Eraso faxisten aurrean, Boliviako prozesu eraldatzailea aurrera! [EUS] [CAS]

Ekainaren 26an, Juan José Zuñiga buru zuen Indar Armatuen sektore bat Estatu kolpe bat ematen saiatu zen, zehaztasun asko eta atzean dauden motibazioak erabat argi ez badaude ere. Gobernua kentzeko edota Bolivia desegonkortze saiakera hau ezin da aurkeztu era isolatuan, sistemaren hedabide gehienetan agertzen den moduan.

Hamarkadetan zehar garatutako hainbat borroka oinarri izanda (meatzarienak, nekazarienak, kokaleroenak, jatorrizko herrienak, beste langile kolektiboenak..) herriaren antolaketa maila oso nabaria da Bolivian. Erresistentzia eta antolakuntza esperientzia horien ondorioa izan zen 2005ean MAS-IPSP mugimenduak hauteskundeak irabaztea eta Evo Morales presidentziara heltzea. Momentu horretatik aurrera prozesu eraldatzailea martxan jarri zen, populazioaren gehiengoaren aldeko neurriak hartuz eta kolektibo batzuei eskubideak aitortuz, jatorrizko herriak adibide nagusia izanda. Boliviako baliabideak herriaren beharrei erantzuteko bideratzeak eta Abya Yala – Latinoamerikarentzat martxan jarritako integrazioa eta eredu alternatiboaren parte izateak (hasieran, Venezuela eta Kubarekin batera; geroago, zonaldeko beste herri batzuk gehituta) oligarkiaren eta inperialismoaren erasoak areagotu zituzten. Izan ere, Boliviako Estatu Plurinazionala gakoa da, bere baliabide naturalengatik. Gasaz gain, mineral zehatz batzuk (Litioa tartean) kantitate oso handietan daude herrialde horretan. AEBetako Hego Komandoko buruak horrela aitortu zuen, esplizituki, 2021eko urtarrilean, eta baliabide horiek kontrolatzea AEBetako segurtasunarekin lotu zuen. Izan ere, baliabide horiek guztiak zein beren “atzeko patioa”-ren kontrola ezinbestekoa zaio inperialismo yankiari bere nagusitasuna mantentzeari eusteko. “Ilargi erdia” deritzon ekialdeko oligarkia Estatua desegonkortzen saiatu zen, MAS boteretik kentzeko. Plan horiei buelta ematea lortu arren, erasoak ez dira eten. Boliviak lortutako garapen ekonomikoak boliviarren bizitza kalitatea hobetu zuen esparru askotan, baita kontsumo maila igo ere. Horrek, neurri batean, egonkortasuna eman zion gobernuari urte batzuetan zehar. Hala ere, gobernuaren higadurak, populazioaren sektore batzuen nahigabeak eta prozesuaren aurka etenik gabe egindako eraso mediatiko zein ekonomikoak eremua ongarritu zuten 2019ko Estatu kolperako, hauteskunde-iruzurraren aitzakiapean. Inposatutako Jeanine Añezen gobernua hauteskundeak egitera behartuta, MASek botere politikoa berreskuratu zuen era argian, baina, Evoren kontrako jazarpena zela, beste hautagai baten bitartez: Luis Arce Catacora,. Hasierako aldaketa-prozesuari berriz ekiten saiatu bazen ere, ez zen lortu hasierako urteetako bultzada berreskuratzea, elementu batzuk tartean egonda. Alde batetik, MASen barruko tentsioak areagotu ziren, Evo Morales eta Luis Arceren ildoak aurrez aurre jarrita. Talkak izaera ideologikoa dauka, baina baita eduki pertsonala ere. Masismoaren barruko banaketak ahuldu du jada mugimendua eta 2025eko hauteskundeetan MASen garaipena kolokan jar dezake. Horri gehitu behar zaio egoera ekonomikoaren okertzea eta inflazioa. Horri lotuta, kanpoko elementua dago; hain zuzen ere, prozesu bolivartar kontinentalaren osasuna. Zailtasunaz zailtasun, Kuba eta Venezuela chavista tinko mantentzen dira, baina Boliviaren inguruko Estatu batzuek eskuinera edota ultraeskuinera egin dute, deseginda zegoen Limako Taldearen balizko berpiztea posiblea eginez. Gobernu batzuen eta, bereziki, Mileiren gobernuaren neurriek ondorio kaltegarriak dituzte Boliviako ekonomian zein gainerako harremanetan.

Testuinguru horretan gauzatu da Estatu kolpearen saiakera bitxia: kazetariz inguratuta, Gobernuko kideekin hitz eginez, kolpearen buruak adierazpen deigarriak eginez, eta Bolibiako burgesiaren buru batzuen, eskuineko gobernu batzuen bozeramaileen zein inperialismoaren eragile batzuen (OEAko Almagrok kasu) gaitzezpenarekin. Autokolpearen teoria ere zabaldu da hedabide masiboetan.

Gertakizun horren atzean dauden motibazio eta helburuen inguruan zalantza asko badaude ere, askatasun nazional zein sozialaren alde borrokan gauden herriok irakaspenak atera behar ditugu, borroka askatzailetan eta internazionalismoan sakontzen jarraitzeko. Inperialismoak bultzatutako saiakera izan, bertoko oligarkiak bultzatutako saiakera izan, indar armatuetako sektore batzuen iniziatibaz garatutako saiakera izan, edo aurrekoen arteko konfluentzia bat izan… ekintza horrek alderdi batzuk jartzen ditu mahai gainean:

  • Erne egoteko ezinbestekotasuna. Herrien etsaiek ez dute atsedenik hartzen. Herria ezin da erlaxatu askatasuna lortzeko borrokan.

  • Prozesuaren ahultasunaz kontziente izateko beharra, neurriak hartzeko. Inposaturiko gobernu faxistaren urte bateko agintaldiaz aparte, 18 urte egon da MAS gobernuan. Hala ere, Estatuko egiturak eta, bereziki, Estatuko biolentzia aparatua (indar armatuak eta polizia) ez du kontrolatzen. 2019ko kolpean zein oraingo saiakeran era argian demostratu da. Demokrazia burgesaren instituzioen bitartez botere politikoa lortzea oso urrun dago herriak boterea eskuratzetik (“boterea eskuratu”, bere esanahi zabalean). Erronka ez da makala. Estatuaren egiturak aldatu gabe eta boterearen jabe direnei (izan politikoa, ekonomikoa, mediatikoa, armatua, propaganda-kulturala…) botere-esparruak kendu gabe, ezin da prozesuetan aurrera egin.

MAIATZAK 1. Ez herrion arteko gerrarik, ezta klaseen arteko bakerik ere.

Gaur, maiatzaren lehenean, langile klasearen nazioarteko egunean, Askapenatik hurrengo mezua helarazi nahi diogu munduko proletargo eta herri langileei: Burgesia eta inperialismoaren aurkako antolakuntza eta borroka inoiz baina garrantzitsu eta premiazkoagoa da. Krisi kapitalista, eskubide politiko eta sozialen murrizketak, gerra, mundu mailako ofentsiba inperialista, faxismoaren gorakada... Proletargoaren eta herri langileen aurkako ofentsiba inperialista orokor baten aurrean aurkitzen gara. Ofentsiba inperialista hori langile klase eta herrien etorkizuna baldintzatuko duen eszenatokira zuzenduta dago: gerra inperialistara. Azken urte eta hilabete hauetan, burgesia atlantista eta bere tresna armatua, NATO, mundu mailako gerra orokor baterako prestatzen ari dira, Txina eta Errusiaren aurkako gerra nuklear orokorra. Gaur gaurkoz, gerra eszenatokia ez da etorkizuneko balizko hipotesi bat, hasita dagoen prozesua baizik. Gerra dagoeneko hemen dago, eta hala erakusten dute NATOren aurrekontuen igoerek, mendebaldeko ekonomien eraldaketa prozesuak (gerra ekonomia baterantz zuzenduta), eta Europako kasuan, agintarien gerra diskurtsoek, hala nola Europar Batasunak martxan jarritako “Defentsarako Inbertsio Programa”. Gerra eszenatoki hori klase arteko guda bezala ulertu behar dugu: burgesiak langile klasearen aurkako gerra orokorra martxan jarri du. Gerra klaseen arteko lehia bat da, berau sortzen eta posible egiten duten iturburuengatik, baina baita honek sortzen dituen ondorioengatik. Arrazoiei dagokienez, ulertu behar da guztiaren aurretik gerra krisi kapitalistaren aurkako erantzuna dela, irabazi tasaren beherakada arintzeko tresna baita (metatze-prozesu militarizatuaren bidez). Hau da, gaur egun, gerra inperialista duela urte batzuetatik hona kapitalismoak duen beheralditik irtetzeko beharrezko tresna da. Gerra inperialista klase arteko gerra ere bada, eta bereziki, berau sortzen dituen arrazoiei begiratzen badiegu. Izan ere, gerra proletargoak eta langile klaseak ordainduko du: miseria, alienazio eta heriotza gehiagorekin. Gerraren ondorioak, gutxienez, ondorengo hiru arlotan pairatuko ditugu (ekonomikoa, ideologikoa eta militarra): alde batetik, gerra inperialistak langile klasearen pobretzea eta proletarizazio handiagoa eragingo du, gerra keynesianismoak eta ekonomiaren logika militarrak eraginda; bestetik, langile klasearen atxikitze ideologikoa eta gizartearen militarizazioa lortzeko ofentsiba kulturala jarriko dute martxan; eta azkenik, proletargoa burgesiaren interesak eta gaur egungo munduaren banaketa inperialista defendatzen hiltzeko soldadu gisa bidaliko dute gerrara. Horregatik guztiagatik, maiatzaren lehen honetan, gerra inperialista eta ofentsiba kapitalistaren aurrean, munduko herri langileen eta prolertagoaren antolakuntzaren beharrezkotasuna aldarrikatu nahi dugu. Internazionalismoaren bidez, mundu mailako klase arteko guda antolatu eta berriz ere martxan jartzeko; mundu mailako ofentsiba kapitalista eta inperialistaren aurrean, borroka antiinperialistak ere nazioartekoa izan behar duelako. Horretarako, ez gara ezerezetik hasten. Borrokaren berregituraketa hori hasia da dagoeneko: inperialismoaren aurkako erresistentziatik ofentsibara igaro den Hegoalde globala daukagu. Klase arteko gudaren ziklo berria zabaldu du Hegoalde globalak, inperialismoaren aurrean askapen nazional eta soziala oinarri duen zikloa: entitate sionistaren aurkako palestinarren erresistentzia (“Erresistentziarako Ardatzak” babestuta); mundu mailako merkatu eta komertzioa xakean jarri duten Yemen eta huitiak; askatasun nazionalerako borrokaren bidez, NATO eta faxismoaren aurka 10 urtez borroka daraman Donbasseko herria; Turkiaren aurka borrokan dagoen herri kurdua; Abya Yalako herri langileak, herri antolakuntzaren eta egitura komunalen bidez gerra ekonomiko, kultural eta para-militarraren aurka erresistentzian daudenak; eta Saheleko herriak, inperialismoaren aurkako prozesu dekolonizatzailea martxan jarri dutenak, Afrikako herri langileen askatasunerako oinarriak jartzen ari direnak. Koiuntura honen aurrean, zein da Europako, eta bereziki Euskal Herriko proletargoaren papera? Euskal Herritik -espainiar eta frantziar estatuek, zein Europar Batasunak zapaldutako herria garen heinean- borroka berrabiarazteko momentu historikoa aztertzen jakin behar dugu, bi norabideetan: nazio askapen borroka eta borroka internazionalista (dialektika beraren bi elementu bezala). Euskal Herriko independentzia eta sozialismorako borroka gainontzeko askatasun nazional eta sozialerako mugimenduekin uztartu behar dugu, alde batetik, borroka marko antiinperialista berrian gure borroka propioa txertatuz, eta bestetik, borroka antiinperialista orokorrean Euskal Herriko askatasunak eragin dezakeen ekarpena ulertuz. Euskal Herriko independentzia eta sozialismorako borrokak bloke atlantistaren ahultzea dakar, batetik, espainiar eta frantziar estatuen desagerpenerako pitzadura posiblea baita, eta bestetik, haustura gisa EBren bihotzean, eta, ondorioz, Mendebalde kolektiboan. Euskal Herriaren askatasunaren borroka hori, marko zabalagoan kokatu behar da, Europa mailako mugimendu internazionalista berri baten baitan, alegia. Gerra eta inperialismoaren aurkako masa zabala antolatu behar dugu, baita NATO eta EBren aurkakoa ere, horiek baitira Europako kapitalaren tresna militar eta politikoak. Argia izan behar dugu gerra inperialistaren aurkaria ez dela bakezaletasun abstraktua, ez delako bakerik izango kapitalaren diktadurapean gauden bitartean. Gerra inperialistaren aurkakoa eta antagonikoa guda zibil iraultzailea da. Horregatik guztiagatik, testuaren hasierara itzuli behar gara: batu gaitezen munduko proletargo eta herri langileok. Batu gaitezen ofentsiba kapitalistaren aurka, batu gaitezen gerra inperialistaren aurka, batu gaitezen NATO eta EBren aurka guda zibila deklaratzeko. Ez herrion arteko gerrarik, ezta klaseen arteko bakerik ere.

Apirilak 17. Munduko preso politikoak kalera!

 

Gaur, preso politikoen nazioarteko egunean, Askapenatik gure agurrik beroena helarazi nahi diegu munduan zehar espetxean gatibu dituzten preso politiko guztiei; bereziki sionismoaren atzaparretan dauden borrokalari palestinarrei eta Estatu espainol eta frantsesaren ziegetan bahiturik dituzten euskal preso politiko guztiei.

Preso politikoak existitzeak berak, gatazka politiko baten existentzia adierazten du. Zapalkuntzan oinarritutako statu quo batena eta zapalkuntza horren kontra altxa den herriarena. Horrexegatik ezinbestekoa da gatazka horren erroan zentratzea preso politikoen aferari heltzeko garaian.

Palestinako preso politikoen kasuan, banaezinak dira proiektu sionistaren inposaketa eta herri palestinarraren erresistentzia borroka eta errepresaliatu politikoak; bata bestearen ondorio baita. Oinarri politikoa eztabaidatik ezabatuz, gatazka desitxuratu baino ez da egiten, zapalkuntzaren mesedetan. Izan ere, baketzea eskatzea Palestinako herriaren zapalkuntza betikotzea da; eta zerbait eskatzekotan, Israeleko Estatuaren desagertzea eskatu beharko litzateke. Baina hori inperialismoaren interesen kontrakoa da, sionismoak Palestina zapalduta behar baitu bere hegemoniari eusteko. Eta horregatik kriminalizaten ari dira etengabe Palestinarekiko elkartasun internazionalista; izan manifestazioak debekatuz, militante internazionalistak atxilotuz edo palestinar borrokarekiko babesa kriminalizatuz.

2024ko urtarrilean, Europar Batasuneko Kontseiluak “Palestinar erresistentzia” terminoaren baitan barnebiltzen diren edozein adierazpenen aurkako neurri berriak onartu zituen. Jasotzen diren neurrien artean, finantzazio iturriak moztearekin batera, hainbat salbuespen zehazten ditu oinarrizko beharrizanetara bideratutako funtsei dagokienez edo Nazio Batuek onartutako erakundeak finantzatzeari dagokionez (guztiak behar humanitarioak asetzera bideratua: GKE...). Hau erabat lotuta dago diskurtso eta politika humanitarioen gailentzearekin eta edozein gatazkaren muin politiko ezkutatu eta ezabatzearen asmoarekin.

Honek, palestinar herria subjektu pasibo gisa kokatzen du eztabaidan, Israelen gehiegikeriak jasateagatik giza laguntza behar duen biktima gisa. Ez inondik inora, bere askatasuna erdiesteko borrokan ari den herri gisa.

Askapenatik argi dugu, elkartasun internazionalistaren ardatza horixe izan behar duela: herrien askatasunerako eskubidea eta hura lortzeko beharrezko dituzten tresnen erabilera. Izan Palestinan, Donbassen, Saharan edo Euskal Herrian.

Munduko preso politikoak kalera!

Amnistia osoa!

ATZO GAUR ETA BETI, EUSKAL HERRIAK NATORI EZ!

Gaur, martxoak 12, 38 urte bete dira Hego Euskal Herriak Espainiako Estatuak NATOn duen partehartzeari buruzko errefenduma erabat errefusatu zuenetik. Bestetik, datorren apirilaren 4an AEBren eta Europako hainbat estaturen artean erakunde kriminala sortu zuen Washingtongo Itunaren 75. urteurrena izango da. Aliantza "defentsibo" gisa aurkeztua, errealitateak helburu hauei erantzuten zion: alde batetik, SESBen eta haren aliantzen aurkako batasun militarra sortzea, eta, bestetik, Europa AEBetako kapitalaren mende jartzea eta komunismoaren aurrerapena saihestea. Laburbilduz, burgesia atlantistaren interesak gauzatzeko tresna nagusia eraikitzea.

Funtzio hori historian zehar garatzen joan da lurralde-hedapenarekin eta aliantzaren funtzioak indartzearekin, goi-bilera bakoitzean nazioarteko koiunturari erantzunez. Lurralde-hedapenari dagokionez, NATOk 32 kide ditu gaur egun (Suedia eta Finlandia izan dira azkenak sartzen), eta horrek Europa osora hedatzea ekarri du, batez ere, Europa ekialdera . Horri guztiari beste bazkide batzuekin egindako akordioak gehitu behar zaizkio, erakunde kriminalaren irismena handitzen dutenak. Adibidez, Bosnia eta Herzegovina, Georgia, Moldavia eta Ukraina, estatu kide ofizialak izan gabe, erakundearen Vilnako goi-bilerara joan ziren 2023ko ekainean, eta lehen lerroko papera betetzen dute Errusiaren aurkako gerran. Ukrainaren kasuan, 2008ko goi-bileran hura sartzea planteatu zen, Errusiaren hesitzea areagotuz eta herrialdea atlantiar inperialismoaren kontrolpean mantentzen saiatuz; 2014ko estatu-kolpearen eta Donbasseko herri-errepubliken aurkako gerraren arrazoietako bat izan zen, baita 2022ko Errusiaren operazioarena ere.

NATOren 2010eko Lisboako Goi-bileran erakundearen hedapena Europako kontinentetik haratago zabaltzea erabaki zenetik, munduan zehar bazkideekin dituen harremanak indartu eta areagotu egin ditu. Ondorioz, 32 estatu kideez gain, harremanak ditu kide ez diren beste 40 estatu eta nazioarteko erakundeekin. Horren adibide dira Kolonbia (bazkide formala 2019tik), edo Indo Pazifikoko zenbait estatu (Australia, Japonia, Hego Korea eta Zeelanda Berria). Inperialismo atlantistaren eta Txinaren arteko gatazkan duten garrantziagatik, estatu horiekiko lankidetza indartu egin da, eta denak egon dira NATOren azken bi goi-bileretan: 2022an eta 2023an.

NATOren hedapenak eta AEBk beste eragile batzuekin egindako beste akordioek, hala nola estatu sionistarekin, munduko gastu militarraren % 74,3a kontrolatzera eraman du. Hori bereziki nabarmena da Europaren kasuan, izan ere, Estatu Batuen hegemoniaren krisi-testuinguruan, Europar Batasuna erabat lerratu da atlantiar inperialismoaren interesekin. Horren adierazle da 2023an sinatutako "Defentsarako Iparrorratz Estrategikoa" eta Europar Batasunaren eta NATOren lankidetza-deklarazio bateratua.

75 urte hauetako ibilbideak argi erakutsi du NATOren hedapen estrategiak handitzen jarraituko duela, Jugoslavia, Libia edota Sirian izandako esku-hartzeek frogatzen duten bezala. Halaber, garrantzitsua da gaur egungo gatazketako batzuetan izaten ari den papera gogoraraztea, hala nola lehen aipatutako Ukrainako gerran, Sahelen (Frantziar estatuak esku hartzeko mehatxuetan) eta Israelgo estatu sionistaren alde Palestinar herriaren aurkako genozidioan. Kasu honetan, Yemen erasotzera iritsi da, Palestinar herriari elkartasuna adierazteko egindako ekintzengatik.

Begirada Europan jartzen badugu, gastu militarra indartzeaz gain, indartu egin dira diskurtso hegemonikoaren aurka egiten dutenen kontrako politikak: estatuen errepresio mekanismoak indartzea, gerra-diskurtsoa zabaltzea eta bloke inperialista atlantistarekin lerrokatzea, zentsura, kazetari eta erakundeen jazarpena, faxismoaren legitimazioa eta zuritzea, etab. Ildo horretan, garrantzitsua da herri langileen erresistentziaren eta antolaketaren deslegitimazioa eta kriminalizazioa azpimarratzea. Erresistentzia palestinarrari, eta lehenago Donbasseko errepublikari, zilegitasuna kentzearekin batera, borroka horiekiko elkartasun-adierazpenak debekatu eta erreprimitu egin dira. Azken aste hauetan, gainera, Europako politikoei entzun diegu gerrarako prestatu behar garela. Berriro ere, langileria bidali nahi dute burgesiaren interesak gerran defendatzera, dagoeneko gerran ez bageunde bezala; kapitalak langile-klasearen esplotazioa handitu behar duen bakoitzean gogortu egiten den gerra horretan baikaude, bakeaz eta giza eskubideez hitz eginez ezkutatzen saiatzen direna.


Euskal Herrian indar politiko guztiak, inplizituki edo esplizituki, Europar Batasuna eta NATO erakundeak onartzen eta zilegiztatzen dauden honetan, beharrezkoa da 1986ko erreferendumaren espirituari berriro heltzea, bertan Hego Euskal Herriak ezetz esan baitzion NATOri. Beharrezkoa da, eta gure erantzukizuna da, gerra inperialistaren edozein aurrerapen eta legitimazio geldiaraztea (bai Europatik kanpo, bai barruan). Palestinar herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan, eta inperialismo atlantistak herri langileen aurka egiten duen erasoaldiaren testuinguru orokorrean, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu sozialdemokraziaren irtenbiderik gabeko bideen aurka egitea, sistema kapitalistaren basakeria eta bere genozidioak, NATO, Europar Batasuna, Espainiako eta Frantziako estatuak onartzera kondenatzen gaituztenak.

Horren guztiaren aurrean, Askapenatik klase borroka indartzera dei egiten dugu, Euskal Herrian eta gainerako herri langileekin batera, ofentsiba inperialistari aurre egin ahal izateko modu bakar gisa.

Orriak