* Bideoa: Khalida Jarrar FPLPko parlamentariak deportatzeko agindua jaso zuen pasa den abuztuaren 20an, 24 ordutan bete beharrekoa. Geroztik, Palestinako parlamentuan da jendez inguratua itxialdia eramaiten. Bertan izan ziren euskal herriko brigadistak ere eta Khalidarekin egoteko aukera izan zuten eta Euskal Herrirako mezu hau jaso. INFO+
Albiste pozgarria izan dugu aste honetan bai Gazako biztanleentzat eta baita Palestina bihotzean daramagun milioika lagunontzat ere. Palestinarrek, beste behin ere, erresistentzia, ezinbestekoa dela erakutsi digute eta sufrimendu amaiezinaren erdian, irribarrea bilakatu dira munduko herri borrokalariontzat. Su etenerako akordio erdietsi dute Israeleko Estatu Sionistak eta Palestinar Erresistentziak. Gazako blokeoa arintzeko eta mugetako igarobideak zabaltzeko akordioetara iritsi ziren, Gazako egoera tamalgarria pixka bat bada ere lasaituz. Honegatik bete dira alaitasunez Gazako kale birrinduak.
Keinu txikiena ere ospatzera ohitu gaituzten honetan ordea, palestinarren egunerokotasunak eta zapalketa etengabeak berehalakoan sakonago hausnartzera bultzatu behar gintuzke: Okupazio militarra, Apartheidaren Harresia, atxiloketak, hildakoak, erbestea, Check Point ak, etxeen erauzketak, kolonizazioa… Palestinarren eguneroko ogi diren kontu hauetaz hitz erdirik ez diote ordea, ez komunikabideek eta ezta nazioarteko agintari ustelek ere. Eta nekez biziko dira bakean palestinarrak, aipaturiko hauek eta beste hainbat eskubide zapaltzen zaizkien bitartean.