Maiatzaren lehena, bizitzaren alde

 

Bizitza aldarrikatu genuen urtarrilean hego Euskal Herriko kaleetan; pertsianak jaitsi, lantokiak itxi eta lanari uko egin genion, kaleak aldarrikapenez betetzeko. Gaur, maiatzaren lehenean, bizitza eta kapitalaren arteko talka inoiz baina agerikoagoa da.


Kapitalaren birkonfigurazio testuinguru honetan, munduko potentzien arteko lehian erasoaldi inperialistak biderkatu dira, eta orain, COVID-19a  baliatzen ari dira, prozesu hori azkartzeko. Argi izan behar dugu, kapitalak bere interesak elikatzeko erabiliko duela pandemia egoera hau;  aberastasunen metaketarako jazarpen-mekanismo berriak prestatzeko aitzakia izan da, eta izango da gerora ere.


COVID-19 birusari esker askoren maskarak erori dira eta, hitzetatik harago, praktika zein neurriek erakutsi digute benetan zeintzuk diren haien interesak, zein haien herria eta zeintzuk euren lehentasunak. Osasuna eta bizitzaren gainetik, aberastasuna, garapena eta kontrol soziala izan baita, berriz ere, babestu  eta indartu dutena.


Egoera honetatik ordea, bestelako ikasgai batzuk ere atera ditugu. Batetik, Euskal Herriko jendartean sektorerik zaurgarrienak zeintzuk diren. Bestetik, instituzio zein egitura ekonomiko kapitalistekiko dugun menpekotasuna zenbaterainokoa den. Izan ere, gure osasunak, lanpostuek eta bestelakoek kontrol pribatu eta interes partikularrei erantzuten dieten heinean, esklabo gara. Eta bukatzeko azken irakaspena eta Herrien Nazioarteko Asanbladaren maiatzaren leheneko kanpainarekin bat eginez, langile klasea dela Euskal Herria eta mundua sostengatzen duena.


Lehen aipatu bezala, Kapitalaren birkonfigurazio honetan, jadanik egoera gogorra bizitzen ari bagara, argi izan behar dugu etortzekoa dena ez dela batere xamurra izango. Kapitalak atera ez duen etekina herriaren kontura berreskuratzeko neurriak aurreikus ditzakegu, eta besteak beste, dagoeneko altua den pobrezia tasa igotzen ikusiko dugu, lan baldintzen prekarizazioa biderkatuko da eta kontrol soziala estutuko.  


Horregatik, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu Euskal Herrian gure identitatearen parte den auzolan eta komunitatearen defentsari heltzeaz bat, klabe ofentsiboetan eta eraikuntza parametroetan antolatzea.  Etxebizitza bloke, kale zein auzoetatik hasita, herri eta komunitateak saretu eta elkartasun dinamikak lantzeaz gain, menpekotasuna zein zapalketatik askatuko gaituzten harreman zein espazio berriak eraikitzea dagokigu. Eta bide horretan, munduko herrietatik gurera ekar ditzakegun hamaika borroka esperientzia ditugu. Besteak beste, Greziako klinika sozialak, Argentinako lantegi berreskuratuak, Kurdistango autonomia aldarriak, Venezuelako kontseilu komunalak, Italiako auzoetako elkartasun sareak, Boliviako herriak estatu kolpearen aurrean antolatutako erresistentziak eta nola ez, Kubako herritarren eta medikuen erakustaldi internazionalista.


Kapitalak bere alde erabiliko du egoera, hori ukaezina da. Euskal Herriko herri mugimendu, langile eta sektore antolatu orori dagokigu, aldaketa herriaren alde ekartzea, herri boterea artikulatzen jarraitzea eta egoerak aurkezten dizkigun aukerak ondo aprobetxatzea.

 

Bizitzaren alde, gora langileon borroka!

Elkartasun internazionalista, ezinbesteko txertoa

Urte berriarekin batera mende honetako krisi sakonena bizitzen ari gara. Oraindik goiz da krisi honek utziko dituen ondorio zehatzak jakiteko, baina hasi gara dagoeneko albo-kalteak geure azaletan bizitzen. Garbi dagoena da, ordea, ez direla herri langilearen onurarako izango, krisi honen gidaritza bere gain hartzen ez badu behintzat.

 

Parametro geopolitikoetara jotzen badugu, Txinak AEB ekonomikoki aurreratu duela erakusten dute datuek, baita AEB eta EB dekadentzia azkartu batean sartu direla ere. Aurretik bazetorren joera hau, birusak areagotu besterik ez du egin. Errusia eta Txina krisi honetatik indartuta aterako direla ematen du, eta erdigune inperialista Pazifikora mugitu daitekeela. Kapitalaren birkonfigurazio bat dagoela gutxik ukatuko dute ezinbestean. Baina aipatutako aldaketa hauek, borroka inter-burgesen ondorioak dira soilik.

 

Dena den, ez diogu birkonfigurazio honi garrantzirik kendu behar, mundu mailan ematen diren aldaketek eragin zuzenak baitituzte gure baitan. Munduko hainbat zonaldetan askotariko formak hartuko ditu krisiarekiko erantzunak baina zeintzuk izango dira birkonfigurazio horren eragin praktikoak Europako herri langileontzat? 2008ko krisi ekonomikotik hona, dominazio sistema honek berezkoak dituen ezaugarrien gogortzea ikusi dugu etengabe: ipar eta hegoaren arteko arrakala, autoritarismoa, eskuin muturraren indartzea, lanaren prekarizazioa, langileen eskubideen kontrako etengabeko erasoa, mugikortasun askearen etetea, biolentzia matxistaren sakontzea, arrazakeria, kontrol soziala, Estatuen zentralizazio prozesua, Donbass, Libia eta Siriako gerrak…

 

Covid-19aren pandemiak, prozesu hau azkartu besterik ez du egin; finean, etekinen metaketarako jazarpen-mekanismo berriak prestatzeko aitzakia izan da. “Shock doktrina” erabiliz Estatuak, nahitaez sortuko den herri langilearen erresistentzia ekidin nahian, neurri erreakzionarioak aplikatzen saiatuko dira. Aspaldi aurreikusten genuen krisi ekonomikoari erantzuteko kapitalak berregokitzeko duen estrategia da gure azaletan hemendik aurrera pairatuko duguna, kapitalak atera ez duen etekina herriaren kontura berreskuratzeko. Horrela, astez aste, gogortzen joan den gerra politika baten bitartez, pandemiaren aitzakia probestu dute langileon eskubideak are gehiago mugatzeko: pribatutasuna (geolokalizazioaren bidez), lantokietan grebarako eskubidea kolokan jarri, lan osasunerako eskubidea, indarkeria polizialaren areagotzea...

 

Dominazio sistema kapitalista inperialista hetero-patriarkalaren aurrean, guk burujabetza sozialista internazionalista eta feminista dugu jomuga. Tamalez, jakin badakigu bide luzea dugula egiteko eta soilik borrokatuz lortuko dugu gailurrera heltzea. Bide horretan, guk argi dugu, internazionalismoa ezinbesteko tresna dela, izan ere, herrien arteko elkartasunean eta sustenguan oinarritu gabe ezinezkoa izango baita sistema iraultzea. Ziurgabetasunez beteriko momentu zail hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoak diren hiru elementu jarri nahi genituzke mahai gainean:

 

Lehenik, munduko herri langileok elkarrengandik ikasteko beharra azpimarratu nahi genuke. Munduan eta historian zehar, kapitalismoaren basakeria ahalbidetzen duten hamaika forma ikusi dugu. Baina, era berean, hamaika dira ere kapitalismoaren aurrean antolatu diren herri botere esperientzia eta erresistentziak (Venezuelako komunak edota Grezia eta Argentinako fabrika berreskuratuak esaterako). Horietatik ikastea ezinbestekoa izango da, gure herriaren eta gainontzeko herrien defentsan antolatu beharko ditugun erresistentziak aktibatzeko.

 

Bigarrenik, elkartasun internazionalistaren aldeko apustua egiten jarraitzea dagokigu. Eredu gisa, balioan jarri nahiko genuke beste behin Kubako herriak antolatu duen elkartasun uholdea. Ahaztu gabe, elkartasun horren hartzaileen artean, Kuba bera blokeatzen duten Estatuak ere badaudela (EBren parte den Italia, adibidez). Herrien arteko elkartasunaren arloan behin eta berriz irakaspenak ematen dizkigu Karibeko uharteak.

 

Hirugarrenik, aliantza eta estrategia komunen beharra azpimarratu nahi genuke. Inperialismoak, bere lehia inter-burgesaren gainetik, herri langilea zapaltzeko estrategiak konpartitzen ditu. Dominazio sistemaren iraunkortasuna eta erreprodukzioa bermatzeko egitura ekonomiko, politiko eta ideologikoak jartzen ditu haren zerbitzura; horretarako behar diren aliantzak egonkortuz. Modu berean, ezinbestekoa da herri langileon arteko aliantzak josi eta estrategia komunak garatzea. Batez ere, eta gurera ekarrita, sistema antolatzen den egituren aurka borrokatzeko: Estatuak, transnazionalak, EB, NATO, EBZ...

 

Hiru elementu hauek izango dira, gure herri eta auzoetako askatasunaren aldeko eguneroko borrokarekin batera beste agertoki batera heltzeko ezinbesteko elementuak. Ez ditugu emaitzak bat-batean nabarituko, baina, hauek gabe, ziur gaude ez dugula zapaltzen gaituen sistema hau garaitzerik izango; ez gurean, ezta munduan ere.

 

Inoiz baino argiago geratu da haien dominazio sistemapean soilik bi aukera ditugula zapalduok:  haien interesen arabera jardunez, gure bizitza egoera ankerretan luzatzea onartzea edo egoera onartu ez eta iraultzea. Rosa Luxemburg-ek sozialismoa ala basakeriaz hitz egiten zigun XX. mende hasieran. Justo de la Cuevak, berriz, komunismoa ala kaosa aipatzen zuen 90eko hamarkadan. Egun, mugimendu feministak ere, kapitala ala bizitza kontrajartzen dizkigu. Denbora igaro ahala, gure aukerak murrizten doaz. Beraz, ez al dugu ordua erabaki bat hartzeko? Egin dezagun behingoz gure askatasunaren aldeko hautua. Kubak ondo baino hobeto irakatsi digu elkartasun internazionalista dela herriok nahi ala ez behar dugun txertoa. Guk argi daukagu: aberria ala hil! Irabaziko dugu!

Venezuelako errepublika bolivartarraren egoeraren zertzelada batzuk, labur-labur (7-8/8)

Behetik eraikitako Estatu komunal bat sortzeak kolokan jartzen du guztiz Estatu kapitalistaren egitura. Aurretik esperientzia batzuk bazeuden ere, Chávezi aitortu behar zaio epe luzerako ikuspegi eraldatzaile eta ausarti honen aldeko apustu estrategikoa, Estatu burgesaren egiturak erabiliz Estatu hori bera gainditzea ezinezkoa dela egiaztatuta. Hasieratik marxismoak Estatuaren aferari arreta jarri badio ere, ez dago esperientzia arrakastatsurik sozialismoa eraikitzeko behin Estatu burgesaren aginte politikoa lortuta bere eremu eta logiketan arituz. Kontrakoa bai. Izan ere, Estatu burgesak eskaintzen dituen bideak erabiliz sozialismoa eraikitze-saiakera gehiegi odolez ito dituzte. Horregatik, Venezuelan irekitzeko bide berri honek, Estatu komunalaren eraikuntzak, erronka originala suposatzen zuen.

 

Tartea badago ere (historikoa, geografikoa, sozioekonomikoa…), asmo honek sobieten eredua jasotzen du neurri handi batean. Proiektu erraldoi honek jendarte berri baten antolaketaren osagai ezberdinak barnebiltzen ditu: ekoizpena, ekoizteko baliabideen (lurra barne) jabegoa, erlazio ekonomikoak, parte-hartzea eta erabakitzeko prozedura, segurtasuna, autodefentsa… Planteamentu honek herriaren protagonismoan eta ahalduntzean jartzen du gakoa. Boterearen gaia da gakoa, Leninek Estatua eta Iraultza idazkian oso ondo azaldu zuenez. Estatu komunala osatzeak Estatuaren eredu kapitalista gainditzea suposatuko luke, nazioarteko kapitalismoaren aurkako borrokan jauritiki zuzen bat izanda (edozein kasutan, ezinbestez beste herri batzuekin batera garatu beharreko borroka, inperialismoaren kontrako nazioarteko fronte zabal batean kokatuta).

Munduko preso politikoak askatu!

Gaur, Preso Politikoen Nazioarteko egunean, geure besarkada estu eta iraultzaileena helarazi nahi diegu munduan zehar espetxean diren askatasunaren aldeko borrokalari guztiei.
2004an Euskal Herriak jaso zuen Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzian adostu zen apirilaren 17a izendatzea Preso Politikoen Nazioarteko Egun gisa. Konferentzia horretako hasierako manifestuan esaten zen moduan, preso politikoen jatorri eta izaera politikoa da, aitortza hau ezinbestekoa da beraiek ondorio diren gatazken gainditze bideari ekitekotan.
Horregatik, agiri honen bidez, geure errekonozimendua adierazi nahi dugu munduko preso politikoekiko, honela munduko herrien askapen borrokak geure egiten ditugulako, eta preso politiko guztien askatasuna exijituz, herrien askatasunaren aldeko oihua lau haizetara zabaldu nahi dugulako.


Manifestu Internazionalistan adierazten genuen moduan, nekez bizi gara jendarte eredu honetan, non soldatapeko esplotazioak eta zapalkuntza heteropatriarkalak herritar gehienak injustizia eta miseriara kondenatzen gaituzten. Nekez bizi gara, plusbalia pilaketak eta irabazien arteko konpetentziak arautzen dutelako, bidegabeki eta irrazionalki, ekinbide produktibo eta soziala; eta beharrizan sozial, politiko edo ekologikoen gainetik errentagarritasunaren irizpideak nagusitzen direlako. Nekez bizi gara, kapitalismoaren biziraupenerako, jazarpen ekonomiko, politiko-ideologiko eta militarraren bitartez, merkatuari eremu sozial eta geografiko berriak bidegabeki oparitzen dizkion sisteman.
Menderakuntza kapitalista, matxista, xenofobo, bortitz eta hedakorraren emaitza da inperialismoa, estrukturalki estatuek mantendua eta mundu mailan ezarria, klase eta herrien arteko banaketaren bidez.


Ondorioz, herrien burujabetza, klase independentzia eta independentzia nazionalean oinarritua, herri langileon premia da, hain zuzen ere, menpekotasun ekonomiko, politiko eta kulturaletik aska gaitezen. Borroka hau zilegi zaigu erabat gurean bezala estaturik ez dugunon kasuan edo estatua burgesia lokal, nazional edo transnazionalen eskuetan duten herrienean.


Horrela, herrien arteko desberdintasun soziokulturalen edo tradizio politikoen gainetik, helburu estrategiko bera dugu: geure askapen nazional eta soziala, alegia.
Eta tamalez, ez da askapen borrokarik errepresiorik gabe, ez da askapen borrokarik errepresaliaturik gabe, kontziente gara honetaz: Helin Bolek, Txileko herri altxamenduko kide espetxeratuak, herri zapalduaren askatasun grinari espetxean ere gogor eusten dioten palestinar presoak, gose grebaren determinazio erabatekoa duintasunez erakusten duten preso kurduak, espetxetik ere elkartasuna helarazten jarraitzen duten preso saharauiarrak... Hamaika izen abizen askatasunaren aldeko borroka anonimoan etsaiaren atzaparretan eroriak eta bere erraietan tinko eta duin dirautenak, euren herrien moduan.


Eta Euskal Herriaren moduan, horrexegatik ere doakizue lerro hauetatik Askapenako kideon partez geure besarkada internazionalista iraultzaile eta maitasunez bete betea espetxe frantses zein espainoletan zaudeten euskal preso politiko guztiei, banan bana.


Internazionalismoak ez du inongo zentzurik gure herriaren eraikuntza nazional eta sozialaren proiektutik kanpo. Euskal Herri sozialista, euskaldun eta feminista lortzea ez da soilik euskal herri langilearen interes estrategikoa, baita sistema kapitalista-inperialista-patriarkala gainditzeko borrokan diharduten gainerako herri langileena ere. Horrela, gure helburu estrategikoak gauzatzeak (zazpi herrialdeendako estatu sozialista bat), aukera paregabea eskainiko lioke herri honi gainerakoekin benetako politika internazionalistak garatzeko. Hauxe izango da, hartara, gainerako herriei euskal herri langileak egin diezaioken elkartasun ekarpen handiena.


Borrokaren alderdi guztiak zeharkatu eta bustiko dituen osagai internazionalista sendo bat behar dugu, eraikuntza nazional eta sozialeko parte-hartze alor guztietan eta borroka sektorial bakoitzean jardungo duena.


Horrexegatik guztiagatik, internazionalismoa giltzarri askatzaile guztiz beharrezkoa da gure askapen prozesuan; eta zer esanik ez, egiturazko krisi kapitalista honen barruan. Kapitalak eta estatuek sortutako eraso ekonomiko, politiko eta militar honen aurrean, herri langileon arteko batasunean eta elkartasunean sakondu beharko genuke, aterabide antikapitalista, feminista, antiarrazista, antifaxista eta antiinperialista eraiki dezagun.


Orain arte herri honek egindako bidetik jarraiki, zuen eredua aintzat hartuz, ezinbestekoa dugu.


2004Ko Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzian adierazi moduan, gatazken jatorrian diren eskubide eta errealitate ukatuak errespetatuz, borroka egiteko arrazoiak gaindituz, preso politikoen egoerak ere bideratuko dira askatasunerantz. Eta horrexegatik borrokatzen gara munduko preso politiko guztien askatasuna lortzeko, munduko herrien askatasunaren alde borrokatzen baikara; betiko moduan, lehen pausoa Euskal Herrian emanaz.


Gora munduko preso politikoak!!!

Orriak