Oreretako 3 atxilotuak askatu!

Garai gogorrak bizi ditugu. Kapitalismo heteropatriarkarra bere azken urteetako ofentsibarik gordinena egiten ari da. Astero ditugu eraso eta erailketak lantokietan, astero, eraso eta erailketa matxistak. Astero, identifikazioak, gaztetxeen itxierak, espetxeetara bixitan doazen lagunen istripuak Espainiar eta Frantziako errepideetan... Egunero kolpatzen gaitu sistemak eta gure bizitzen gaineko kontrola hartzen du geure lan indar guztia zurrupatzeko. Ezer berririk ez, izarren azpian. Ez Euskal Herrian, ezta gainontzeko munduko herri gehienetan ere. Brasilen MSTren aurka edo Kolonbian antolaturiko nekazarien aurka bezala, Kurdistan, Kortsika, Herrialde Katalanak, Andaluzia edota Palestinan ere errepresioz ixilarazai nahi dituzte aldarrikapen guztiak.

Azken hilabeteetan, errepresio sistemiko honi aurre egiteko mekanismoak bilatzen egon gara herri mugimenduko hainbat eta hainbat kolektibo eta eragile. Lan horretatik etorri da iragan larunbateko Iruñeako manifestazioa «Errepresioari autodefentsa» lemapean. Mezua zuzena zen: errepresioari erantzun behar zaio.

Ohikoa den moduan, Estatuko aparatuek dakiten bezala erantzun zuten: errepresio gehiagorekin. 4 gazte atxilo eraman zituzten eta horietatik 3k oraindik kalabozoetan jarraitzen dute terrorismo delituak leporatuta. Erabaki honekin, salbuespen egoera bukatu ez dela gogorarazi nahi izan dute. Oraindik ere zutik diraute salbuespen epaitegiek, lege antiterroristek, intoxikazio mediatikoak... Zoritxarrez, guk ere geure azalean ezagutu ditugunak.

Hau horrela izanik, Askapenatik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu 3 atxilotuei eta bere senitarteko eta lagunei. Bada garaia salbuespen egoerarekin bukatzeko! Amaitzeko, dei egiten dugu 3 atxilotuen askatasunaren alde egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Atxilotuak askatu!
Errepresiorik ez!


Martxoaren 12a: atzo, gaur eta beti OTANi EZ!

31 urte igaro dira Hego Euskal Herrian OTANi ezezko borobila eman genionetik, gure Herriaren ukatzailea den espainiar estatuak burutu zuen erreferendumean. %62ak ozen esan guen ez genuela inperialismoaren konplize izaterik nahi. Beste batzuk aldiz, ohikoa den moduan, mezu lausoekin beraien benetako izaera ezkutatzen saiatu ziren. Denborak ordea bakoitza bere lekuan ipini du. 31 urte igarota oso presente dugun gertaera izan zen hura, gaur egun oraindik ere inposaketa horren ondorioak paraitzen jarraitzen baitugu.

Adibide garbietako bat Bardeetako Tiro Poligonoa dugu. Inperialismoaren armadak beraien bonba, dron eta armak frogatzeko erabiltzen duen Euskal Herriko parke naturala. Bardeetako Poligonoa ixtea eskatzeko berriki sortu den plataformari gure babes osoa adierazten diogu Askapenak, guztion artean lortuko dugulako inperialismoaren beso armatua gure lurretatik bidaltzea!

Data seinalatu honetan dei egiten diegu Euskal Herriko internazionalista eta antiinperialista guztiei beste behin ere OTANi ezetz esatera eta Bardeetako Tiro Poligonoa ixtea exigitzen jarraitzera.

Atzo, gaur eta beti OTANi EZ!

Gora munduko emakumeon borroka!

Urte beltza izan da emakumeontzat iazko martxoaren 8tik gaur artekoa. Feminizidioa, bortxaketak, prekarietatearen gorakada… Patriarkatuak gure aurka martxan duen gerrak iraun bitartean urte beltzek jarraipena izango dute.

Baina argi moreak ere izan ditugu. Mundu mailan jasaten ari garen erasoei mundu mailako erantzuna ematen hasiak gara. Emakumeak elkartu, gure aldarrikapenak batu eta borrokak uztartu ditugu. Horren adibide dira #NiUnaMenos ekimena eta honi jarraituz gaurko egunerako deitu den nazioarteko emakumeon lanuzte orokorra. Gure gorputzen zapalkuntzan oinarritzen den sistemarentzat ez dugu produzituko!

Emakume oro libre den artean gu ere ez garelako libre izango, eta ez dagoelako emakume askerik gabeko herri askerik, internazionalismotik gaurko egunerako mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta horietan parte hartzera dei egiten dugu.

 

Gora munduko emakumeon borroka!

Gora martxoaren 8a!

Greziako errealitatea ezagutzen

2016an Grezian izan zen Askapenako brigadaren laburpen bideoa

Orriak