(abajo en castellano)
Pasa den otsailaren 1ean Luxenburgotik abiatutako ÖÇALANen ASKATASUNAREN ETA KURDISTANEN ESTATUS POLITIKO BATEN ALDEKO Europako Martxa Luzeak bere ibilbidea normaltasun osoz egin du bart gauera arte. Herri ezberdinetako 80 bat internazionalistek, euren artean 6 Euskal Herritar, osatzen dute Estrasburgon datorren igandean, hilak 12, amaituko den martxa hau eta esan bezala bere bidea normaltasunez egin du atzo gauera arte.
Izan ere, militante internazionalistek gaua pasa behar zuten tokira turkiar talde faxista bat azaldu zen eta internazionalistak mehatxatzeari eta iraintzeari ekin zioten era oso oldarkorrean. Gaur, berriz, Martxa ordu batzuetan zehar geldiaraztea lortu dute faxistek eta martxako 2 kide atxilo eraman ditu frantses poliziak. Martxak aurrera darrai baina esan beharra dago giroa urduria dela, izan ere, beste eraso bat jasateko kezka eta ezinegona nabaria baita.
Ibilaldiaren hasieratik, Estatu frantseseko hainbat herritatik igaro da martxa eta toki ezberdinetan turkiar talde faxisten presentzia gero eta nabariagoa izan da, une oro internazionalistak zirikatzen eta probokatzen aritu direlarik. Horregatik, inoiz baino adiago egon behar dugula uste dugu Martxare eta honen parte hartzaileen aurkako balizko eraso baten aurrean erne egon gaitezen.
Era berean, Martxa etengabe boikotatzen saiatu diren talde faxista turkiarren presentzia salatu nahi dugu, betiere euren helburua herri kurduarekin elkartasuna adierazten duten solidarioak kikiltzea eta mehatxatzea izan baita. Zentzu honetan, frantziar poliziaren jarrera permisibo eta pasiboa salatu beharrean gaude, izan ere, ez baitie faxistei Martxara hurbiltzea eragotzi inongo momentutan. Horregatik, 2013an Parisen erahildako 3 emakume kurduen auzian egin bezala, herri kurduaren eta honen zilegizko borrokaren aurkako erasoen aurrean Estatu frantziarraren jarrera kolaboratzailea salatu behar dugu beste behin ere.
Gaur bertan atxilotutako bi kideen berehala aska ditzaten exijitzen dugu eta gogorarazi Martxa Luze hau igandean Kurdistango herriaren borrokaren eta Öçalanen askatasunaren alde burutuko den manifestazio jendetsuarekin amaituko dela.
Bukatzeko, Martxaren parte diren talde internazionalistei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu eta norbanako gisa gure babesa martxa osatzen duten militante internazionalista guztiei. Aurrera!
Kurdistan askatu!
Biji Kurdistan!
KURDISTANEKIN ELKARTASUN EKIMENA