialdeei burujabetza ebasteko dena ustiatuz eta denak suntsituz.

Siriako gerra hasi zenetik, modu zikinean sartu du eskua AEBk, bai zuzenki bai tokiko aliatuen bitartez, Gobernuaren aurkako “errebelde” delakoak eta Estatu Islamikoa finantzatuz. Azken honetan, modu gordinean ikusi dugu Siriaren aurkako bonbardaketa, Ekialde Hurbila ezegonkortzeko eta bere aldera ekartzeko helburua beti presente.

Hori guztia kontuan hartuta, kalera atera eta AEB eta Europar Batasunaren inperialismoa salatzeko deia egiten dugu. Onartezina da yankiei aitortzen zaien legitimitatea herrialde burujabeei nahieran eraso egiteko, bakearen eta demokraziaren izenean. Ez dago bakerik, ez demokraziarik, AEBk inposatu nahi duen ordena baizik. Askapenatik irmoki arbuiatzen dugu AEBen eta EBren jarrera. Mundu mailako botere kapitalista hegemonikoari eusteko, milaka hildako, errefuxiatu eta hondamendia eragiten ari dira, zilegitasun osoa balute bezala. Horregatik guztiagatik, Euskal Internazionalistei dei egiten diegu publikoki Siriaren aurkako eraso inperialista salatzera. Euskal Herria mendebaldeko politika inperialisten aurka dagoela ozen aldarrikatzeko unea da. Eraso inperialistarik ez, ez Sirian ez inon!

Eraso inperialistarik ez!
Herriok burujabe!

 

Orriak