Euskal Herriko eta munduko emakume* langileok, beste behin ere, gure nazioarteko eguna antolatzera behartuta gaude. Gaur gaurkoz, gure eskubideak aldarrikatu eta gure ahotsa kaleetara eramaten jarraitu behar dugu halabeharrez, bai martxoaren 8 honetan, eta bai urteko egun guztietan ere, heteropatriarkatuak eta kapitalismoak ez baitute beren oldarraldia eteten, minutu batez ere, munduko txoko bakar batean ere.
Oraindik ere, gaur egun, munduko emakumeok* zailtasun handiagoak ditugu heziketarako sarbidea izateko, lan-baldintza duinak izateko, erabakiguneetan egoteko, kalean lasai ibiltzeko, familia, lana eta bizitza soziala uztartzeko, eta abar. Mundu-mailan, pobreziak emakume* aurpegia du eta emakumeonganako* indarkeriak sistematikoa izaten jarraitzen du, bai indarkeria fisikoak, bai sinbolikoak, bai ekonomikoak.
Kapitalismoaren eta inperialismoaren eskutik helduta, heteropatriarkatuak dakartzan egiturazko zapalkuntzak eta indarkeriak bizitza duin bat bizitzea galarazten digu emakume* langileoi, eta bereziki arrazializatuei, pobreei, migratuei... are gehiago baldintza horietako bat baino gehiago gorputz berberean elkartzen zaizkigunean.
Mundu osoan, pobrezia feminizatua denez, emakumeok* gara krisi ekonomikoak pairatzen lehenak; gutariko asko soldatapeko lanetik kanporatuak izan gara eta lan informaletik bizirauten zuten askok bizimodu hori galdu egin dute. Covid-19 birusak eragindako krisian, herrialde kapitalistak beren ekonomiak salbatzen saiatzen diren bitartean, giza bizitzaren oinarrizko beharrak asetzen dituzten langileek beren bizitza lehen lerroan arriskatu dute. Emakumeok* gara arlo horietan lan egiten dugun gehienak: garbiketan, medikuntzan, erizaintzan, haurren zaintzan, adinekoenean, nutrizioan, hezkuntzan... Gu izan gara gizakiak mantentzeko eta milioika pertsona zaintzeko pandemia-egoeran lan egiten lehenak.
Azken urteotan, Euskal Herriko mugimendu feministak, beste hainbat herrialdetako mugimendu feministekin batera, zaintza-lanak duen garrantzia ulertu du eta horren inguruan borroka ugari artikulatzea lortu du. Hala, ulertzen ari gara kapitala eta bizitzaren artean kontraesana dagoela, kapitala eta lanaren artean kontraesana dagoen bezalaxe, eta bizitza eta zaintza erdigunean jarri ezean, egiturazko zapalkuntza batzuk betikotu egiten direla.