Kurdistango askapen mugimenduak dioen bezala, historiak bi ibai ditu: bata, boteredunek idatzitako historia ofizialaren ibaia; bestea, herriarena. Mendeak dira Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean, unean uneko bertako agintari boteredun eta munduko potentzia zapaltzaileek guztia arpilatzen dutela, aberastasuna metatzeko xedez.
1978an, inflexio puntua ezarri zen historia honetan: kurduen askapen mugimenduaren sorrera eta herri gisa abiatutako askapen borrokaren hasiera. Kurdu eta langile izatearen kontzientziak bat eginda ekin zioten, eta hala jarraitzen dute egun ere. Are gehiago, urteen poderioz, emakumeen zapalkuntzaren inguruko nahiz emakumeen borrokaren inguruko hausnarketa oso indartsuak egin dituzte, eta ondorioak nabarmenak izan dira: emakume iraultzaile kopurua izugarri hazi da urtez urte, bai kapitalismoaren, bai patriarkatuaren aurka egiteko. Amedeko espetxeko erresistentzia, lehen ekintza armatuak, Konfederalismo Demokratikoa, Jinealoji, Kobane, autonomia aldarriak Bakurreko udaletan, Surreko erresistentzia, Afrin, Shengal, Gare...
Kurdistango herria bere historia idazten ari da eta, aldi berean, herri guztiok zapaltzen gaituen kapitalismo heteropatriarkala borrokatzen. Horregatik Askapenatik adierazi nahi diogu herri borrokalari honi geure elkartasun internazionalista, sistemari leku desberdinetatik eraso eginez eta elkartasunez soilik lortuko dugulako berau garaitzea.
Aurten Newroz eguna Euskal Herriko hainbat txokotan ospatuko da; Bilbon, Baigorri-Garazin, Donostian... erresistentzia eta elkartasun suak piztuko dira, eta su horiek piztearekin batera herri gisa bizirik gaudela aldarrikatuko dugu, aske izatearen hautua egin dugula eta horregatik eta horretarako borrokatuko garela. Su horiek piztearekin batera geuk ere bizitza erresistentzia dela aldarrikatuko dugu, zuekin batera.
[...]
Newroz pîroz be!
Biji berxwedana Kurdistan!
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria internazionalista!