Venezuelatik 2. kronika: hezkuntza chavista inperialismoa suntsitzeko

HEZKUNTZA CHAVISTA INPERIALISMOA SUNTSITZEKO


Ohikoa da pertsonen arteko elkarrizketetan hezkuntzaren gaiaz hitz egitea, zer landu behar den, zein metodologia erabili behar den, zeintzuk diren helburuak edota zein gabezia dituen eztabaidatuz. Gai hau ez da soilik Euskal Herriko testuinguan ematen, munduan zehar zabaltzen den eztabaidagaia da, unibertsala da. Venezuelaren kasuan, Hugo Chavezek ere erdigunean kokatu zuen gai hau, bere garrantziaz jakitun izanik, are gehiago testuinguru zehatz horretan zeuden gabeziak ezagutuz.


Venezuelako historia hurbilari erreparatuz, 60.hamarkadatik aurrera herrialdeko hezkuntza sistemak aldaketa handiak izan zituen, batez ere 70.hamarkadan petroleoaren ingresuaren igoerarekin. Hamarkada hauetan irakasleeta ikastetxe kopurua igotzen zihoan. 1995.urterako Venezuelan alfabetizazio maila %91,1koa zen, zenbakiz oso altua dirudien arren, atzean zera ezkutatzen da; 10 urtetik gorako pertsonen  %9a, hots, 2 milioi pertsona analfabeto egoeran zirela. Gainera, eskolatze maila zinez baxua zen, biztanleriaren %55aren beharrizan eskolarrei soilik erantzuten zien. Hirietatik kanpoko eremuetan eta maila sozioekonomiko baxuko jendartean hare kezkagarriagoa zen egoera, izan ere, eskolatze prozesutik zeharo baztertuak aurkitzen ziren.

 

2024KO BRIGADAK: VENEZUELATIK 1. KRONIKA

HAUTESKUNDE GARAIAN, CHAVISMOA TINKO

 

2024ko uztailaren 28an Venezuelako presidente kargua hurrengo sei urteetan nork hartuko duen erabaki zen aurreko egunean. Venezuelako kargu politiko garrantzitsuenaren aukeraketa eguna izan zen. Izan ere, presidenteak hurrengo botere karguak betetzen ditu: funtzio publikoaren kargu gorenak diren estatuburutza, gobernuburutza eta armadaren buru izatea.

Bi hautagai nagusi zeuden, alde batetik, Nicolas Maduro, Gran Polo Patrioticoko buru bezela, eta bestetik, Edmundo Gonzalez, oposizioko buru bezala Plataforma Unitaria Democraticaren (PUD) hautagaia. Bi ordezkari horiek oinarri politiko, sozial eta ekonomiko desberdinak ordezkatzen zituzten. Lehenak, Chavezen oinordekotzatik abiatuz herri boterea, langile klasearen indartzea eta bizitza duina bermatzean zentratzen zituen bere helburu soziopolitikoak; Edmundo Gonzalezek aldiz, Maria Corina Machadoren babespean hausnartzen zituen erabaki politikoak, hots, Venezuelako klase ertain eta goi klasearen interesen mesederako.

Horrez gain, bi posizio politiko horiek ikuspegi internazionalean ere diferentziak dituzte. Madurok jarrera antiinperialista du, beste hautagaiak ez bezela. Hala eta guztiz ere, azken horrek AEBren interbentzio ekonomiko-politikoa babesten du Venezuelan, Latinoamerikan eta mundu osoan ere.

Hauteskunde prozesu hauek hobeto ulertzeko, argi izan behar da Chavezek bere lehen hauteskundeak irabazi zituenenean Venezuelaren historian garai berri bat hasi zela. Fase berri honetan, historikoki boterean zegoen kolektibo kontserbadore eta neoliberala botere politiko estataletatik kanpo geratu zen. Baina aurretiko mandatariek inoiz ez zuten onartu Venezuelako herriak aukeratutako bide antiinperialista. Horregatik, hauteskundeei boikota egiten hasi ziren. Horretarako, batzuetan hauteskundeetara ez aurkezteko erabakiak hartzen zituzten, gezurren bitartez zalantzan jartzeko prozesu elektoral hauen bermea zein zilegitasuna. Hala ere, aurtengo hauteskunde hauetan, oposizioko ordezkari nagusiak Venezuelako estatuko prozesu garrantzitsu honetan parte hartzeko estrategia onartu zuen. Azken urteetako hauteskunde garrantzitsuenetarikoa bihurtuz aurtengoa. Izan ere, Chavismoaren etsai politiko nagusia Maduroren garaian, presidente kargurako lehen aldiz aurkeztu zen.

Guztiek zekiten zein garrantzitsua zen kargu hori kontrolatzea. Are gehiago une historiko honetan, non Latinoamerikako estatu batzuetan ultraeskuina nagusi den eta beste estatu batzuetan herritarren aldeko alderdi edo fronte politiko zabalek ehuneko ez oso handi bategatik kontrolatzen dituzten ardura gubernamental horiek. Garrantzitsuak izan arren, ukaezina da nagusitasun handi baten faltan kontuz ibili beharra dutela karguan. Hala nola, sozialismoaren eta antiiperialismoaren bidean beharrezkoak diren neurri asko kontu handiz edo zailtasunez hartzeko posizioan daude eta. Gainera, azken urteetan Abya Yalako estatu batzuetan neoliberalek bultzatutako estatu golpeak (AEBren laguntzaz) ere egon dira, tentsio egoera handituz eta herri boterearen aldeko posizio politikoetan eztabaidak areagotuz.

Venezuelaren kasuan, azken urteetan gertakari desberdinek markatu dituzte agenda politikoak: Guarinbak (2014koak edo 2017koak adibidez), Guaidoren estatu kolpea (2019), AEBren blokeo ekonomikoa eta horren bitartez sortu den krisi ekonomikoa.

Uztailak 28ko eguna historikoa bihurtzeko gakoa guzti honetan dago; egun horretan iraultza bolibartarraren jarraipena zegoen jokoan, Venezuelan zein Latinoamerikako estatu desberdinetan. Beraz, egun erabakior horretako goizean zehar Caracaseko zenbait gunetan kokatuta zeuden mahai elektoralak ezagutu genituen, Bolivar plaza eta Chacaito guneak besteak beste. Bertan, oposizioaren bandokoak ziren pertsona ugari elkarrizketatzeko aukera ezberdinak izan genituen. Hauei hiru galdera nagusi erantzuteko eskatuz: Zure ustez zer gertatuko litzakete oposizioak irabaziz gero? Zein iritzi sortzen zaizu nazioartean zalantzan jartzen denean hauteskundeen eta emaitzen zilegitasuna? Hauteskunde garaian sare sozialetatik kanpo konfrontazio egoerak bizi izan dira? Galderek erantzun ugari izan zituzten, gehienak interesgarriak data horretako egoera politiko eta soziala ulertzeko.

 

 

Lehenik eta behin, galdetutako ia guztiek argi utzi zuten hauteskundeen aurretik kaleetan giro lasaia zegoela, hots, ez zela inolako tentsiorik bizi pertsonen arteko harremanetan ezta eztabaida politikoetan. Sortutako tentsio guztia sare sozialetan aurkitzen zela. Ideia hau oso orokortua zegoen bai oposizioko bai chavismoaren aldeko pertsonengan. Beraz, hauteskundeen aurretiko tentsio faltak argi uzten du botoen erabakitze prozesuan Maduroren gobernuak ez zuela presionatzen, sare sozialetan Europara heltzen ziren ideia faltsuek adierazten zuten bezela.

Sionismoa ofentsiba hedatzen

 

 

Gazan 40.000 hildakoen mugarria erdiestear dagoenean, eta bai Zisjordania zein Siria eta Yemengo herri langilearen aurkako erasoak normalizatuta daudela, sionismoak Palestinaren baitako Nakbarekin nahikoa ez duela argi adierazi du Beiruteko bonbardaketarekin.

 

Nahiz eta Hezballah-k autoretza ukatu duen, Siriako lurralde okupatua den Majdal Shams-eko biktimak eragin dituen erasoaren talde xiitaren buruaren aurka gauzatu omen dute Libanoko hiriburuan bonbardaketa. Golango Altuetako biztanleria drusoak ordea, Israelgo hiritartasuna gaitzesten du (Smotrich gobernu israeldarraren kidearen presentzia gaitzetsi duen bezala), euren buruak siriartzat baitituzte. Hala ere, paradoxikoki, hango 12 pertsonen bizitzaren balioa dela eta ekin dio sionismoak Beirut jotzeari. Praktikan ordea, oldarraldi sionista eskualdera hedatzeko aukerak biderkatzen dituen erabakitzat har daiteke. AEBetako defentsa idazkariak dagoeneko adierazi du “Israel erasotua bada, lagunduko diotela”, balizko gerra irekiaren parametroak ezarriz.

 

Aukera paregabea izan da sionismoarentzat Golango Altuetan jazotakoa. 1967an okupatutako eta modu intentsiboan militarizatutako gako geografiko-estrategikoa den espazio da. Hortik Libano, Siria eta Jordaniaren arteko elkargunea kontrolatu du hamarkadetan zehar. Faxismoari, eta beraz sionismoari, propio zaion espantsionismoaren joera eta interesak babesteko garrantzi handiko lurraldea da.

 

Honekin batera, sionistek Iranen Hamas-eko bulego politikoaren buru Ismail Haniyeh erail dute. Horren operazio oldarkor eta garrantzitsua ez da ausaz eman. Fatah, Hamas, PFLP eta gainontzeko talde politiko palestinarren arteko akordioaren sinadura burutu eta egun gutxira izan da eraila Hamaseko buruzagi historikoa. Izan ere, palestinarren batasuna izan da betidanik Israelgo estatuaren areriorik arriskutsuena, kanpotik jasotzen duen babes eta kolaborazioen gainetik.

 

Hain zuzen, sionismoak ez luke etorkizunik izango bidelagun izan duen kapitalismoaren buru hegemonikoaren babesik gabe. AEBak, eta baita NATO eta Europar Batasuna behar-beharrezkoak agenteak izan dira gaur egun jazotzen ari dena gauzatu ahal izateko. Ezin dugu ahaztu gurean, Euskal Herrian, badirela honi ekarpen garrantzitsua egiten dionik. Apartheida, genozidioa eta Ekialde Hurbilaren baitako gerra irekiaren aukera ahalbidetu duen egoera horretan euskal burgesiak partehartze zuzena dauka. Armagintzaren industriak, baina baita oso adierazgarria den CAF enpresaren negozioak ere Israelen indarkeria genozida zilegiztatu eta normalizatzeko bidearen eraikuntzan diraute. Kapitalismoaren agente instituzionalen amildegitik ihes egiteko desiraren bide horrek, sufrimendua okerragotzea besterik ez du ekarri.

 

Alabaina, sufrimendu hori gehien pairatzen ari duenak, herri langileak, badauka zer egin. Demokrazia ordezkagarriak ezartzen dituen mugen gainetik, Gazako genozidioa eta Israelen ankerkerian gure buruak islatuta ikusi nahi ez baditugu, lekuko indargabearen papera alde batera utzi eta boikot bat egitea daukagu: Palestinan jaiotako nazioarteko ekimena, herritarrok gure gain hartu dezakegun alternatibarik eraginkorrena. Genozidioa, faxismoa, arrazakeria eta kapitalismoak eragin eta bultzatutakoen aurka, herri langileari dagokio esparru ekonomikoan, kulturalean eta akademikoan Israel gaitzestea eta indargabetzea.

 

Gora Palestina askatuta!

Venezuelako hauteskundeen osteko mugimenduen aurrean [EUS] [CAS]

 

Venezuelako Errepublika Bolivartarreko hauteskundeen emaitzen osteko adierazpen eta mugimenduek ezin digute harridurarik sortu. Sistemaren hedabideetatik zabaltzen ari dena aurreikusten zen. Politikoki kontzientea den norbaitek pentsa zezakeen ultraeskuinak eta inperialismoak (baita honen morroi latinoamerikar zein europearrek) emaitzak onartuko zituztela chavismoak hauteskundeak irabaztekotan? Historiaren gutxieneko ezagutza izanda, herrien nahia eta borondatea errespetatzen dituztela sinets dezake norbaitek?

 

Bide ezberdinen bidez saiatu dira proiektu bolivartarrarekin bukatu azken hamarkadetan (Estatu kolpea, atentatuak, sabotajeak, guarimbak, blokeo ekonomiko eta diplomatikoa, gerra mediatikoa eta psikologikoa populazioaren kontra…) baina, chavismoak, ahulduta bada ere, eutsi du. Eskuinaren sektore gehienek hauteskundeetako aukeraren alde egin zuten 2023an, Barbadoseko akordioa sinatuta. Aspaldidanik kanpotik ezarritako presio neurrien ondorioekin eta chavismoaren hainbeste urteren higadurarekin konbinatuta, hauteskunde-aukera horrek bideratuko lieke Maduro presidentziatik kentzea eta botere politikoa berreskuratzea (ekonomikoa eta mediatikoa, neurri handi batean, mantendu baitute). Hala eta guztiz ere, beste behin ere, herri venezolarrak ez die eman nahi zuten gehiengoa eta ultraeskuinak, botere ekonomikoaren sektore askok eta inperialismo yankiak ezin dute onartu hurrengo sei urteetan chavismoaren proiektua boterean mantentzea. Ez bakarrik herri horren mugen barrura begira, baizik eta Venezuelatik kanpora ere chavismoak suposatzen duenagatik, Abya Yala – Latinoamerikaren integrazioan zein nazioarteko potentzien arteko lehian duen paperagatik.

 

Iruzurraren salaketa medio askotan saldu digute hautetsontziak itxi eta ordu gutxietara, eta Corina Machado ultraeskuindarraren mezua helarazi, botoen % 70 lortu dutela zabalduz. Ez dute iruzurraren ebidentziarik erakutsi baina iruzurraren mezua sistemaren hedabide guztietan dago, Venezuelako eskuineko sektore nagusiek, Amerikako Estatu Batuetako gobernuak eta zonaldeko zein Europako gobernu lekaio batzuek elikatuta.

 

Oso esanguratsua da sistemaren hedabideetatik honako hau entzutea: “nazioarteko komunitateak” Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako datuak kolokan jartzen ditu. Maduro zoriondu duten Munduko potentzia batzuk (Txina eta Errusia kasu) zein beste herri batzuetako gobernuak ez omen dira “nazioarteko komunitatea”-ren parte…

 

Euskal Herrian ere, Venezuelako errealitatearen desitxuraketa jasan dugu hedabide gehienetatik. Haien artean, aipamen berezia merezi du PNVk kontrolatutako EITB telebista-irrati publikoa, non informatiboetan zein tertulietan, axiomatzat hartutako mezu interesatu batzuen gainean irakurketa alderdikoia eraiki den, chavismoari zilegitasuna kentzeko eta Maduroren gobernua erregimen diktatorial moduan irudikatzeko. Ikuspegi eurozentrista eta harroputzetik, herrien erabakiak ukatzen jarraitzen dute, kapitalismo atlantistaren nahiekin lerrokatzen ez badira.

 

Ustezko iruzurrean oinarritutako ofentsiba politiko eta mediatiko horrek bidea prestatu du Venezuelako kaleak desegonkortzeko, tentsioa handitzeko eta esku-sartze inperialista intentsoagoari ekiteko. Iruzurraren aitzakian, azken orduetan, oposizioa estatu-kolpe saiakera (berri) bat hasi da, guarimbak antolatuz eta kale-indarkeria faxista sustatuz. Hori guztia, mendebaldeko indar inperialistek eta haien lekaio erregionalek lagunduta.

 

Euskal Herrian tinko mantenduko gara herrien subiranotasunaren zein proiektu eraldatzaileen defentsan. Erne egongo gara herri bolivartarraren kontra areago ditzaketen ekimenen aurrean baita kanpoko zein bertoko gezur-ekoizleen aurrean.

 

Chavezek hasitako bideari eutsita, gora prozesu bolivartarra!

Herrien arteko elkartasuna ezinbestekoa zaigulako, gora internazionalismoa!

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

 

Ante los movimientos tras las elecciones en Venezuela


Las declaraciones y movimientos tras los resultados de las elecciones en la República Bolivariana de Venezuela no pueden causarnos sorpresa. Se preveía lo que se está difundiendo desde los medios del sistema. ¿Alguien políticamente consciente podía pensar que la ultraderecha y el imperialismo -incluidos sus vasallos, tanto latinoamericanos como europeos- aceptarían los resultados si el chavismo ganaba las elecciones? Con un mínimo conocimiento de la historia, ¿alguien puede creer que respetan el deseo y la voluntad de los pueblos?

 

Orriak