Orain 28 urte euskal herritarrok zita berezi baina esanguratsua izan genuen hautesontziekin. 1986ko Martxoaren 12 hartan, papeletaz papeleta, kalez kale, lantegi, instituzio, herriko plaza zein ikastetxeetan, mitin, manifestazio, kontzertu edo ekimen ezberdinetan aldarrikatutako ideia letra larriko lerro buru bilakatu genuen; “Ezezko borobila OTANi Hego Euskal Herrian”.
Espainiar Estatua 1982an sartu zen Aliantza Atlantikoan edo OTANen (Organización del Tratado del Atlántico Norte). Erabaki hark espainiar eta euskal eskuin indarraren onespena jaso bazuen ere, jakina zen euskal herritarren gehiengoa ez zetorrela bat erabaki harekin. Hala erakutsi genuen lau urte beranduago, Konstituzio Espainiarrarekin egin bezala. Ikasleak, gazteak, euskalgintza eta kultur mugimenduko kideak, langileak... euskal herritarrok azken batean, beste behin ere gure nortasun eta izatea aldarrikatu genuen, gure lekua eta gure munduaren ikuskera. Zapaldutako herri izaki, beste edozein herriren zapalketaren aurka geunden, guretzat herrien arteko harremanak elkartasunean eraiki behar direlako, sortzeke dugun itun baliotsua, bestalde.