Gdeim Izik-en oroimenez, eutsi Sahara!

[...]

Gdeim Izik, duintasunaren akanpalekutzat ezaguna, borroka eta erresistentziaren adibidea dugu; saharar herriak jasaten duen zapalkuntzaren aurkako adibidea. Azken urteotan sahararrek behin eta berriz errepikatu diguten gisan, Sahararen deskolonizazioagatiko gatazka ez da auzi humanitarioa, gatazka politiko bat baizik, eta, horren aurrean, gure konpromiso eta elkartasun internazionalista agertu behar dugu. Gainera, herrialde inperialistek kooperazio-lana darabilte haien aurpegiak zuritzeko eta horrek sekulako kaltea eragin du Saharan. Kooperazio lan hori elkartasuntzat saltzen digute. Gatazka betikotu dute, konponbiderik jarri gabe mahai gainean eta, ondorioz, amaierarik gabeko gatazka bihurtu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, besteak beste, kooperazio proiektu horiek erabiltzen dituzte Marokoren okupazioarekiko konplizitatea estaltzeko; bitartean, ordea, sahararren lurrak ustiatzen dituzten enpresak diruz hornitzen dituzte.

 

Are gehiago, azken urte honetan, asko dira Estatu espainolean nahiz Euskal Herrian dauden enpresek Saharan eragindako basakeriak. Beste hainbat herrik egin duten gisan, palestinarrak adibidez, Gobernuen eta enpresen esku hartze inperialistaren aurka egiteko, Siemens Gamesa enpresaren aurkako boikot kanpaina abiatu dute. Enpresa horrek lantokiak ditu Euskal Herrian. Hori dela eta, internazionalismotik jazarpenaren konplize diren instituzio eta enpresak salatzeko dei egiten dugu , herri sahararri babesa emateko. Internazionalismotik halako dinamika kolonialistak salatzea dagokigu, baita elkartasuna aldarrikatzea ere.

 

Eten dezagun Marokoren blokeoa eta eraiki ditzagun saharar herriarekiko elkartasun eta internazionalismo zubiak!

 

Gora Gdeim Izik!
 Gora Sahararren borroka!
 Sahara hurra!

Elkartasuna Chadli Aloui kide siziliarrarekiko!

Duela urtebete inguru, Chadli Aloui, ikasle eta artista gazte siziliarrari kontrol bereziko neurriak ezarri zizkion Palermoko justizia auzitegiak. Chadli, Palermo erdiguneko auzo pobretuetako nerabe eta gazteekin egindako heziketa lanagatik ezaguna da eta herri gimnasioan entrenatzaile eta antzerki sozialetako aktorea izanik, ez ditu bere balore antiarrazista eta antifaxistak ezkutatu lan militantea egiterako garaian. Pertsona migranteen eskubideen alde, erraustegien aurkako borroketan, espetxeratutako gazteen alde eta Siziliaren defentsan ere aritu izan da Chadli.


Joan zen urtean "arrisku berezidun subjektu" izendatu zuten autoritateek eta ezarritako neurrien artean ondorengoak daude: bizi den herritik irtetzeko debekua, etxean egon behar du 21.00etatik 07.00ak bitarte (gainera, indar polizialak etxean azaldu daitezke edozein momentutan bere etxean dela segurtatzeko), gida-baimena kentzea, manifestazio, ekintza edota bilkura politikoetan parte hartzeko debekua...


Palermoko Justizia Auzitegiak ondoko arrazoiak erabili zituen Chadliri aipatutako neurriak ezartzeko: istiluetan parte hartu izana, egoitza publikoen okupazioa, indar polizialen aurkako erasoak eta eskuin muturreko mugimendu eta antolakundeetako kideak mehatxatu eta erasotu izana.


Bere aurka hartutako neurriek militantzia politikorako eskubidea larriki urratzeaz gain, aurrekari larri eta arriskutsua suposatzen du Siziliako disidentzia politikoarentzat. Gogoratu beharra dago, neurri berezi hau, gainera,  italiar faxismo garaiko kode penaletik oraindik orain mantentzen den neurria dela.


Gainera, duela gutxi polizia goizeko ordu txikitan bere etxera indarrez sartu zen eta Chadliren aita salatu eta Chadli bera atxilotu zuten. Bihar, azaroaren 3an, Chadlik epailearen aurretik pasatzeko bista du eta besteak beste, pasa den urtean ezarritako neurriak berraztertuko dizkiote.


Askapenatik gure elkartasunik beroena luzatu nahi diogu Chadliri eta Sizialiako lagun guztiei. Autoritate faxisten aurrean elkartasun antifaxista eta internazionalista adieraztea ezinbesteko betebeharra da. Konpromiso soziala ez da delitua!


CHADLI LIBERO!
L'IMPEGNO SOCIALE NON È PERICOLO SOCIALE!
NO ALLA SORVEGLIANZA PER CHADLI!

Herri palestinarraren borrokarekiko elkartasuna!

 

Urriaren 22an, autoritate sionistak beste behin saiatu dira erakunde palestinarren jarduera eteten eta borroka isilarazten, kriminalizazioaren bitartez. Egun horretan bertan, “terrorista” izendatu zituzten hainbat sektoretan herri palestinarraren eskubideen alde borrokan dabiltzan sei erakunde: Al-Haq, Addameer, Defence for Children International Palestine, Bisan Center for Research and Development, The Union of Palestinian Women’s Committees eta Union of Agricultural Work Committees, hain zuzen ere.

 

Zalantzarik gabe, beste errepresio eta kriminalizazio urrats bat gehiago da, Palestinaren askapenerako borrokan ari den erakunde eta mugimendu ororen aurka. Izendapen horren asmoa, zehazki, erakunde palestinarrak isilaraztea eta kolpatzea da, baita elkartasun internazionalista moztea ere. Oraingo honetan, emakumeen eskubideen eta gazteen nahiz presoen eskubideen alde lanean ari direnei zuzendu diete, bereziki, erasoa.

 

Estatu kolonial honetako autoritateen erasoek ez dute etenik. Herri palestinarraren autoantolatze eta erresistentzia adierazpen ororen aurka errepresioa darabilte eta, aldi berean, abiadura handian garatzen jarraitzen dute kolonizazioan, okupazioan, apartheidean, herria kanporatzean eta garbiketa etnikoan oinarritzen den proiektua. Hori guztia, nola ez, proiektu kolonial israeldarra sustatzen duten potentzia inperialisten babesaz eta inpunitate lotsagarri osoz.

 

Azken eraso honen aurrean, Askapena erakunde internazionalistak gure babesa adierazi nahi dio erasoa jasan duten erakundeei eta, bide beretik, gure elkartasun osoa helarazi herri palestinarrari, askapenerako borrokan. Konpromiso osoa hartzen dugu kolonizazio sionistaren krimenekiko konplize den oro salatzeko Euskal Herritik.

 

Sarritan esaten da inperialismoaren eta kapitalismoaren aurka borroka egiten dugun guztion auzia dela auzi palestinarra. Bide horretan, beraz, ondoan gaude.

 

Hamaika herri, borroka bakarra!
Gora Palestina askatuta!

Elkartasuna Euskadi-Cubari

Asko dira, hainbat urtez, Kubaren aurka egindako blokeo saiakerak. Azken urteotan, hain zuzen ere, askotarikoak izan dira Kubako herriak jasan behar izan dituen erasoak, pandemia betean ezarritako zigorrak, kasu. Uda honetan, komunikabide hegemonikoak gobernuaren aurkako mobilizazioak erakusten saiatu dira, Miami eta Estatu Batuen diruz hornitutako kubatar sektore baten eskutik. Ondo dakigu, ordea, komunikabideetan saltzen duten egoera ez datorrela bat Kubako benetako errealitatearekin; hau da, komunikabide hegemonikoek potentzia inperialisten interesei erantzuten dietela. Dena den, Cubainformación gisako komunikabideei esker, Kubako errealitatea hobeto ezagutzeko aukera daukagu; saltzen zaigunetik aldentzeko aukera ematen digute. Baina, noski, horrek kontrairaultzaileei molestatu egiten die.

 

Azken egunotan, saiakera argiak ikusi ditugu Cubainformacion komunikabideak eta Euskadi-Cuba eragileak egiten duten lanari oztopoak jartzeko: El Correo moduko egunkarietako albiste faltsuak, salaketak kideen aurka... Eragile honen aurkako erasoak Madrileko talde faxista batek hauspotu ditu eta Euskadi Kubaren eta bertako kide den Jose Manzanedaren aurka prozesu judiziala abiatu dute.

 

Askapenatik gure babes oso helarazi nahi diegu bai Euskadi-Cubari, bai Jose Manzanedari; haien lana guztiz beharrezkoa dugulako Euskal Herritik elkartasuna bidali eta borroka internazionalista egin ahal izateko.

 

Gora Kubako iraultza!
Hamaika herri, borroka bakarra!

 

Askapena, 2021eko urriaren 13an.

Orriak